COVID-19a eta polizia-eredua

COVID-19a eta polizia-eredua –

Hamar hilabete badira lehenengoz alarma egoera ezarri zenetik. Salbuespen egoera honek poliziei eguneroko eginbeharrez gainerako lanak dakarzkie, zaindu behar baitute betetzen direla hainbat arlotako erabakiak (segurtasuna, osasun publikoa, mugikortasuna, kontsumoa…). Hori zer-nolako egoeran, eta gizarte estresatu batean, zeina erabateko ziurgabetasuna eta arrisku psikosozial izugarriak pairatzen ari den. Egoera sozioekonomikoaren ondorioek ere hor diraute, eta okertzen ari dira.

COVID-19a eta polizia-eredua
Arg: UK Berri

Horrenbestez, gure iritzia eman behar dugu EAEko pandemiaren kudeaketa politikoaz; gure ustez, ez dira aintzat hartzen ari alarma egoerako lehen hiletako ikasgaiak: bizia, zaintza eta zaintzen duten pertsonak egon behar direla erdigunean, edota zerbitzu publikoen garrantzia. Hilabete batzuk pasatuta, Eusko Jaurlaritzak funtsezko erabaki bat hartu du, har zezakeen txarrena: ahal den gutxiena gastatzea; horrek hainbat ondorio eragiten du:

  • Babesik gabe uzten dituzte kolektiborik ahulenak, krisiak gehien erasandakoak, baita enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak ere;
  • Pandemia zaindu eta kontrolatzeko sistemek ez dute behar adina baliabide, ez eta lehen arretako sareak, adinekoen egoitzek, ospitaleek, etxez etxeko laguntzak eta oro har zerbitzu publikoek… nahiz eta ezinbestekoak izan uneotan (gero eta ugariagoak diren lan gatazkak dira horren adierazgarri);
  • Ez dago diagnostiko zorrotzik pandemiak dituen eragin fisiko, emozional eta mentalen inguruan, ez jendartean, ez eta kolektibo oso konkretuetan ere: adinaren arabera (gazte jendea eta adinekoak), nahiz errenta, genero edo nazionalitatearen araberakoak direla ere.

Gure gobernuak neurririk egokienak baztertzen ari dira (adibidez, Gabonetako jaiak kudeatzeko); gainera, kostu politikoak murriztu nahi dituzte eta, hartara, banakoen ardurari buruzko diskurtso morala errepikatzen dute; bitartean, pandemiaren kudeaketako oinarriak ke-lainoz estali nahi dituzte. Ke-lainoa hedatzen dute, aspertu arte, hedabideen fokua kokatuz herritar gutxi batzuen jokabidean; ezin da ukatu, bestalde, horiek salbuespenezko araudia urratzen dutela, modu arinago edo larriagoan.

Horrek guztiak eragin handia du polizien lanean. Oinarrizko sektore eta zerbitzu publikoetako beste langileen antzera poliziek jasaten duten estres gaineratua ez ezik, istilu, liskar eta erasoak izan dira. Ikuspuntu operatibotik, ereduaren ikuspuntutik, halako egoeretan ekintza polizialak bermatuko baditu herritarren eskubideak eta segurtasuna, polizia gehiago eta gaitasun profesional handia behar dira. Aitzitik, indarra eta armak erabiltzea berehalakoan disuasio-helburua lortzeko, sarri merkeagoa eta «eragingarriagoa» izan ohi da, baina ez epe luzean eta bizikidetza edota jendarteko giroari dagokienez.

Uneotan ELAk nabarmendu nahi du jendarteak aintzat hartu behar dituela herri-botereek ematen dituzten segurtasun- eta osasun-arau guztiak. Eta gaitzetsi egiten ditu, horrenbestez, arau horiek urratzen dituzten jokabideak, banako zein taldeenak direla ere, baita poliziei eta funtzionario publikoei egindako erasoak ere.

Kolektibo horien defentsak ez du esan nahi polizia bat goraipatuko duenik polizia izate soilagatik eta bere ekintzak alde batera utzita, gure agintariak eta sindikatu korporatiboek egiten duten moduan. Poliziaren lana demokrazian soilik legitima daiteke baldin eta kontuak emateko mekanismo zorrotzak badaude, aginte-kateari, gobernuari, parlamentuari eta oro har giza eskubideen defentsako erakundeei, esaterako Arartekoari. Hain zuzen, ELAk galdegin du azken egunetan indarrez egindako operazio polizial jakin batzuk zorrotz iker daitezela, baita buruen aginduak ere, hala publikoak ezagutu ez dituenak, nola sare sozialetan agertu direnak, benetan kezkagarriak.

ELAk ez ditu inola ere ontzat ematen Ertzaintzako zenbait sindikatu korporatibo komisarietan eta hedabideetan hedatzen ari diren mezuak. Hain zuzen, bi ildo bereziki arduragabeak eta arriskutsuak dira: batetik, indar eta arduradun politiko batzuei istiluen ardura egozten ari dira, eta, bestetik, eskatzen dute gorroto delituagatik auzipetzeko Ertzaintzarekiko kritikoak diren herritarrak, edo hari errieta egiten diotenak.

Gorroto delitua ez zen definitu kritika soziala isilarazteko. Bestalde, adierazpen askatasunak babestu egiten du herritarrek poliziei agiraka egitea edo adierazpide injustuak, are zantarrak, erabiltzea. Tamalgarria da benetan sindikalismo korporatiboak azpikultura polizial jakin bati eustea, noiz eta uste genuenean honezkero gaindituta zegoela.

Urtetan administrazio autonomikoek eraso egin diote ELAk Ertzaintzan ordezkatu izan duen klase-sindikalismoari. Oraingo egoeran eta antzekoetan are nabarmenagoa da sindikalismo korporatiboa zein puntutaraino izan daitekeen botere politikoarentzat funtzionala, herritar gutxi batzuen arauhauste eta delituetan fokua jarriz eta pandemiaren kudeaketa politikoa ke-lainoz estaliz.

ELAk arbuiatu egin du lehendakariak eta beste arduradun politiko batzuek egin duten istiluen erabilpen politikoa, errelatoaren norgehiagoka puztu eta horrela etekin politikoa lortu nahi baitute; haatik, horrek ez dauka zerikusirik egungo gure herriko bizikidetza sozial eta politikoarekin.

Polizia-lana ez da erraza izaten eguneroko martxan; are gutxiago pandemia betean. Egunotan gertatu denak erronka jo die eragile politiko eta sozialei, baita herri-erakunde eta -botereei ere: polizia-ereduari buruzko eztabaida lasai eta sakona egiteko premia dugu, eta zerbitzu publikoek behar adina baliabide izan behar dute eskura.

Gu prest gaude eztabaida horretarako. Behar baitugu.

COVID-19a eta polizia-eredua
COVID-19a eta polizia-eredua
COVID-19a eta polizia-eredua

Zer duzu buruan “COVID-19a eta polizia-eredua”-ri buruz