Dana Emon Behar Jako (Botoa Izan Ezik)

Dana Emon Behar Jako (Botoa Izan Ezik)

Jainkoaren existentzia ustez erakusten duten froga guzien gainetik, gauza batek argi adierazten du hura asmakizun hutsa dela: belarrietako ileak. Zahartu ahala belarrietan ateratzen zaigun adatsa (gogora dezagun: inolako funtzio praktikorik ez duena, eta arbitrarioki –batzuei bai, bertze batzuei, berriz, ez– sortzen dena, bakoitzaren merezimenduak edo bekatuak aintzat hartu gabe), bai eta adinean aitzinat egin ahala belarriek berek absurdoki luzatzeko duten joera lotsagarria, jainkoaren existentziaren kontrako froga ukaezinak dira, ongi agerian uzten baitute bizia, azken buruan, gustu txarreko broma bat dela –eta ez maite omen gaituen jainko baten obra–. Bertze froga batzuk badira, jakina, hala nola haurrek sortutakoan sufritzen dituzten kolikoak, Iruñeko ostalari gehienen aldarte txarra edo kartelak akatsik gabe euskaratzeko ezintasun metafisikoa, baina belarrietako ilea da, zalantzarik gabe, froga behinena auzi horretan.

Mundua norbaitek egin duela sinestekotan, Borgesekin batera zera sinetsiko nuke, bigarren mailako deabru akastun batek egin duela, bertzenaz zaila litzateke azaltzea hain gaizki atera izana. Deabrua diot, eta ez jainkoa, zeren, egia erran, aise gutiago kostatzen baitzait deabruetan eta aingeruetan sinestea, jainko batean sinestea baino. Berriki, gainera, aingeruak izan badirela berretsi digu Espainiako politikari inportante batek: Jorge Fernandez Diaz barne ministro espainolak erran digu baduela aingeru bat, eguneroko zeregin xumeetan laguntzen diona, adibidez aparkatzen. Aitormenak, normala den bezala, harridura sorrarazi du toki gehienetan, guziek uste baikenuen ministroak auto ofiziala eta txoferra izanen zituela, baina nonbait gune urdinik gabeko auzo batean bizi da eta laguntza zerutiarra behar izaten du toki bat aurkitzeko.

Herriaren barne ministroa izateak ekartzen dituen problemak alde batera utzita, eta aingeruarengana bueltatuz, Martzelo omen du izena ministroaren lagunttoak, eta, beraz, egiazkoa da: nork ez du noizbait Martzeloren presentzia sentitu, errate baterako, Berria irakurri bitartean? Bai, arrunt txiste txarra da, baina kasik egina heldu zen, eta ezin izan diot tentaldiari eutsi; deabru baten eraginari egotziko diot hain broma merkea egin izana, zeren, egunero gertatzen diren gauza “onak” aingeru baten bidez esplikatzen hasiz gero, deabruaren existentziara ailegatuko baikara nahitaez, gauza “txarrak” norbaiti leporatu ahal izateko –hein batean, aingeruen eta deabruen arteko lehia, balizko bi hautagai politikoren arteko debatea bezalakoa da: batak gauza on guziak bereganatu nahi ditu, gauza txar guziak bertzeari egozteko; debatea, jakina, infernuan gertatzen da, edo infernu bihurtzen da ikuslearendako–.

Gizakiak ezin du errealitate gehiegirik jasan, idatzi zuen T. S. Eliot poetak –bat-batean eta trakeski euskaratua lerro hauetarako–, eta bizia gustu txarreko broma dela onartu nahi ez izatera, ederki heldu zaizkigu zeruko eta abernuko izakiak: gosariko kafea ona atera izana edo irratiko kolaboraziorako inspirazioa aurkitu izana Martzeloren laguntzaren emaitza da, baina ohatzearen kontra hankako behatz ttikiarekin –atx!– jo izana edo unerik beroenean kondoien iraungitze data pasatua dagoela ohartu izana deabruaren –Martxeloren– kontua izan da. Martzelok eta Martxelok –aingeruek eta deabruek–, bertzalde, errealitatea interpretatzeko eskema sinple orokor bat eskaintzeaz gainera, gure arduretarik askatzen gaituzte –gauzak, onak ala txarrak, gertatu egiten zaizkigu, guk ez dugu deus ere egiten–, eta bidea erakusten digute –etor zaitez argiiira, erraten digu Martzelok–.

Atzoko Faktorian, nire guardako aingeruak, Martzelo Galarragak, Espainiako hauteskundeetara aurkeztu diren alderdien errepasoa egin zuen. Bertzeak bertze, Libertate Nafarra alderdi aingeruzkoa aipatu zuen. Ezaguna den bezala –edo ezezaguna den bezala, auskalo– nafar estatua berrezartzea da LN alderdiaren helburu nagusia, eta, naski estatista handiak direla frogatzeko asmoz, hauteskunde hauetara aurkeztu dira, gero zakarrontzira botatzeko baizik balioko ez duten boto abertzale batzuk eskuratu nahian edo. Tira, praktika politikoan zer hobetua badute ere, akatsik gabea dute teoria, bai baitituzte beren aingerua –nafar estatua–, beren deabrua –Espainia–, eta beren azalpen teologiko oro-hartzailea –etengabeko konkista–. Nafar estatuan gauza on guziak kabitzen dira –demokrazia, ongi izatearen gizartea, justizia, tolerantzia, kultura: ez dut segituko, bertzenaz hunkituko bainaiz–, historiaren puntu batean aurkituko baititugu, eta baten bat ez badugu inon kausitzen, Espainiak du kulpa, eta ez nafarrek, Espainian gauza txar guziak sartzen baitira. Etengabeko konkistaren teoria, gainera, kritikaren kontrako txertoa da: komentario hau bera ere nire baitako konkistaren ondorioa da.

Libertate Nafarraren teoria politikoa –Nafarroa, guai; Espainia, kaka– konplikatu samarra denez, mitinetan parabola fin eta trebeak erabiltzen dituzte beren kontzeptuak herri xumearengana ailega daitezen. Konparaziorako, Mikel Iriarte Nafarroa Osoko Nafarroa Garaiko hautagaiak, Django goitizena mereziko lukeenak, Erriberan emandako mitin batean AEBko etxe bateko esklaboekin konparatzen zuen Nafarroako egoera: badira matxinatu eta zigortuak izaten diren esklaboak, egoeraren kontzientzia arrunt argia ez badute ere –abertzale aranista [!!] gaixoak–; badira esklabisimoak –ez dakit erreferentzia xarmagarri hori harrapatzen den–; badira “zortzi abizen esklabo” dituztenak –zer arraio, herriak ez du Wong Kar-wai gustuko– eta “Afrikatik ekarritako esklaboeraz” mintzatzen direnak; badira ingelesez mintzatzen direnak… Baina denak dira esklaboak, nafarrak alegia –portsikaso azaltzen dut, parabola ulertu ez baduzue ere–, eta denak kabitzen dira: ni esperoan nago, Libertate Nafarraren eta euskal ezaugarririk gabeko estatuaren filosofoaren arteko bat egitea noiz ailegatuko, batez ere parabola zozo horiek zorroztasun zizekarra har dezaten.

Polita da aingeru baten laguntzaz aparkatzea; polita, orobat, deabru eta aingeruen mendeko mundu batean bizitzea, gauzak ulertzeko lana anitz sinplifikatzen baitigu zatiketa manikeo horrek. Polita, eta maitagarria, askatasuna, libertatea, libertate hori nafarra izanda ere. Dana emon behar jako maite dan askatasunari, idatzi zuen poetak. Dena eman behar zaio Libertate Nafarrari ere. Tira, dena, botoa izan ezik.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Dana Emon Behar Jako (Botoa Izan Ezik)

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

5 pentsamendu “Dana Emon Behar Jako (Botoa Izan Ezik)”-ri buruz

  • Artikulu luzea eta sarrera irakurrezina (bertso formatua agian hobe poesia egiteko), finean BILDUri botoa eskatzeko bakarrik egina!!
    Ln -ren kontra baina ez dago argudio bat bera ere. Dena ona edo dena txarra dela diotela diozu bakarrik, esaidazu zein alderdik ez du gauza bera egiten (ez erantzun denok dakigu erantzuna eta).
    Konkistatuak garela ukatzen duzu edo eta egoera horren errudun Espainia dela…agian nafarrok ekarri genituen espainiako ejertzituak hona!
    Esaldi honek zertaz zabiltzan ere ez duzula ulertu argi dago: “euskal ezaugarririk gabeko estatuaren filosofoaren”. Are gehiago, zure errealitatea-historia ez duzula ulertu ere argi dago.
    Hobe da Dirua-Bilduri botoa emotea diozu… Bilduren politika Madrilen: gutun bat Borboiari eta eskua eman haren menpekoak zaretela adierazteko…espainiar konstituzioko orri batzuk apurtzea (ni ere lotsatu nintzan)…buff, ekintza superpolitikoak zuenak!!! Madrilen beldurtuta daude!
    Ados nago Mikel Iriartek jartzen dizuen izena: “Abertzale aranista”. Eta Aranaren esaldi bat harirar dator (Bizkaitarra número 12, 1894): ¡Un siglo entero de españolismo, de degradación, de miseria, de ruina; un siglo de aberraciones, de tinieblas; un siglo de esclavitud!”. Eta pasada beste mende bat jada.
    Edo demokrazia modernoaren aitarena, “El contrato social” Jean Jacques Rousseau: “El Pueblo inglés se cree ser libre y se engaña porque sólo lo es durante la elección de los miembros del parlamento, y luego que éstos están elegidos, ya es esclavo, ya no es nada (…) En el instante en que un Pueblo nombra representantes ya no es libre, deja de existir”.
    Edo “Ezker abertzalearen” erreferentzia izandakoarena: “Los condenados de la tierra” Frantz Fanon: “el intelectual colonizado ha invertido su agresividad en su voluntad apenas velada de asimilarse al mundo colonial. Ha puesto su agresividad al servicio de sus propios intereses, de sus intereses de individuo. Así surge fácilmente una especie de esclavos manumisos”.

    • Hermano Templario 2015-12-17 16:11

      Besterik ez. Belabeltz-ek erabat ondo azaldu du. Leone jaunak ez du ezer ulertu: Ln-ek ez du esaten Espainia gorrotatzen duenik, baizik eta Espainiak egindako kalteak. “Cada quien en su casa, y Dios en la de todos”, esaera zaharrak dioen bezala.

  • Arrazoi historikoak eman dira batzuetan nazio-estatuari zorua ezartzeko. Nazio hegemonikoek handikeria nazionalaren historiak erakutsi dituztenez gero, zanpaketa guziak ederretsiz, nazio zapalduen aldetik ere halako historiak imitatu dira bestelako proiektu nazionalaren argumentutzat. Baina erresuma mediebal bat ezin da inongo emantzipazio asmoren erreferentziatzat hartu. Nafarroako Erresumaren errege-erreginak ziren soberano bakarrak. Ez zegoen han herririk, azpian harturiko subdito multzo baino.
    Zabortegi bat da gure historia. Hortik ateratzen dugu dena, perlak eta adreiluak, emozioak eta borondatea. Baina nazioa eraikitzeko eskubidea borondate kolektiboaren ondorioa da, ez historiarena. Historiaren interpretazioaren nolanahikotasunaz aparte, historiaren bidea jarraitzea bezain arrazoizkoa eta bidezkoa izan daiteke historia aldatzea.
    SARRIONAINDIA, Joseba, Moroak gara behelaino artean?,

  • Jontxu, argi dago ez duzula zure historia ezagutzen. Hartu Gabon opor hauek libururen bat irakurtzeko, harrituko zaitu, sinets!

    Gogoratu infanzioen goiburua, ANV eta Mendigozaleena ere zena (edo dena ANVren kasuan, Espainiak ilegalizatu berri dau eta):

    “Aberri askea herritar askeentzat”