Dena da adinarengatik

Dena da adinarengatik –

Saioa Alkaizak Nafarroako Hitzan.

Haritzek 23 urte dauzka, filologia titulu bat eta Bigarren Hezkuntzako Irakasle Masterra ateratzeko premia, gogorik ez duen arren eta adin horretako nerabeak gorroto baditu ere. Izan ere, ez da besterik lan munduan, eta irakasle bat beti izanen da funtzionario eta funtzionario batek ez du kontu korrontean zulorik izanen. Akituta dago, logela bat 300 euroan dagoelako alokairuan, ez duelako bikotekiderik bere lagun gehienek ez bezala eta, batez ere, ez dakielako zer ari den. Ez dakielako zer egiten duen bere bizitzarekin. Ahoa irekitzerako eskapatu zaio bokazioa.

Dena da adinarengatikMertxek ezkertiarra izatearen uste irmoa eta urteetan batzarretan pasatako orduak dauzka bizkarrean. Motxila baino ez du eramaten asteburu-pasa mendira doanean, liburu batzuk, mendiko arropa eta deskonektatzeko gogoa. 36 urte dauzka. Deskonektatzeko gogoa, lan gehiegi egiten duelako, 9-10 ordu egunean, baina elkartasunean oinarrituta gizarte ekonomiaren alde egiten duen kooperatiba batean. Haurdun geratzen ez delako dago larri, eta etxebizitza kooperatibatik atera eta merke ikusi berri duen pisua erosi nahiko lukeelako. Bere buruarekin kooperatu nahiko luke, aldatzeko.

Arratek 40 urte dauzka. Zenbaki borobila. Eta inoiz ez du izan nahi izan etxe bat jabetzan, eta barre egin izan du haren kuadrillakideez, ezkutuan hori bai, komunean zein azuleju ipiniko zuten eta sukaldeko plakan zenbat su behar zituzten erabakitzerakoan. Batzuetan, 40 urte horietan pentsatzen du eta borobiltasunak puxtarriaren tamaina hartzen duela iruditzen zaio eta zintzurrean behera trabatzen zaiola. Orduan, gelan geratzen da isil-isilik eta argia itzalita, buruko mina noiz pasako, baina, halakoetan, pentsatzen du agian arnasa hartzeko gaitasuna ahantziko zaiola eta beldurtzen da, zer gerta ere, arnasestuka hasi bitartean. Antsietate krisi bat duela pentsatuko luke hori zer den jakinen balu. Ilargi betea dago, ordea, eta hark ongi daki jakin ilargi betearen kulpa dela. Ezin du begirik bildu eta horregatik bi ilargi dira haren begi nini urdinak.

Aimarrek Audi beltz bat dauka, beltz metalizatua, A3 bat, larruzko eserlekuekin eta gama altuko osagarri guztiekin. Dena esan beharra badago, Interneta ez du inoiz erabiltzen eta Bluetootha zertarako den ere ez daki zehazki, baina badu. Horrez gain, bi alaba ere badauzka: Joana eta Mikele. Lehena, 2010ekoa, Espainiak mundiala irabazi zuenekoa eta bigarrena bi edo hiru urte gazteagoa, gehienez jota lau. Aimarrek 50 urte dauzka, hiru ardotxo hartzen ditu egunean, eta kezka handia du ximurrak atera zaizkiolako begi ertzetan eta begi zuloak aski markatzen zaizkiolako hamar orduz lo eginda ere. Aita eredugarria dela esaten dio bere buruari, autoko aire girotuaren zirrikituak mimoz garbitzen dituen bitartean.

Interneten sartu dira laurak, barruko ezinegonari hitzak jarri nahian. Ikusi dute, hurrenez hurren, 20 urteen bueltako krisia, 30 urteen bueltako krisia, 40 urteen bueltako krisia eta 50 urteen bueltako krisia existitzen direla, adituek hala izendatuta. Lasaiago geratu dira. Ez da haiena beren bizitzen kaosaren gaineko ardura.

Dena da adinarengatik Dena da adinarengatik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.