David Fernandez: “Kataluniako subjektu politikoa onartzea da Podemosekin elkarlanerako gakoa”

David Fernandez: “Kataluniako subjektu politikoa onartzea da Podemosekin elkarlanerako gakoa”

david fernandez

Ostiral arratsaldeko trenean heldu da Gasteizera David Fernandez (Bartzelona, 1974), EH Bilduk gonbidatuta. 19:00etan Kataluniako prozesu eratzaileaz hitz egingo du koalizioaren egoitzan, eta biharamun eguerdian -toki berean- kontrainformazioaren marianito kultural batean parte hartuko du. Bi ekitaldien bitartean, Hasier Arraizekin batera prentsaurrekoa eman, BECeko mitinerako bideoa grabatu eta Arabako EH Bilduko kideekin kontuak partekatuko ditu mahaiaren bueltan. Larunbatarekin, 14:00etan, etxera doa bueltan. Trenean beste behin. Agenda estuan tartetxo bat hartu du ZuZeu-ren galderei erantzuteko.

2012tik, Kataluniako parlamentuko diputatu izendatu zutenetik, Fernandez kazetaria CUPeko subiranista sozialisten ikur bihurtu da. Tradizio politiko askotarikoen bilgunetik eratorritako erakundearen gidaritza egokitu zaio, pertsonalismoetatik ihes egiteko ahalegin alferrikakoak egin arren. Artur Mas eta Oriol Junqueras arrain handien artean, CUPeko ordezkariek independentista guztien aitortza jaso dute haien jardun politikoaren zintzotasunagatik. Boteretsuenekin gogor, Rodrigo Ratori zapata erakutsi eta gangster deitu zionean bezala, eta alderdi politikoen formekiko distantziaz jokatu du Fernandezek.

Generalitateari babesa eman diote prozesuko mugarri guztietan, alor sozialean sakoneko ezberdintasunak izan arren. “Kontraesanetan bizi gara”, esan ohi du Fernandezek, ia barkamena eskatuz. Lau katurena zen amets independentista (orain arrakastatsua) ez dute leihotik bota nahi koherentzia ideologikoaren izenean. Hiru diputatu eskuratu zituzten (126.435 boto) eta nahikoa izan dira Katalunian bizi den prozesu independentistan itzal luzea izateko.

Etxea daukazu Euskal Herrian?

[barre egin du] Ez daukat etxerik Euskal Herrian. Lagun asko ditut zorionez, babesleku bat da.

Zertarako balio izan zuen azaroaren 9ko galdeketak? eta zertarako ez?

Zertarako balio behar dute irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeek?

Bi helburuko deialdia da. Izaera konstituziogilea eta plebiszitarioa du. Gehiengo sozial independentistak aukera du balio juridiko osoz bere hautua zein den adierazteko. Datozen hamarkadetan balore berridun herri bati ateak irekiko dizkio parez pare. Prozesua atzeraezin egiteko ere balio behar du, solido bihurtzeko. CUPen uste genuen 9N-ko zita izan behar zela bultzada hori, baina batzuen erabaki taktikoek stand by egoeran utzi dute prozesua. Gezurra dirudi ordutik hiru hilabete besterik pasa ez izana. Lehenetsi behar da prozesuaren bizkortzea eta egonkortzea.

Egoera honetan ez ote dira ilusioak apalduko?

Ikusteko dago. Demokrazia oso batera jauzi egiteko dugun aukera izugarria da. Aukeraren leiho historikoa. Baina, badago etsipen eta porroterako arriskua ere, guk hipotesi gisa ere ez daukagun arren. Egia esan ez dugu bide errazena aukeratu:Europa hegoaldean subiranotza berriak sortzea. Dena den, uste dut prozesuaren oinarri tektonikoak oso sendoak direla. Aldaketa politikoa ez da heldu, baina aldaketa soziala kaleetan dago. Prozesuaren protagonista den gizarte gihartsua daukagu. Ezin dugu porrot egin.

“Arnaldo Otegik bidaltzen dizkigun gutunak
Kataluniako Parlamentura baino lehenago
iristen dira El Paíseko erredakziora”

 

Podemos: aukera ala mehatxua?

Krisian dagoen esparru baten osaketa aldatu du, ezker espainiarraren kontura, eta ez hainbeste ezker subiranista higatuz. Paradoxikoa da hirugarren bidea ezkerretik etorri izana. CUPen beti pentsatu izan dugu estatuak Kataluniako eliteei eskaintza egingo ziela, Duran i Lleidak nahi bezala.

Eszenatokia berregituratu du, konplexuago egin, baina ez dugu kezka bezala ikusten. Erresistentzia politikoko mugimendua gara. Podemosi errespetua eskatzen diogu, haiek badute gurea, Madrileko lagunek batez ere. Poztu ginen Europako bozetan izan zuten agerpenagatik. Biok bat egiten baitugu 1978ko erregimena zartatzeko helburuan. Baina, orain arte Katalunia da bultza gehien egin duena.

Podemosek errespetatu egin behar du erabakitze eskubidea. Kataluniako gizarteari Madrilen gauzak aldatu zain egoteko eskatzea politika zaharra da, iraungia. Horrek jada ez du balio. Maitasunez esanda: kastaren diskurtsoa da. Katalunia eta Espainiako kastak 40 urtez esan duen gauza bera da. 1978ko erregimena zartatzeko elkarlanaren gakoa da Podemosek onartzea Espainiako estatuan subjektu politiko gehiago badaudela; katalana, euskalduna. Oso zaila da gizartearen %30-50 bati sinestaraztea Espainiako balizko errefeorma konstituzionalak edo prozesu konstituziogileak errespetatuko duela gizartearen erabakia. Hirugarren bidea anbiguotasun kalkulatuan oinarritzen da.

Maiatzean Podemos-en bigarren puntua erabakitze eskubideari errespetua zen. Oso pozik geunden horrekin, aldaketa nabarmena delako. Baina, kotoiaren froga errespetua da eta faltan bota ditugu 9Nn isilik gelditu zirenean. Printzipio demokratikoak une zailetan defendatzen dira, errezetan baino.

Zer iruditu zaizu Juan Carlos Monedero-ren diruen inguruko iskanbila?

Batetik, argi dago estatuaren gerra zikinak Podemosen aurka egiteko deliberoa duela. Kriminalizazio horretan gure elkartasuna du Podemosek. Horrek ez du, ordea, dena ezkutatu edo justifikatzen. Monederok ez du ezer legez kanpokoa egin, baina ez da morala. Beste etika politikoa aldarrikatzen dutenei gehiago eskatuko diegu, gure buruari egiten diogun bezala. Horrelako nahaspilek politika egiteko beste modu batean sinesten dugunoi kalte egiten digute. Gure lagunek egiten badute ondo, etsaiek bada gaizki. Gauza zaharra da hori. Gu ez gara ez zinikoak ez hipokritak.

Arnaldo Otegirekin harremana duzu?

Espainola hizkuntza koofiziala litzateke Kataluniako estatu independentean?

Konpontzeko dagoen eztabaida da. Guretzako eztabaidarik gabe espainola Kataluniako ondarea da. Independentista naiz eta Zamoratik nator. Espainola da katalan erdien ama hizkuntza. Gaur egun 242 ama hizkuntza daude gurean, hori da mundu global baten emaitza. Katalana hizkuntza komuna izan behar da. Aldarrikapen hau 1980ko hamarkadakoa baino apalagoa da -testuingurua delikatuagoa zen-, hizkuntza ofizial bakarra zela esaten zen orduan. Hori igaro da. Bide luzea du katalanak egiteko, eta benetako hizkuntza komuna da orain, baina justizian %3 erabiltzen da, zinean %1, hedabideetan %25… Esan behar dugu prozesu katalana ulertzen dugun moduan, guretzako migrazioak harro sentitzeko ondarea direla.

Koofiziala izan behar da beraz?

Ikusiko dugu. Zabalik dago eztabaida. Soziolinguista batzuek diote trantsizioa egiteko koofiziala izan behar dela, ez dut ikusten adibidez justizian errotiko aldaketarik. Argi dagoena da katalana dela gure hizkuntza komuna, garatu, babestu eta zabaldu behar dena.

Euskaldun askoren kexak jaso ditugu, azaroaren 9ko garaipen independentistaren gauean ez zelako parrandarik egon. Zer duzu esateko? 

Goizeko hirurak arte ez nintzen oheratu, lanean izan nintzen… Egia da. Denetarako denbora dago. Kexa hau beranduago ezagutu nuen, lagun euskaldun batzuek ospakizun ezaz galdetu zutenean. Xixko eginda geunden, zentzu baikorrenean, energia guztiak ahitu izanarenak. Hurrengo asteburura arte ezin izan nintzen kuadrillarekin lasai eseri: gudu bat irabazi genuen baina etorkizuna dugu irabazteko. Arraroa da, Mediterranearrak gara eta… jendeak ohera botatzeko gogoa zuen marianitoa hartzekoa baino.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Ekaitza bainuontzi batean

6 pentsamendu “David Fernandez: “Kataluniako subjektu politikoa onartzea da Podemosekin elkarlanerako gakoa””-ri buruz

  • Aitor Arregi 2015-04-18 20:44

    Orain Zuzeukoek ere zentsura? Mezu hau idatzi dut eta zentsuratu duzue: “Gaur Berriakoek blokeatu naute, Podemosi kritikak egiteagatik. Kritika horietan Podemosekoek berek esandako esaldiak eta iturria soilik jarri ditut. Badirudi Berriakoei ez zaiela Podemosekoek diotena gustatzen, edo mezularia hiltzen ari dira? Diru laguntzen esperoan?”

    Zergatik horrenbeste beldur Podemosi? Lehendakari berriak Zuzeu eta Berriari dirulaguntzak kentzeko beldurrez?

  • Etjum, etjum… Paranoia libre da, baina, kamarada, ez guri leporatu halakorik

  • Aitor Arregi 2015-04-18 22:44

    Noski, horregatik zenuten nire iruzkina “Zaborra” sailean. Behin gehiago gezurretan harrapatu zaituztegu.

  • Neu ere zeure antzean nabil. Badira , esanen nuke 25 urte direla, Euskaldunon Egunkariaren eta Berriaren harpidedun, Berrialagun eta halakoak naizela, baina badira bi aferaz aspaldi, jadanik, gogaiturik hasia naizena. Bata, euskaldunon ustezko matximoa, eta bestea, etorkinenganako ez dakit zer eta nolako zorra. Neronek ez diot inori deus ere zor, zor izatekotan hona etorri diren horiek, azken 80 urte luze hauetan etorri diren horiek, zor digute. Ez dakit zer diskurtso ergelek dio geure herria aurrera ateratzen lagundu dutela eta asko eskertu behar diegula. Geure herria aurrera ateratzen? Erdalduntzen eta kolonizatzen bai. Ez dezagun geronen burua engaina, faborez! Gaur bertan ikusi dut horietako bat, 12 bat urtekoa, espainako selekzioaren uniformeaz jantzita. Etorkinak ez dio ezer ekartzen iritsitako herrialdeari, asko zor dio ordea.

    • Niri ere ederki gogaitzen naute inoiz euskaldunkuko ez den Gara, edo Berria eta Euskadi Irratia panfleto progresistek. Aste osoa matraka ematen “Gora Gasteiz Eguna” rekin, EH 11 kolere-k antolaturiko ekimena “aniztasuna, bizikidetza eta eskubide zibilen alde”. Jada ez da egunik antolatzen Aberriaren, Independentziaren, Euskaldunon lurralde eta kultura batasunaren edo halako ideien alde. Soilik betiko egun puntualak eta kitto. Ni gustora lagunduko nuke ekimenetan baina dauden erakunde gehienek urduri jartzen naute. Mugimendu politiko abertzalea diskurtso abertzalez hustu eta diskurtso politikoki zuzen progresistaz bete dute: etorkinen alde, kultura aniztasunaren alde, feminismoaren alde, sexu-askatasunaren alde… denak balore kosmopolita eta posmodernoak, klase borrokaren erretorika jada desagertu da ere. Jesuitak baino okerragoak: odolik gabe, guda-arimarik gabe, tribu-kontzientziarik gabe, lurraren defentsarik gabe. Irlandar katolikoek duintasun gehiago erakusten dute are egoera zailago batean. Gure arbasoak altxatuko balira ederki ostiatuko gintuzten denoi, eragiten ari garen penagatik.