Covid-19ak agerian utzi duena

Covid-19ak agerian utzi duena –

Gaur gelditzea bizitzak salbatzea da. Eusko Jaurlaritzak ezer ez du egin eta Espainiako gobernuak erabaki du oinarrizkoak ez diren jarduerak geldiaraztea. Egundo ez genuen ikusi Urkulluren gobernua Estatuari honela aurre egiten; behin egingo, eta defendaezina defenditzeko…
Covid-19ak agerian utzi duena

Noski, Sanchezen gobernuak iragarritako erabakia berandu etorri da eta ez da perfektua, baina albiste ona da halere. Beharrezkoa da, hainbat arrazoi daudelako erabaki hori hartzeko.

Lehena, birusa gehiago hedatu ez dadin. Bigarrena, ekiditea Osakidetza eta Osasunbideak gainez egitea. Hirugarrena, ahalegin eta baliabide guztiak ezinbesteko sektoreetara bideratzeko, gure bizitza bermatzeko estrategikoak diren horietara alegia: osasungintza, zaintza, garbitasuna, elikagaiak… Hain zuzen, gehienbat emakumeek egiten dituzten lanak, zeintzuk oraindik ez duten izan zor zaien aitortza eta lan baldintza eskasak dituzten,  soldata arrakala eta ikusezintasuna barne.

Gauza hain argia bada Eusko Jaurlaritza, Lehendakaria buru dela, zergatik tematzen da interes ekonomiko jakin batzuk lehenesten, eta ez osasun publikoa? Bada, patronalaren diskurtsoak itsututa daukalako. Ezin da onartu osasun publikoa enpresen interesen menpe egotea. Jaurlaritzaren jarrera, batik bat Tapia sailburuarena eta Urkullurena, ausarkeria hutsa izan da.

Ezin da ahaztu azken asteetako infekzio gunerik handienak irekita zeuden lantokiak izan direla. Mercedeseko langileek exijitu zuten lantegia gelditzea, baita lortu ere. Gaur badakigu lantaldean 40 positibo izan direla eta 300 lagun daudela berrogeialdian. Zein izango litzateke kopurua produkzioa eten ez balitz?

Enpresa askok badakite orain bertan ezin dutela beren langileen babesa eta osasuna bermatu. Horregatik, arduragabekeria hutsa da esatea benetako auzia jarduera gelditzea dela, Tapia sailburuak edo Lehendakariak egin zuten moduan, “koma ekonomikoa” ere aipatzeraino.

Gaur inork ez du ukatuko krisi honek ondorioak izango dituela; inozoa litzateke kontrako jarrera. Baina bertoko ekonomia erabat hondoratuko dela esatea gehiegizkoa da, ez baita aintzat hartzen beste herrialde batzuetan ere jendea konfinatuta dagoela, eta enpresak geldituta. Izan ere, eskari ezak bultzatu du enpresa asko jarduera eten edo murriztera; Euskal Herritik kanpo ere normaltasunik ez dago.

Lehenbailehen jarduera ekonomikoari berriro itzultzea bada ere ELAren kezka. Enplegua dugu gogoan, eta behin pandemia honetatik hainbat ondorio aterata, gero eta premia handiagoa den trantsizio produktibo, sozial eta ekologikoari ekin behar diogu. Baina hori baino lehenago osasun koma saihestu behar dugu (gaurko errealitatea), balizko “koma ekonomiko” bat baino areago.

Oinarrizko sektoreak lehenetsi

Arreta, ahalegin eta baliabide guztiak bideratu behar dira funtsezko sektoreak (osasungintza, mendekoen arreta, garbitasuna, elikagaiak…) segurtatu, babestu eta indartzera.

Birusarekin aurrez aurre lanean ari diren emakume eta gizon horiek argi adierazten ari zaizkigu zein egoera larrian dauden. Zahar-etxe asko kolapsatuta dago, eta erabiltzaileei arreta emateko zabor poltsak erabiltzen dira; etxez etxeko laguntza zerbitzuan langile asko babesik gabe ari da lanean eta zerbitzuak murrizten ari dira. Elikagaien banaketa sektorean ere lan karga zeharo handitu da, estresa eta segurtasun eza nagusituz. Osasungintzan, berriz, ba al da inor konturatu ez denik egoera kritikoa dela? Sendagileak, erizainak, garbitasun eta anbulantzietako azpikontratetan diharduten langileak… Ezin iritsirik dihardute.

ELA egoerarik larrienei aurre egiten ari da, baina kasu askotan bakar-bakarrik: ez dago administrazioen erantzunik, esku hartzea urgentea delarik.

Krisiaren ikasgaiak:

  1. Muturreko egoera batek are argiago agerrarazten du bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka.
  2. Zerbitzu publiko sendoak behar ditugu, eta gizarte-babes sistemak erantzuteko gaitasun handiagoa eskatzen du. Kalitatezko osasun sistema publiko bat da bizitzarentzako bermerik hoberena. Haatik, urtetan egin diren murrizketek gure osasungintza higatu egin dute (esaterako, Osakidetzako lantaldearen ia %40 aldi baterako kontratuz ari da beharrean). Bizi dugun egoerak berehala eragin beharko luke zerga-politika goitik behera aldatzea, orain dagoenetan Europar Batasuneko azken postuetan kokatzen baikaitu.
  3. Zaintzaren garrantzia. Produkzioa etenda ere, zaintza lana ez da inoiz gelditzen, ez etxeetan, ez eta adinekoen egoitzetan ere, non egoera kritikoa den (Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek sektoreko baldintzak hobetzeko 250tik gora egunez egin duten greba eten egin dute).
  4. Urte luzetako politika neoliberalek ondorio tragikoak izan dituzte; honek gure aldarriei indar handiagoa eman die.

Hurrengo atala izango da pandemiaren faktura nork ordaintzen duen. Aurreko krisian erabili zuten eskuliburua ezarri nahi izango digute (bankuen erreskatea eta desberdintasunaren hazkundea eragin zuen hura).Orduan kontuan izan beharko dugu egunotan ikasten ari garena, hots, funtsezkoa zer den.

Covid-19ak agerian utzi duena
Covid-19ak agerian utzi duena

ELA sindikatuko idazkari nagusia

Zer duzu buruan “Covid-19ak agerian utzi duena”-ri buruz

  • Besterik da Argentinako presidentearen jarrera: “Ekonomia edo bizitza zaintzeko dilemaren aurrean, ez dugu zalantzarik: bizitza aukeratzen dugu”.