Denak du bere garaia eguzkipean


“Denetarako garaia eta gauza bakoitzarentzako sasoia dago eguzkipean:
jaiotzeko garaia eta hiltzeko garaia;
landatzeko sasoia eta sustraitik ateratzekoa;
erailtzeko garaia eta sendatzeko garaia,
eraisteko sasoia eta eraikitzekoa;
negar egiteko garaia eta barre egitekoa,
damutzeko garaia eta dantza egitekoa;
harriak botatzeko garaia
eta harriak jasotzeko beste garaia,
elkar besarkatzeko garaia
eta banantzekoa;
bila aritzeko garaia
eta galtzekoa,
metatzeko garaia eta xahutzeko garaia;
urratzeko garaia eta josteko garaia,
isiltzeko garaia eta mintzatzekoa;
maitatzeko garaia eta gorrotatzekoa,
gerra garaia eta bake garaia.”

Gaur Zuzeuk lau urte egin dituela jakin dut. Ezustean. Ez baitut orduoro orainkariaren leihoa zabalik, duela hiru, duela bi edo duela urtebete nuen bezala.

Gaur Zuzeuk urteurrena duela irakurri dut. Eta Zuzeuko jendeari eta irakurleei eta nire buruari iruzur egiten arituko banintz bezala sentitu naiz azaroaren erdialdetik ezer argitaratu gabe nagoelako.

Gero gogoratu dut denetarako garaia eta gauza bakoitzarentzako sasoia dagoela eguzkipean, isiltzeko garaia eta mintzatzekoa, alegia, Kohélet-ek K.a. 200-300 urtetik idatzia utzi zuen bezala.

Berriz ere garaia iritsi zain (teklatua aurrean) egongo naiz bada, nola ez. Bitartean… urte askoan, ZuZeu!

denbora, garaiak, Gizakia, gogoeta
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz