“Dekretuz euskalduntzea” ez da euskalduntzea

3670865649_5a99767dc2Eusko Jaurlaritzak iragarri zigun 2011. urtearen bukaera aldera dekretu bat aterako zuela, herritar batzuei euskara ziurtagiriak emateko: unibertsitateko ikasketak euskaraz egin dituztenei EGAren pareko maila aitortuko die, DBHren erdia euskaraz ikasi dutenei B1 maila, Batxilergoaren erdia euskaraz egin dutenei 2. hizkuntz eskakizuna… Siglen saltsa horren erdian arriskua dugu arazoaren muina zein den ez konturatzeko.

Eta arazoaren muina hau da: Jaurlaritzak euskara maila bat aitortuko dio euskara mailarik ez duen jende multzo bati. Iritziez harago, Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindutako ikerketen ondorio nagusia da hezkuntza sistemaren baitan ikasle batzuk ez direla iristen euskara maila jakin batzuetara. Hona hemen 2005eko txostenean Josu Sierra Orrantia garai hartako ISEI-IVEIko zuzendariak adierazitakoa: “Irakastereduek lortu dezakete maila jakin bat edo bestea, baina ez batak ez besteak ere ez du ziurtatzen ikasle guztiak “euskaldunak” izango direnik”. Ezin da besterik ondorioztatu datuak irakurrita: 2005eko ikerketaren arabera, DBH4 mailako ikasleen %53,7k gainditu zuten B2 mailaren pareko euskara proba[1], eta, 2007ko ikerketaren arabera, berriz, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen artean %56,7k gainditu zuten B1en pareko euskara proba[2].

Bestalde, bada kontu harrigarri bat. Jaurlaritzak orain arte euskara azterketak nazioartean horretarako irizpideak paratzen dituzten erakundeekin bat eginik diseinatu ditu, kalitatezko egiaztatze sistema bat lortu nahian: ILTA, ALTE eta EALTArekin, eta azken biekin batera Europako Kontseiluarekin. Izan ere, HABE EALTAren sarean dago gaur egun, eta Jaurlaritzaren EGA titulua ALTEko kide da. Eta orain, halako batean, dekretuz egiaztatu nahi da herritarren euskara-maila. Baina argi dago horrela Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoan proposatzen diren ebaluazio irizpideak hankaz gora jartzen direla. Erakunde horien arabera, azterketarien gaitasun komunikatiboaren maila neurtzeko bi printzipio nagusi bermatu behar dira: ebaluazio prozesuen kalitatea eta zuzentasuna. Eta horretarako, oinarrizko irizpideak bete behar dira: azterketen baliotasuna, proben konparagarritasuna eta egonkortasuna, eta zuzenketen fidagarritasuna eta zehaztasuna.

Dudarik gabe, Jaurlaritzak orain planteatzen duen egiaztatze sistemak ez ditu irizpide horiek betetzen, eta ez du batere berme teknikorik. Talka egiten du, bete-betean ebaluaziorako oinarri zientifiko guztiekin. Ez dago bidezidorrik; ez da onartzekoa euskaldunen euskara maila dekretuz neurtzea.

Sierra Orrantia jaunaren adierazpenaren arrastotik, galdera bat egin nahi dugu: irakastereduek ikasle euskaldunak izatea ziurtatzen ez badu, zergatik ziurtatu behar du hori dekretu batek?

Ikerketa horiek ez ezik publikoak diren gainerako txostenek ere gauza bera utzi dute agerian, eta jakin nahiko genuke publikoak ez diren txostenik ba ote duen Jaurlaritzak hizkuntz politikan estrategikoak diren neurriak hartzeko eta dekretua indarrean jartzeko. Gehiago ematen du entelekia bat sostengatzen ari direla: Irakastereduek euskalduntzen dute eta kito! Izan ere, Jaurlaritzaren argudio bakarra Blanca Urgell Kultura sailburuaren hitz hauek laburbiltzen dute: “Herrialde batean hizkuntza bat ofiziala bada, ez da normala herritarrei hizkuntza ofizial horren ziurtagiria eskatzea administrazio publikoko lanpostu bat eskuratzeko”. Gauza bera esan zezakeen Nafarroako Gobernuko kide batek, Nafarroan ere hasiak baitira ikasketak euskara ziurtagiriekin parekatzen.

Gure ustez, hausnarketa horrek bi hutsune ditu. Alde batetik, galdera honi erantzutea falta zaio: Normala al da berezko hizkuntza euskara duen lurralde oso batean euskara ofiziala ez izatea? Eta, beste alde batetik, esaldiari bigarren zatia falta zaio: Toki batean hizkuntza ofiziala bada, zer da normala hizkuntza ofizial bateko hiztunarentzat? Ofizialtasunak bere horretan ez du bermatzen euskaraz normal jarduteko eskubidea -hau da, normalizazioa-. Beste hitz batzuekin esanda: Hego Euskal Herriko hizkuntz legeek euskarari lurralde jakin batzuetan (Gipuzkoan, Araban, Bizkaian eta Nafarroaren zati batean) ofizialtasun estatusa emateak ez dakar bere horretan euskara eta euskararen erabilera normala izatea. Gure aburuz, ofiziala izatea ez da lortutako helburua, baizik eta administrazioak euskararen alde neurriak hartzeko akuilua. Eta, horren baitan, administrazioari dagokio euskaldunari euskarazko tratua eman behar izatea. Horixe da normala, edo, horrek izan beharko luke normala. Euskaldunari, euskaraz. Eta euskararen legeek eta legeon garapenek (garapen ezak?) horretarako balio ez badute, esan nahi du legeek ez dutela euskalduna asetzen, ez EAEkoa, ez Nafarroakoa.

Legeez harago, logikaz dio euskaldunak euskaraz atenditu ahal izateko administrazioak langile euskaldunak behar dituela. Zer egin hori lortzeko? Egokiak dira administrazioko lanpostuak eskuratzeko euskararik gabeko hautaketa prozesuak?

Helburua bada administrazioa euskaraz nahikoa maila duten langileez hornitzea, hobe litzateke dekretuaren bidea alde batera utzi eta lanpostuen hautaketa proban bertan euskara txertatzea. Lanpostu baterako hautaketa probetan hautagai batek ez badu gaztelania maila txukunik erakusten, administrazioak ez du langilea onartzen, ez baitu erakutsi zereginotarako gaztelania behar bezala menderatzen duenik. Euskararekin ez da gauza bera gertatzen, eta dekretuaren bidetik ere ez da gauza bera gertatuko: nahikoa izango da hautagai batek dekretuak “euskaldundutakoen” multzoan dagoela ziurtatzea (Halako urtetan, halako tokitan ikasi nuen, halako eredutan…). Hori izango da lanpostu horretan aritzeko euskararen ezagutzaren aldetik “frogatu” beharko duen gauza bakarra. Horren ondoren, gaztelania hutsez egin ahal izango du hautaketa guztia.

Eta Hego Euskal Herriko udalerri euskaldun batzuen ordezkariak garen aldetik, kezka hau dugu: Zenbat “dekretu bidezko euskaldun” ekarriko dizkigute euskaraz lan egiten duten udalotara?

Argi daukagu bide horrek orain arteko desoreka mantendu ez ezik handitu egingo duela: gaztelania euskararen gainetik, erdaldunak euskaldunen gainetik. Bi hizkuntza ofizialen ezagutzari begiraturik, elebakarrak elebidunen gainetik. Eta hori egiturazkoa da, orokorra; ez da kasu isolatu bat.

Administrazioarekiko hartu-emanetan, egiturazkoak baitira horrelakoak: “Erdaraz hobeto, ezta?”, “Ez dakit nola esaten den euskaraz”, “Nik ez dut mailarik hori euskaraz egiteko. Berdin du erdaraz egitea, ez?”, “Agiri hau euskaraz? Es ke, agiria gaztelaniaz bakarrik dago, eta ni ez naiz itzultzailea”, “Aita! Ama! Nire irakasleak gauza batzuk erdaraz esplikatzen ditu!”… Eta, etorkizunera begira, bi aukera eskaintzen dizkigute: egoera betikotzea, edo herritarron poltsikoetatik “dekretu bidezko langile euskaldun horien” euskalduntzea ordaindu behar izatea.

Hemen, Euskal Herrian, eragile asko ari gara euskararen normalizazioan. Horien artean dago Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Geure gabeziekin eta akatsekin, hortxe gabiltza, tirrika-tarraka, udalerri euskaldunak euskaldun(ago) izateko borrokan pedal kolpeak emanez. Eta aurrera goaz euskararen normalizazioaren bide malkartsu eta gorabeheratsuan. Eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aldapa gogorra jarri digute dekretu bidez euskalduntzearen formularekin.

Errepidea lauago egin, zuloak estali, euskalgintzan ari direnei ura eskaini edo tarteko helmugetan sariak eman ordez, nahiago dute ibilbidean aldapak jarri. Baina trabak traba eta mugak muga, aurrera jarraituko dugu, argi daukagulako hau: zenbat eta bide malkartsuagoa egin, orduan eta gozamen handiagoa helmugara iristen garenean.

Sinatzailea: Maren Belastegi, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria, UEMAren Zuzendaritza Batzordearen izenean.


[1] “Euskararen B2 maila. Derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran (DBH4)”. ISEI-IVEI 2005. Eusko Jaurlaritza.

[2] “Euskararen B1 maila Lehen Hezkuntzan. Txosten orokorrak”. IVEI-ISEI. 2007. Eusko Jaurlaritza.

dekretua, euskara, ziurtagiriak
UEMA

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

Zer duzu buruan ““Dekretuz euskalduntzea” ez da euskalduntzea”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude