David Pla: “ETA desegiteko erabakia estrategikoa izan zen, irabazteko anbizioz hartua”

David Pla –

Enekoitz Esnaolak David Plari egindako elkarrizketa Berria egunkarian.


ETAren ibilbidearen bukaera fasea gertutik ezagutu zuen Plak, konponbiderako haren ordezkaritzako kidea izan baitzen, nahiz eta 2015ean atxilotu egin zuten. Bihar da urtebete ETA desegin zenetik. Esan du modu eraikitzailean aritu zirela. Eskuragarri dago elkarrizketaren bertsio luzea.

David Pla
Arg: GUIILAUME FAUVEAU (Berria)

 

Gaur hamabost geratu zen libre David Pla (Iruñea, 1975), Frantzian, Osnyko kartzelan, zigorra beteta, baina Espainiako Estatuaren euroagindu eskaera bat noiz ebatziko dago. Ekainaren 5ean aztertuko dute gaia, Parisen. Bi aste hauek gertukoenekin egoteko eta bizimodu normalerako paperak egiteko baliatu ditu Plak.

Bost urteko kartzela zigorra jaso zenuen joan den otsailean, Parisen. Ustekabea, onerako?

Justiziaren ikuspegia ez da oraindik aldatu, baina bagenuen konfiantzarik ikusita auziaren bilakaera, Auzitegi Kriminaletik Korrekzionalera pasatu zutelako. Zigorra mugatzen zuen horrek.

Epaileak zioen aintzat hartu zuela testuinguru politiko berria.

Bai, baina ez dute bere gain hartu. Falta da osotasunean hartzea.

Zer, zehazki?

Justiziaren bide arruntari heldu behar zaio, lehenik. Eta ezker abertzaleak aipatu izan du justizia trantsizionala ere. Zigorra eman ondoren baleudeke aukerak neurri batzuk hartzeko. Hor daukagu Ipar Irlandako erreferentzia.

ETAren bukaera fasea azaldu zenuten Iratxe Sorzabalek eta biok epaiketan. Zer helbururekin?

Iruditzen zitzaigun guk betetako mintzakidetzaren funtzioa esanguratsua zela. Epaile batek esan zigun egoera ez zela asko aldatu, biok atxilotu gintuztenean sasian geundelako, paper faltsuekin eta beste. Erantzun genion orduan aldatzeke zegoela klandestinitatearena, baina begiratzeko beste aldaketak, 2010etik aurrera ETAren erabakiz gertatutakoak.

2010a aipatu duzu. Ezker abertzaleak orduko otsailean plazaratu zuen Zutik Euskal Herria adierazpena. Estrategia aldaketaren mugarri izan zen. ETAk aitortu izan du bera «jokoz kanpo» harrapatu zuela eztabaida hasierak, 2009ko udazkenean.

Egoera konplikatua zen ezker abertzalearentzat, baita ETArentzat ere. ETA gako horietan bazegoen jada, baina urratsak eta denborak ez ziren berdinak, eta egia da une batean ETA tokiz kanpo aurkitu zela eta bere lekuaren bila aritu zela. Baina jakin zuen egokitzen, eta bere tokia berreskuratu zuen; Euskal Herriak eskatzen zion erritmoetan kokatu zen. Aski modu txukunean egin zuen bilakaera.

Aipatu izan da ETA ez zela behar beste prestatuta sartu negoziazio prozesuetan, zenbait eztabaida artean egiteke zituelako.

Negoziazio eskema klasikoaren garaiak ziren, aldebikotasunarena, eta, estatuarekin hitz eginda, akordio bat lortzen saiatzen zen. Horrek markatzen zuen prozesuaren arrakasta. 2011-2013korako ere prestatu zen ETA-Madril mahai bat, Europako herrialde batean, baina orduan ere Madrilek ez zuen borondaterik izan. Kasu hartan, ordea, ezker abertzaleak estrategia aldatua zuen jada, ezkerreko independentismoa indartzeko eta askapen prozesua beste era batera jarraitzeko. 2013tik aurrera gehiago landu zen.

Lehenago egin behar al zen estrategia aldaketa?

Horrelakoak esatea bentajista izatea da, nire ustez. Hau da, esaten denean presoak askatzeko azken bagoia halako prozesutan pasatu zela, ni ez nago ados. Izan ere, aurreko prozesuetan Espainiako Gobernua posizio horietan al zegoen? Zalantza handiak ditut. Espainiak negoziazio prozesuak beti gerra ikuspegi batetik jorratu ditu, eta beti ezkerreko independentismoa ahuldu nahi izan du.

ETA ekinean zela, ezker abertzale zabaleko ildo batzuetan ere auzitan jartzen zen borroka armatua.

Bai, eta zatiketaren batzuk gertatu ziren ezker abertzalean. Denborarekin, baldintza politiko batzuk eskuratu izan dira estrategia beste bide batetik bideratzeko, eta borroka armatua ardatz zuen estrategiaren agortze zantzuak azaldu ziren. Azkenean, denborak errespetatu egin behar dira. Lan handia egin da, eta oso baldintza konplikatuetan gauzatu da prozesua.

2013 hasieran, Osloko gunea deseginda, ETAk berriro diseinatu al zuen bere bukaera fasea? 

Bukaerako diseinua ez zen izan bat-batean borobildu zen zerbait. Estatuen posizioak ez ezik, eragile politiko eta instituzional batzuena ere kontuan hartu behar ziren. Beraz, diseinua moldatuz joan zen erakundea. Hori bai, negoziazio gunearen desegiteak erabat markatu zuen hausnarketaren berritzearen beharra. Estatuekiko eredu klasikoa agortua zegoen. Foro Sozialak 2013ko maiatzean ondorio batzuk plazaratu zituen; besteak beste, armagabetzeaz. Lehentasuna emanik, desarmatze prozesuari ekin zion ETAk; hasieran, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin [NEB] armategiak zigilatzen, eta gero hasi zen jendarte sozialaren parte hartzea. Ikusi zen Euskal Herriari begira egin behar zela prozesua, herriarekin batera. Ordu arte konponbide prozesuak ez zuen aurrera egiten, eta hori bazen oztopo bat estrategia aldaketaren garapenerako; eragin egiten zion proiektu politikoa gauzatzeari. Oso garrantzitsua zen ziklo aldaketa ahalik eta azkarren burutzea.

2017ko otsailean Gara-n esan zenuen ETAk udaberri hartan hasiko zuela aurrera begirako gogoeta prozesu bat. ETA artean armagabetu gabe zegoen…

Ez genuen nahi jendeak ondorioztatzea eztabaidak exijentzien kate bati erantzuten ziola; hau da, gogoeta iragarri gabe armagabetu, eta kanpotik batzuek presio modura erakundeari desegite faseari ekiteko exijitzea. Estrategia aldaketarekin eta askapen prozesuarekin lotzen zen eztabaida bat hasiko genuen, ETAri zegokiona eta ETAk bere kabuz hasiko zuena.

Baina armagabetzea luzatuko balitz asko, zer?

Jendeak bazekien ETAk armagabetzeko konpromisoa zuela. Erabateko konfiantza zegoen ETAren posizioekiko, eta lortu zen sintonia eta konplizitate bat.

ETA bukaera fase hori mamitzen ari zela gertatu zen Sorzabalen eta bion atxiloketa, Baigorrin, 2015eko irailean.

Ikusi zen zein zen estatuen jarrera. Lau urte ziren ETAk jardun armatuaren bukaera iragarri zuela, eta…

Urte bereko abenduan publikoki jakin zen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zinela.

Talde horretan nengoen, bai. 2011-2013ko negoziazio gunean ere hala nengoen, eta segitu genuen, bazeudelako lan batzuk egiteko.

Bukaera fasean ETAren zuzendaritza Euskal Herrian kokatu zela esan izan da.

ETA beti egon da nagusiki Euskal Herrian. Errepresioa desitxuratzen ari zen egoera, atxiloketekin eman nahi zen itxura zelako ETAko militanteak urruti zeudela, Frantziaren bestaldean. Estatuek bilatzen zutena zen jendeak ikustea ETAko kideak deskonektatuak zeudela Euskal Herriarekiko. Prozesua Euskal Herrira begirakoa zen, eta horrek eskatzen zuen Euskal Herrian bertan egotea, harremanak izateko eta egoera sentitzeko. Beraz, erabakia izan zen Euskal Herrian kokatzea eta jarduera Euskal Herrira ekartzea.

Estrategia aldatu zenetik aurrera gertatu al zen hori?

Ez. Batik bat, Europako herrialde bateko negoziazio gunea desegin zenetik aurrera. Arriskuak baziren, herri hau txikia delako geografikoki. Baina alde onak bazituen: konponbidearen alde ETA egiten ari zenak izan zuen harrera.

Hartu-eman asko egin al ziren?

Konplikatua da halako egoeran zuzeneko harremana izatea, estatuek artilleria guztia martxan zutelako prozesu hura geldiarazteko. Harremanak modu ez-zuzenean gehiago egiten ziren.

Zer zioten eragileek?

Ideia nagusia zen estatuei ezin zitzaiela utzi Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatzen edo blokeatzen, ezin geniela utzi izorratzen, eta esaten zen bilatu behar zela modu bat aurrera egiteko. Gizarte zibileko jende batek konpromisoa hartu zuen. NEBek ere konpromiso handia hartua zuen.

EAJrekiko eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekiko kritiko azaldu zen ETA.

ETAk ulertzen zuen EAJk kapitalizatu nahi izatea bukaera prozesua, bai baitu pisu handi bat herri honetan. Saiatu ginen modu eraikitzaile bat izanda haiekin informazioa partekatzen, baina gero filtrazioak ikusten genituen, eta, gainera, ETAren ekimen batzuk kamustera joan ziren. Hori ez zen modua. Izango dute konponbiderako nahia, baina konponbide eredu jakin bat nahi zuten: ezker abertzaleak faktura historikoa ordaintzea, eta etorkizunari begira ahultzea.

Urtebete da ETA desegin zela. Nola bukatu zuen?

Kontu jakina zen hori gertatuko zela. ETA bera joan zen bukaerako erritmoa eta gestioa markatzen. Aieteren ondoren barneratu zen aldaketa handi batera gindoazela. Bukaerak ez zuen izan, beraz, inpaktu berezirik; inpaktua prozesu osoan izan zen. Nazioarteko eta euskal eragileekin egiaztatu zen amaiera, modu solemnean.

Zer izan zen ETA?

Borroka armatua egiten zuen erakunde bat baino askoz gehiago izan da. Antolakunde politiko bat zen, proiektu politiko jakin bat zuena —Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa—, eta, bere estrategiaren osagai nagusi gisa, borroka armatua egin zuen, estatua behartzeko agertoki demokratiko bat sortzera —autodeterminazio eskubidea eta Euskal Herriaren aitortza—.

Ez zituen helburu horiek lortu.

Ez, nabarmena da ez garela herri aske bat. Baina, ETAren sorreratik bukaera arte, ezker abertzalean eta askapen mugimenduan bilakaera bat izan zen: ETA ez zen hasierako antolakunde bakar bat, eta mugimendu oso bat sortu zen. Estrategia aldaketarekin, autodeterminazioa eta nazio aitortza lortzeko ETAren borroka armatuaren zeregina bukatutzat eman zen. Ikusi zen ETAren zikloa eta funtzioa bukatutzat eman behar zirela, ez zelako bideragarritzat jotzen jarraitzea. ETArik gabeko agertokiak ere ez ditu ematen bermeak, badakigu, baina ezker abertzalean eta askapen mugimenduan badaude antolakundeak prozesuaren inguruan egituratuta.

Kontakizunaren bataila dago.

Porrota eta garaipena neurtzeko beharko da denbora bat, baina ez ETAri dagokionez bakarrik. Prozesua irekita dago, eta, beste tresna batzuekin, gure nazioaren aldeko borrokak aurrera jarraitzen du. Batzuek kontakizuna ETAren desegitearen unean kokatzen dute; guk ez. Desegiteko erabakia estrategikoa izan zen, irabazteko anbizioz hartua. Denborarekin neurtu beharko da erabaki hori zenbaterainokoa izan den garrantzitsua.

Ba al daude prozesu independentista baterako baldintzak?

Gaur egun badago saio bat erabakitzeko eskubidea erdigunean jarrita burujabetza prozesu bat eraikitzeko, demokratikoa izango den prozesu bat, beste Euskal Herri bat eraikitzeko. Independentziara iristeko behar dugu burujabetza prozesu bat. Egiazko demokrazian sinesten duten indarren arteko metaketaren bila goaz. Estrategia aldaketarekin ez zen gatazka politikoaren konponbidea bakarrik bilatzen, bestelako aldaketak ere bilatzen zirelako Euskal Herrian.

Zer nabarmenduko zenuke?

Nafarroakoa, adibidez. Garai batean bazirudien Nafarroan indar espainolistak —nabarristak deitzen zirenak zirela Nafarroaren esentzia eta benetakotasuna ordezkatzen zutenak, nahiz eta haien proiektua Espainiaren menpekoa izan, baina ezker abertzaleak erabaki zuenean herrialde bakoitzak baduela erabakitzeko gaitasuna, nabarrismo hori tokiz kanpo gelditu zen, eta espainolismora egin zuten urratsa, esanez Espainia osoak erabaki behar duela.

Nola dago ardatz nazionalaren kontua? Ez ote dago aski mentalitate autonomikoa?

Ezker abertzaleak Euskal Herria aintzat hartzen du, zalantzarik gabe. Estrategian egungo egoera instituzionala kontuan hartzeak baditu bertute batzuk. Prozesua ez da bakarra, errespetatu behar dira herrialdeetako egoera eta erritmoa, baina proiektu oso batekin lagunduta egon behar du. Lurralde batasuna josteko estrategia ere egon behar da, eta gaur egun ez da hori hain modu nabarmenean ikusten; sakondu behar da, ezin dugu galdu proiektu nazionala.

Zein da premia duen atala? Euskal presoena, akaso?

Preso politikoena konpontzea beti da lehentasuna, premiazkoa. Ikuspegi humano eta politiko batetik, Euskal Herriak badu beharra presoak askatzeko; ezker abertzaleak, zer esanik ez. Auziari bukaera eman behar zaion iritzia aski partekatua da Euskal Herrian.

PSOEren gobernu berriarekin aukerarik ikusten horretarako?

Baldintza guztiak daude. Euskal Herrian adostasuna dago. Anbizioz ekin behar zaio estatuko agintaldi berriari. Antolatu beharra dago.

Elkarbizitzarako ekarpena izan al zen eragindako kalteaz iaz ETAk plazaratutako adierazpena?

Zauriak ixteko eta elkarbizitzarako giro bat sortzen laguntzeko ekarpen bat egin zezakeela uste zuen erakundeak.

Esan zezakeen gehiena esan al zuen? Eta gutxiago ezin esan?

Langen kontua da hori. Sinisten eta sentitzen zuena esan zuen ETAk. Bere izaerarekin bat egiten zuen, ikuspegi eraikitzailea izanik.

ETAk eragindako biktimen artean bazegoen bereizketa bat.

Baina bereizketa gatazka guztietan egiten da. ETAk ere ez zituen parametro berdinetan kokatzen borrokan hildako bere militanteak eta estatuko indar polizialek hildako beste herritarrak. Hala, ETArentzat ez ziren biktima berdinak berak helburu zituen haiek eta helburu ez zituenak. ETAk adierazpen horretan aitortu zuen bere ibilbide armatuan eragindako samin handia, esan zuen zinez sentitzen zuela, eta barkamena eskatu zien gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten biktimei. Estatuak-eta planteatzen zuten ETAk bere jarduera osoaren gaitzespen bat egitea, baina ETAk hori ez zuen egin.

Prozesu politiko baterako zauriak sendatuxe daude ala oraindik denbora bat behar da?

Aldaketa politikoan aurrera egin nahi ez dutenek beti bilatzen dituzte faseak, lehenik gauza batzuk konpondu behar direla esanez. Herri kohesiorako egin daitezke gauzak, baina nik uste jendartean aurreratuta dagoela elkarbizitza.

Eragile politiko batzuek ezker abertzaleari autokritika eskatzen diote. Zer helbururekin?

Estrategia jakina dute: ezker independentista erdi bakartuta uztea etorkizunera begira, eragin eremua mugatuta.

Ezker abertzaleak berak aliantzak eratzeko zailtasunak ez al ditu, batez ere EAEn?

Indar politikoen artean-eta harremanak badaude, baina batzuk beste norabide batean doaz. Ezker independentistak eragile sozialekiko eta herritarrekiko komunikazioan sakondu behar du, eskaintza politikoaren bitartez.

Euskal Errepublika al litzateke eskaintza politiko hori?

Errepublikak hiru kontzeptu biltzen ditu: balio sozialak, bide demokratikoa eta burujabetza. Badute pisua eta mamia. Nire ustez, ezker abertzaleak eskaintza hori hobeto formulatu behar du, eta hobeto landu jendearekin eta mugimendu sozialekin.

Norabide horretan ongi al dago?

Ezker abertzalearen oinarri sozialari kostatzen ari zaio egokitzea. Aldaketa handiak gertatu dira, eta nik uste ezker abertzaleko jendeak oraindik ez duela hartu bere tokia behar bezala; ez naiz ari horrenbeste antolakundeez. Konponbidearen eremuan gauza batzuk ez zaizkigu ongi atera, eta horrek baldintzatu egiten du norberaren aldartean, baina estrategia politikoaren helburua anbizio politikoz jokatzea da. Horri neurri berean erantzun behar zaio, borrokaren, jarreraren eta konpromisoaren bidez, eta indarrak metatuz. Grina berreskuratu behar da.

David Pla
David Pla
David Pla
David Pla
David Pla
David Pla
David Pla
David Pla
David Pla

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

6 pentsamendu “David Pla: “ETA desegiteko erabakia estrategikoa izan zen, irabazteko anbizioz hartua””-ri buruz

  • ETArena, inoiz ikusi didan errenditze txapuzeroena.

    Penagarria izan da…

  • Azken portu 2019-05-02 21:16

    Plak dioena egia izan zitekeen ETAk armak gutxienez duela hogeita hamar urte utzi izan balitu. Orain kontatzen duena beren burua zuritzeko saiakera lotsaemangarri eta patetikoa baino ez da.

  • potrotaraino 2019-05-03 10:53

    Borroka armatuaren alde egonda ere, erabilgarria ez zela argi ikus zezakeen edonork 1990ean jadanik.

    Orain, ezker abertzaleak hanka sartzen jarraitzen du, immigrazio masiboaren edo islamaren alde lerrokatuz. Jende masa horren oso zati txiki batek egiten du independentziaren alde eta are txikiago euskararen alde.

    Ezker abertzale barruan ez dute analisi gaitasunik?

  • Ander Santxotena 2019-05-03 17:53

    ETA: erakunde armatutik erakunde ahaztua izatera. Ez dago mespretxu handiagorik. Herria jakintsua da. Gora Herria!

  • Hausnarketa etikorik aipatu ere. Eskerrak desagertu zinetela.
    GORA HERRIA!!!

  • Francoren denboran ETAk eraman zuen borroka garaipen ikaragarria izan, nahiz ez erabatekoa. Inork ez genuen espero irabazi zena.
    Gero beste historia bat etorriko zen porrot batean bukatuko zena.
    Zergatik? Nik uste dut porrot horren historia ez dela idatzi, ez dugula idatzi nahi, gezurrean tinko segitu nahi dugula. Errealitatea ez onartzeak ez dakar gauza onik.