Covid-19ak behartua, astean 7 egun eta 24 orduz lan egitera

Covid-19ak behartua, astean 7 egun eta 24 orduz lan egitera –

Ibon Goitia Bereikuak, Lekeitioko Azkue Ikastolako zuzendariak, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan.

Astean 7 egun eta 24 orduz lan egitera behartua Covid 19a, hezkuntza langileak… PRESIOA, PRESIOA, PRESIOA!

Gaur egungo krisi sanitario honetan irakaslegoa sufritzen ari garen gehiegizko presioa salatu nahi dut. Osasun arloko profesionalak izan gabe, Covid-19aren eragina gelditzeko lehen lerroan jarri gaituzte Hezkuntza eta Osasun sailak.

Bada urtebete, astean zazpi egun eta 24 orduz lana egiteko agindua jaso genuela ikastetxe guztietako zuzendariok. Baita gogotsu hartu ere, luzatutako erronka. Baina noiz arte jarraitu behar dugu asteburuetan gure haurren gurasoei deika? Nola erantzun sortzen zaizkien beharrizanei? Nola kudeatu adierazten dizkiguten antsietate egoerak? Nork babesten eta aholkatzen gaitu sortzen diren tirabiretan? Non dago gure atsedenerako eskubidea?

Berdin da asteburua edo asteazken arratsaldeko 8ak badira. Gure sakeleko telefonoaren hotsa sentitzen dugun bakoitzean barruak dardar egiten digu. Osasun etxeko deia da, positibo kasu berri bat. Zein gelatan dago? Musukoa daramate? Norekin bazkaltzen du? Nor izan daiteke harreman estua? Ba al dauka etxean norekin geratu konfinatzen badute? Azken aldian, gurasoek etxean geratzeko eskubiderik ez omen dute umearen zaintzagatik. Ardurak, kezka…PRESIOA!

Ez da erraza inorentzat bizi dugun garaia eta, argi dugu, gure haurren ongizateagatik borrokan jarraituko dugula, 24 orduz, beti. Baina ibilbide petral honetan hezkuntzako langileok ezin dugu jarraitu lepo gainean jarri diguten erantzunkizun astunari eusten; are gutxiago, bide lagunik gabe.

Elkar zain dezagun mesedez eta hel dadila heldu beharreko arduradunarengana gure egoera gordin honen berri.

Covid-19ak behartua, astean 7 egun eta 24 orduz lan egitera

Covid-19ak behartua, astean 7 egun eta 24 orduz lan egitera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.