Covid saltsa

Covid saltsa –

Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzan.

COVID-19ari, haren aldaerei, haren aurkako txertoei eta abarri buruz hainbeste kontu, datu, adierazpen, esamesa eta zurrumurru entzun eta irakurri ondoren, COVID saltsan galduta sentitzea da normalena.

Covid saltsaSaltsa nahasi horretan neure burua non kokatzen dudan argitu nahian, COVID-19ari buruzko bertsio ofizialaren irenstaileen eta muturreko ukatzaileen arteko zazpi maila bereizi ditut.

Mailaketa horretan, 3. mailatik erabat aldendu gabe bada ere, 4. mailan kokatu dut neure burua. Gainerako mailetan daudenek barkatuko didate ez badut beren ikuspegia ondo azaldu, baina idatzi dudan guztia han-hemen leku askotan irakurri eta entzundakoetan oinarrituta dago eta ahalik eta ondoen sintetizatzen saiatu naiz.

1. maila.- Txertoak eta gainerako neurriak lagungarriak dira, baina agintariek neurri zorrotzagoak ezarri beharko lituzkete, eta neurriak urratzen dituztenak gogorrago zigortu. Txertatu gabeko kutsatuak osasungintza publikoan ez artatzea ere proposatzen dute maila honetako muturrekoenek.

2. maila.- Txertoak eta gainerako neurriak lagungarriak dira, eta agintariak bikain jokatzen ari dira une oro.

3. maila.- Txertoak eta gainerako neurriak lagungarriak dira, COVID egiaztagiriaren ezarpena barne, eta agintariak ahal dutena egiten ari dira, nahiz eta kasu batzuetan ez duten neurri egokiak hartzen asmatzen.

4. maila.- Txertoak eta gainerako neurriak lagungarriak dira, baina kudeaketa txarra izaten ari da eta agintariak —beren interesei begira kasu askotan onura publikoari baino gehiago— okerreko erabaki asko hartzen ari dira, COVID egiaztagiriaren ezarpena horien artean, eta bereziki kritikagarria da osasungintza publikoa behar litzatekeen neurrian indartzeaz arduratu ez izana.

5. maila.- Ez da inork nahita eta asmo gaiztoz sortutako birusa, baina agintari (ezezagun) batzuk hasieratik ari dira baliatzen farmako-mendekotasuna indartzeko edo/eta masak hobeto kontrolatuz kapitalismo globala sendotzeko; eta txertoek ez daukate txipik, baina agintari (ezezagun) batzuk —osasungintzako eta kazetaritzako profesional ugari atzipetuz, beste asko presio eta xantaia bidez isilaraziz eta datuak manipulatuz— hasieratik ari dira baliatzen farmako-mendekotasuna indartzeko edo/eta masak hobeto kontrolatuz kapitalismo globala sendotzeko, nahiz eta jakin txerto horiek ez dutela balio pandemiari aurre egiteko eta, gainera, ondorio kaltegarriak dituztela, batzuk ezagunak dagoeneko, beste batzuk oraindik ezezagunak akaso.

6. maila.- Aurreko mailakoek diotenari maila honetakoek gehitzen diote osasungintza publikoak txertatu gabeko gaixoak egoera patologiko larrietara eta heriotzara bultzatzen dituela, nahita, txertoen onurari buruz ezarritako dogmaren sineskeria indartzeko.

7. maila.- Agintari (ezezagun) batzuek nahita eta asmo gaiztoz sortutako birusa da, edo/eta G5aren ezarpenaren eta zabalkundearen ondorioz, farmako-mendekotasuna indartzeko edo/eta masak hobeto kontrolatuz kapitalismo globala sendotzeko, txertoek horretarako balio duen txipa sartzen baitute gorputzean, eta horren ondorioak katastrofikoak izan daitezke -edo izango dira- etorkizunean.

Covid saltsa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Covid saltsa”-ri buruz

  • Neuk ere 4.maila horretan kokatzen dut nire burua. Gehiengoa bertan gaudela esango nuke (pertzepzio erabat subjektiboa), ‘moderazioan’ edo gune ‘epelean’, gobernuei mesfidantzaz begiratzen, eta friki konspirazionestei jaramon handirik egin gabe.