COVID-1984: biziraupen korporatiborako oharrak

COVID-1984: biziraupen korporatiborako oharrak –

COVID-1984: biziraupen korporatiborako oharrak -

Diskurtsoaren askieza

Azken hamarkada materialki oparootan, nazio auzia alboratu duten ikuspegiak gailendu dira gure herrian. Eragileek pandemiak behartuta argitaratu dituzten komunikatu eta artikuluek, oro har, talde-, kolektibo-, klase-, sektore- eta genero-interesei erantzuten diete.

“Ezkerreko subiranistek”, esaterako, ez diote deitura horren maila emango lukeen arretarik eskaini larrialdi egoerak altzoan dakarren kolonikuntza eta deserrotzeari. Patronalaren eta langileriaren arteko interes-norgehiagokan ildokatu dira, eragile sozio-politiko guztien arteko elkarlana aldarrikatuz eta Osasunaren Munduko Erakunde globalistaren gomendioak atxikiz.

Eusko Alderdi Jeltzaleak, bere aldetik, ekonomiaren suspertzeaz eta lanpostuen bermeaz hitz egin du, taifa-erreinu autonomikoa kordokatuko den beldur.

Feministek, atzizki bat bestearen gain paratuz, zaintza lanetan diharduten emakumeen «zaur-garri-tasuna» bistaratu digute.

Komunistek, Txinako sistema planifikatuaren eraginkortasuna, europar burgesiaren porrota eta masa-alderdi komunista baten beharkia azpimarratu dituzte.

Irakurketa-ildo (ez halabeharrez oker) horiek azken hamarraldian gure iruditeria kolektiboan eman duten kolpeak zeharo noragabetu du herri-gogoa, eta festa luzeegi sasi-politiko honen bestondoa shock egoeran pairatzea egokitu zaigu orain.

Ez digu inork galdetuko

Aspaldixko egin zuen parlamentarismoarenak. Eta egoera berriak ez dio berpizten lagunduko. Ideiak, militantzia alderdikoia eta hika-mika erretorikoetarako sena balioesten zireneko garaiak atzean utzirik, krisialdia teknikoki kudeatzeko gaitasuna hobesten da orain. Iritzi publikoak, larrialdi egoeretan, segurtasuna lehenesten du. Salbuespen egoera, ohizko egoera bilaka liteke. Urtero bortxa gaitzakete zenbait hilabetez etxezuloan preso egotera, gure eguneroko jarduerak kartzela-araudi zurrun baten arabera antolatuz. Parada hobezina da diziplina mekanismo totalitarioenak kezka humanitarioenez mozorrotzeko: ez eskurik luza inori, saihestu taldekatze kopurutsuak eta mantendu hiru metroko tarteak; garbitu eskuak hamar aldiz egunean,  “zorionak zuri” kantuka; gihar brakiorradialaz estali doministikuak, eta ez ahaztu baimen bereziak eskatzea senideak bisitatu nahi izanez gero.

Lurrikarek, urakanek nahiz birusek eragindako krisialdiak, lurraldearen okupazio militarra entseatzeko parada hobezinak dira. Agidanez, honakoan ere, parada profitatzeko prest zeuden indar okupatzaileak. ETB-k zorroztutako kontzientzia ernaiok “ez gaitu inork geldituko” murmurikatzen genuen aldi berean, karriketan hedatu zaizkigu Unitate Militar Bereziak.

Kointzidentzia zinez bitxia iruditzen zaigu delako pandemia honek eragin duen diziplina militarraren lehertzapena 2020. urtean jazo izana. NATO SAS-30 iker taldeak orain hamazazpi urte argitaratutako txostenak, izan ere, “Urban Operations in the Year 2020” zuen izena. Aurreikusia zuten guztia: pobreziak eragindako gatazka sozialaren igoera, petrolioaren krisia, hirien hazkundea, matxinada eta gerra asimetrikoen arriskua…

Balizko distopia: paranoia ala zuhurtzia?

Euskorpek argitaratutako Manifestu korporatibista idazkiak, botere-egitura hegemonikoen gainbehera osteko agertoki bat irudikatzen du, gerra zibilaren eta kaosaren muturrera eramana. Irudikapen horrek sustatzen duen epika iluna, ordea, balio urrikoa da birusak sortu dituen erronka berrien aurrean. Birusak, izan ere, totalitarismo zibernetikoan eta zehatz-mehatz kalkulatutako bioterrorismoan oinarritutako kontrol zurrun baten mamua zertzelatu digu. Agertoki honetan, ethos gerlariak ez du kabierarik: hagitzez eredugarriago zaizkigu estolderian bizirautea lortzen duten arratoi zuhurrak.

Birus honek (edo jarraian hel litezkeen horiek) baldintzaturiko gizartean, posible al litzateke txertoa jaso dutenek lan egin eta bidaiatzeko eskubidea izatea, jaso ez dutenak bazterrean bizitzera zigortuak diren artean? Bi kasta ezberdin bereiziko diren aro baten atalaurrean gaude? Bio-injinerutzaz kontrola litezke fluxu demografikoak? Beharrezkoak izatera ailega litezke DNAri eragingo dioten txertoak herrialdeen (edo etorkizunean sor litezkeen sektore geografiko angeluzuzenen) arteko mugak iragateko? (Praktika eugenesiakoak eta antzutze-politikak, izan ere, Mengele Doktorearen laborategiaz harago hedatzen dira: Usamerikak, Suediak, Israelek, Ingalaterrak, Japoniak eta Peruk ere baliatu izan dituzte, esaterako). Kreditu txartelak diru fisikoa ordezka lezakeen bezalaxe, ordezka litzake azalpean inplantaturiko nanotxipak kreditu txartela edo nortasun agiria ere (jada Suedian gertatzen ari den bezala)? Estatuak hiritar bakoitzaren nondik-norakoak, odoleko azukre-maila eta tenperatura zelatuko al ditu orain? Eta zer eskubide izango lukete hiritarrek erabaki totalitariooi aurre egiteko, gainerakoen osasuna arriskuan jarriko balute halaz? Nano-txiparen inposaketa zilegi litzatekeelarik, zerk eragozten dio botereari berau ezkutuan eta zalapartarik eragiteke sartzea (txertoak baliatuz, adibidez)? Bestalde, zerk pentsaraz liezaguke osasunaren mesedetan jardun lezaketen nano-robotek (zainetan txertaturiko antigorputz artifizialek), ez ote lezaketen funtziona maizterraren organismoa bera erasotuko luketen birus edo bakteria bezala, esku ikusezin batek horretarako aktibatzea erabakiko balu? Birus eta eritasunek beharrean, sendagaiak berak hil (edo antzu) lezake gizateriaren atal handi bat? Abian al da mundu-mailako giza-ehizaldi handia?

(In)mobilizazio erabatekoa

Pandemiak erabat itzulipurdikatu du gizalegea: hurkoa higuintzen eta salatzen duena (etxeratze agindua ozartzeagatik, kasu) ongizate soziala mesedetzen duen espiritu gizakoitzat jotzen da; eta komunitate-egarri dena edo hurkoarekin elkartu nahi duena, aitzitik, etsai publikotzat. Senideak kaltetzeko modu goren bilakatu zaigu haiekin elkartzea; eta senideak babesteko modu goren haiengandik aldentzea. Denok bat egin behar dugu, elkarrengandik bereiziz. Txoro-masibotasuna eta indibidualismoa uztartzen dituen gizarte berri hau, komunitateak, kulturak eta hizkuntzak behar duten energia politiko jatorra iraungiz egikaritzen da.

Jüngerrek “gune sentimentala” zeritzona erauzteko lehen urratsa, askatasun indibidualaren etetean datza. Guztiok etxe-zuloan gatibatu gaituztelarik, izaki uzkur eta bakandu batek ordezkatu du pertsona. Leihoetatik amiltzen diren gorputzei zeharka begiratuz, teklatua antsikabeki astintzen jarraitzen du. 70 metro karratuko herrialde urrun bilakatu zaio etxebizitza, eta atzerrian bailego harremantzen da bizilagunekin.

XX. mendeko mobilizazio-prozedurak immobilizazio gisa gauzatzen hasi dira oraingoan. Lau hormen arteko bizimodu digitalak (#Nietxean), aspalditik zuen lurra landua: komertzializazioaren eta etxekotzearen norantzan garatu da teknologia, eta Estatuak herri-egiturak deuseztatu ditu. Immobilizazioak ikusmolde politiko partikularren leuntzea, moralaren banalizazioa eta domeinu teknikoaren nagusigoa ekarri ditu, XX. mendeko erregimen totalitarioen antzera.

Agidanean, amaitu da historiaren amaia.

Etxezuloko ziborgak

Bigarren gerla mundialaren atalaurrean, japoniar itsas gudarosteak giza-urpekari leherkor bat diseinatu zuen: haren pilotua, jaurtigaiaren osagarri tekniko biziduna zen. Gu ere halako eraketa organiko bilakatzen ari gara, teknologia etxekotu eta “soinera egokitu” zaigun heinean. Honakoan, baina, oroz gain entretenimendura bideratua dago kamikazea: telelana, teleberriak, hitz-aspertu digitalak… berrogeialdiak bultza lezakeen atomizazio sozialak hibridaia ziborganikoa erraztuko du.

Beste garaietan langilearen eta soldaduaren figurak gailendu diren bezala, honakoan erabiltzailea gailendu da. Erabiltzaileak, industria teknologikoaren norabidea itxuratzeko balio liezaguke, lan indarraren soberakina kontsumismoaz bezatu delarik. Erabiltzailea, lanik egin gabe manten daitekeen kontsumitzaile perfektua da. Kontsumitzaileak ez bezala, ordea, erabiltzaileak ez du salgaia agortzen. Bere jarduerak antz handiagoa du liburutegietako edo kiroldegietako bazkidearekin. Erabiltzaileak zirkulazioan ipintzen ditu edukiak, eta ez ditu iraungitzen. Errealitate fisikotik datuetara itzultzen den edozein produktuk ere, komuna eta seriala bihurtzeko bokazioa du.

Ikuskizun taigabea produzitzeko gauza den erabiltzaile sare merke bat ari da garatzen, eta horregatik esan genezake Pornhub-ek paradigma oso bat islatzen duela. Bokazio publikoa imitatzen duten erakunde para-estatal ezin eraginkorragoak eratzeko saiakera baten aurrean egon gintezke, etorkizun biologiko eta ekologiko jasangarriagoa lukeen erregimen post-kapitalista baten norabidean. Oligopolio teknologikoak ez baitu amets kapitalista klasikoa jarraitzen. Gobernantzak ardazten du: biztanleria neurtu, datatu eta gidatzeak. Parasitatu egiten ditu estatu-egitura eta estatu-prozedurak, hauteskundeak, inteligentzia zerbitzuak, armada, polizia, harreman ekonomikoak, diru-fluxuak… eta komite tekno-zientifikoekin ordezkatzen ditu politikariak.

Zelata zibernetikoa eta ordena berria

Europar herrialdeetan noizbehinka gertatzen diren atentatu islamistak aitzakia ederra dira karrikak militarizatu eta hiritarrak wifi-dun katakonbetan giltzaperatzeko. Irailaren 11ko atentatuei jarraitu zien kontrol eta zelataren norantzan luzatutako pausoak dira guztiok, eta halaxe gertatzen da pandemiarekin ere. Erregistratu ezineko diru-paperaren suspentsioa eta txartel bidezko erosketen sustatzea, giza jarduera guztia eskaneatzeko balia litezke. Big Data-ren bitartez azter litezke erabiltzailearen gustu eta joera intimoenak, profil psikologiko zehatzak garatuz.

Testuinguru honetan, begi-bistakoa da bere buruaren aurkako ikus-entzunezkoak eta irakurgaiak susta litzakeela Anaia Nagusiak. Gisa horretan, izan ere, etsai potentzialak zenbat diren, non bizi diren eta nortzuk diren jakin lezake: aski litzateke material horien deskarga eta bisualizazioen aztarna digitalari jarraitzea. Orwellen nahiz Sanguinetti situazionista italiarraren tesi edo susmoek norantza horretan destatzen zuten: estatu-aparatuaren estolderietan diseina liteke disidentziaren hazia, hau hasiera-hasieratik kontrolatu ahal izateko. Ez dirudi, bidenabar, euskal klandestinitatearen historia hemendik urrunegi dagoenik.

Eskolatze eta heziketa bio-politikorantz

Medikuak apez-agintari kasta berri bat osatzeko bidean dira. Fernando Simón epidemiologoak, esaterako, espainiar gobernuburu baten rola hartu du azken hilabeteotan. Etorkizun hurbilean, populuaren gobernantza osasun ministeritzen bitartez gauza liteke.  Haiek esan digute nola bizi behar dugun eta nola harremandu behar dugun, ñabardura txikienak ere kontuan izanik. Aholkuekin hasi den baldintzatze pavloviar hau, aginduekin eta zigorrekin amai liteke.

Epidemiei aurre egiteko modu eraginkor bat izan liteke lokalizazio-sistemaren bitartez mugikorren nondik-norakoak zelatatzea, lortutako informazioa gailuetan pilatutako bideo, argazki, dei eta mezuekin osatuz. Ezinbestekoa izango balitz, zuzeneko elkarrizketak ere zelata litzake gobernuak. Espioitza-sistema, sare, programa eta proiektu ezberdinek (ECHELON, PRISM, OSEMINTI, SITEL), Munduko Osasun Erakundearekin eta epidemiologia zentroekin bat egingo duten eraketa totalitario baten atalaurrean egon gintezke.

Pastoral psiko-politikoa: gobernantza berrirantz

Iraganeko gobernantza analogikoa populuari zegozkion datuen zenbaketan, artxibatzean, sailkapenean edo bazterketan oinarritzen zen. Egun, ordea, norbanakoaren borondatera zuzentzen da: self-computingself-trackingself-making… erabiltzailearen autokontrol digitalak askesi erlijioso berri bat islatzen du.

Behiala elizak eliztarretan aktibatzen zituen mekanismo psikologikoak aktibatu dira hiritarrongan. Honakoan ere, gure elkartasun-jaugin eta beldurren (kutsatzeari eta inor kutsatzeari diogun beldurrean) azterketa arrakastatsuak ahalbidetzen dio botereari bestelaz ere inoiz onartuko ez genukeen diziplina-modu totalitarioa inposatzea.

Honako alderaketa egin genezake, ordea: garai bateko eliztarrak auzitan jartzen bazuen germen patogeno ikusezinen izantza (eszeptizismoak egiten zuen baldres), eliztar modernoak itsu-mitsuan sinesten du birusean, birusaren zabalkundean, honen ondorioetan eta agintarien esanetan (konfidantzak egiten du baldres). Etxeratutako hiritar zintzoen aerobic saioak, webcam bidezko sasi-elkarretaratzeak, arratsero balkoitik foka bezatuen gisara jotako txalo zaparrada guztiak… “amen” erraldoi batek zigilatzen ditu.

Pandemiak eragindako krisialdia, krisialdiaren pandemia da: guztiok esperientzia beraren pean batu eta berdintzeko joera duen esperimentu liturgikoa, kezka bertsuen peko sinkronizazioa. Abstraktuki sozializatzen gaituelarik, zehazki disoziatzen gaitu. Honek argitan ezartzen du krisi global oroberdintzaile honen aurkako diskurtsoen artean arrakalak sakontzearen beharkia. Berrogeialditik erdikus genezakeen zerumuga totalitarioaren aurkako erreakzioek norabide berean egingo balute arraun, gaitz orokortuaren beste aldagai bat gehiago izango lirateke.

Ekonomia psiko-politikoa: aberats eta txiro berriak

Masaren baldintzatze psikologikoan indar handiena izan duen elementu bat, historian, ekonomia izan da. Eta begi-bistakoa dirudi oraingoan ekonomiaren birmoldatze baterantz egiten ari garela. Paraleloan, baina, oharkabekoagoak diren ekonomia eta truke-modu berriak ari dira indartzen. Txinan jada ikusi dugu hiritarrak puntuka kategorizatzeko sistema berriaren goraldia: arau-hausleei eta disidenteei puntuak kentzen dizkiete, eta gobernuaren esanak onerizten dituztenek puntuak irabazten dituzte (eskumen ekonomikoak, deskontuak, etab.). Zelatan oinarrituriko zigor-saritze sistema honek kasta berriak sortzen ditu, halaz, eta ez dira prezeski hierarkia desiragarri bati doitzen zaizkionak, otzantasuna saritzen baitute.

Desiro ez ditugun korporatibismo ereduen goraldia

Eskualdeka, herriz-herri edo auzoz-auzo ezar zitekeen isolamendua, nazioarteko garraio- eta giza-fluxuak etenik, komunitateen baitako bizia bermatuz. Kanpo-loturen eteteak barne-loturak trinkotzen lagun zezakeen, eta herri mailako antolaera autarkikoa berpizten.

Badirudi, alta, paralisiak maila oinarrizkoenetatik erasan diela estatuei. Herritargoaren eguneroko bizitza izan da inposaturiko neurrien jomuga lehena. Harreman sozialak debekatu dituzte, hiritarrak familia eta lagunartetik bananduz. Banakoaren eta Estatuaren arteko aldea mehartu da (korporazio espontaneoen eremu naturala). Indarrean den subiranotasun-ereduaren funts oroberdintzaile, mekanizista eta anti-organikoa bistaratzen du honek.

Inoiz baino nabariagoa izaten ari da eredu globalistaren eta nazio-estatuen arteko norgehiagoka. Bi korporatibismo eredu ezberdinen arteko gudu sor baten erdian gaude, eta berdin du zein irtengo den garaile (eredu globalista nahiz estatuzkoa), garaitza hori organikoaren eta espontaneoaren kaltetan joango delako.

Korporatibismo globalaren arriskua

Dudagabekoa da ideologia globalistak alderik alde zeharkatzen duela eskuin eta ezker poloen artean luzatzen den espektro politiko klasikoa. Hala Kissingerrek nola  Zizek-ek, esaterako, mundu-ordena berri eta koordinatuaren aldarria egin digute, beste behin ere. Azken honek ez du idorreriaren eta txokolatearen arteko harreman dialektikorik atzematen oraingoan. Globalizazioaren areagotzeaz konpondu beharreko arazo hau, ordea, globalizazioak berak sortu du; eta demografia nahiz merkantzia fluxuak murriztea izan zitekeen erantzun zentzuzkoena. Baina, zentzuzkoena, ez da gertagarriena: segurtasun indar anitzen arteko elkarlanak eta sinkronizazioak beste urrats bat eman lezakete aurrerantzean, federakuntza polizial berriak sortuz; eta osasun, ekonomia edota hezkuntza bera ere irizpide globalen baitan berrantola litezke, adimen artifiziala nahiz aditu teknokraten manamenduei jarraiki. Zer etorkizun izan lezakete hizkuntza gutxituek birusaren osteko hezkuntza sistema zentralizatu, militarizatu eta ezinago teknikoan?

Antagonismo oro erauziz, amets komunista iraultzaileak lortu ez duena gauza lezake etorkizuneko sistema honek: genero eta klase bereizkuntzarik gabeko gizarte bat. Immobilizazioaren ondotik, diru-eskasia unibertsalak berdin gintzake guztiok materialki, eta makinek berdinduko lukete gainerakoa.

Estatu-korporatibismoaren goraldia

Pandemiaren aurrean asiar herrialdeek erakutsiriko eraginkortasuna nabarmena izan da Europarekin alderatuta. Byung Chul Han-ek tradizio konfuziarrari egozten dio gogakera eta kultura autoritario hori. Japonia, Korea, Txina, Taiwan eta Singapur bezalako herrialdeetan, berebiziko iskanbilarik gabe jar litezke abian zelatatze digitala areagotzen duten neurriak.

Zer gertatuko litzateke herrialde horiek espainiar eta frantziar estatuen inspirazio-iturri bilakatuko balira? Jakina da gobernu okupatzaileek edozein aukera profitatzen dutela menpean hartutako herrien barne-indar kolektiboak ahuldu, egitura propioak baliogabetu eta harrotasuna zapuzteko. Eta kutsadura kasuen suntsikortasun indizea gora eta gora hasi delarik kotizatzen izu-laborriaren merkatu espekulatiboan, onetik ateratako iritzi-publikoak neurri zanpatzaileenak zilegizta litzake.

Asiar (edo eurasiar) arrisku hau uste baino gertuago dago. Alexander Dougin sasi-filosofoari (filosofoa ez baitu bizar luzeak egiten) fantasia eta eldarnioak kitzikatu dizkio pandemiaren aitzakiaz abian jarri den prozesuak: apez, gerlari eta langile kastetan banaturiko diktadura zentralistaren aldarria egin digu beste behin ere, gerra-legeetan eta propaganda abertzale etengabean oinarritua, inperial-nazionalismoak eta sozialismo hutsean-nominal batek ezaugarritua; kantu kolektiboz hasitako lan-jardunaldiak, familia-giro tradizionaleko otoitzetan bilduta amaituko lirateke (oi, irudimenaren patetikoa!); landa eremuko unitate ekonomiko buruaskiek, esentzialki askieza eta bizkarroia den estatu-egitura bat mantendu ahal izango lukete; eta, jakina, aginte zentralaren esanetara makurtzen ez diren erkidegoak gogor zanpatuak izango lirateke. Eurasismoak aldarrikatzen duen polo-aniztasuna ez da kultura ezberdinen arteko errespetuan eta gizalegean oinarritutako ordena berri bat, kultura txikiagoak errespetatzeko gauza ez diren estatu-egitura erraldoien arteko oreka (iragankorra) baizik.

Herriaren babesgabezia ekonomikoaz

Ikusteko daude pandemia leundu ahala nabarmenduko diren ondorioak. 2008ko krisiarekin alderatuz, kalte sozioekonomikoak luzeagoak eta latzagoak izango direla aurreikus daiteke. Zantzuak nabarmenak dira: petrolioaren prezioa negatiboan egoteak mundu-mailako barne produktu gordinaren beherakada islatzen du (%17’2 eta %25 artekoa izan liteke). Europan inoiz ez da halako atzeraldirik gertatu hain epe laburrean. Munduko Merkataritza Erakundearen arabera, merkataritza 1929ko krisian baino gehiago murriztera ailega liteke 2020. urtean zehar. Europako Banku Zentraleko presidente ohi Christine Lagardek, 2008koa baino gogorragoa izango den krisi bat aurreikusten du, Angela Merkelen ikuspegiarekin bat eginez.

Enplegu erregulaziorako espedienteak ezarri dituzten enpresa ugarik ateak itxiko dituzte osasun-krisialdia iragan ostean. Milaka enpresa eta lanpostu galduko dira. Egun, 170.000 langabe daude hegoaldean. Onenean ere, 200.000tik gora igotzea espero da. Bi gobernu zentralek patronal handiarekin batera hartuko dituzte erabakiak, Estatuaren eta burgesiaren arteko aliantza zaharra berretsiz. Euskal langileriak ez du jite erraldoi honetan esku-hartu ahal izateko ganorazko mekanismorik.

Berrogeialdian izan garen bezain menpeko izaten jarraituko dugu aurrerantzean. Geure bidea urratu nahi izango bagenu ere, ezinezkoa litzaiguke ezarri diguten beldurra, psikosia, eta militarizazioa gainditzea. Gobernu arrotzek inposatzen diguten guztia bete beharko dugu. Ez soilik indar-harremanak asimetrikoak direlako, baizik eta gure nazioak gidaritza adimentsurik ez duelako. Sare ekonomiko propiorik ere ez dugu, eta enpresa handien menpeko gara. Langileek nahiz langabeek babesgabe jarraitzen dute, etsaia noiz errukituko zain.

Alternatiba korporatibista?

Abian diren diziplina-mekanismoak, metropolirako pentsatuak daude. Landa-eremua ez da horren kontrolagarria, baliabide gehiago behar dira mendi eta haranetan sakabanatutako etxaldeei neurri hertsakorrak ezartzeko. Basa-munduan lausotu egiten da pribatuaren eta publikoaren (etxe-barrutiaren eta lekorearen) arteko aldea; eta nabarmendu egiten da ekonomia modu autonomoaren eta merkatu zabal abstraktuaren arteko aldea, hektarea bateko lursailaz hornituriko baserrien eta metropoliko etxezulo itogarrien arteko aldea.

Krisialdiek estatu-aparatuaren gune neuralgikoak kolpa litzakete, gobernu zentrala bere lurralde-eremuaren kontrola galtzera behartuz. Oraindik orain, baina, irudi eder honek ez du fantasia hutsalaren maila gainditzen.

Ikustera ailega gintezkeen irudi itxaropengarriena, mementuz, korporazio-eredu txikien eta handien arteko lehiak osatzen du: Estatuak ekonomia planifikatzeari ekin dion bitartean (zer, noiz, non, nola eta norentzat produzitu erabakiz), herri menperatuetako organismo prekarioek burujabeki aurre egin nahi izan diote krisialdiari. Euskal Elkargoak, esaterako, dei egin die iparraldeko enpresei maskarak fabrika ditzaten. Praxi korporatiboaren adierazpide xumea dugu hau. Norabide horretan diharduten egiturak, elkartasun eta babeserako helduleku egokiak suerta litezke interregnum arriskutsu honetan.

Sare korporatibo anbiziotsu bat egikaritzea da aukera bakarra: elkartasun-asurantzak, euskal langile eta familien babeserako mutualitateak, lana eta kontsumoa onbideratzeko kuota-ordainketak, interesik gabeko mailegu sistemak, kapital metatuari sare ekonomiko komunitarioan eusteko mekanismoak, zerga-sistema nazional paraleloa, ekoizle eta kontsumitzaile sareak, bestelako ikastetxeak, guraso elkarteak, ideiak eztabaidatu eta herri-gogoa trinkotzeko guneak…

Iraganeko epika, kantu ezti, malenkonia negarti eta erromantizismo kaxkarinetatik erabat araztutako abertzaletasun indartsu eta pragmatiko batek, segurtasun eremu antagonista bat eratzen lagun lezake, gizarteko atal osasuntsuenak ehunduz, indartuz eta heriotzaren kontra immunizatuz… eta, aldi berean, birusa bezain kutsakor eta isil ekinez, euskaldunak batuz eta izurrite beldurgarrienaren gisa herri uzkur hau inarrosiz.

Euskorp

Zer duzu buruan “COVID-1984: biziraupen korporatiborako oharrak”-ri buruz

  • Idatzi gogorra baina oso interesgarria. Makina bat kontraesan mahaigaineratu dituzue eta ez da gutxi. Tristea izan da ikustea nola manipulatu gaituzten nahi izan duten moduan, behinola elizak deabruarekin egiten zuen modura, baina orain estatuek koronabirusa erabiliz. Eritasun bat badela hortik, jakina, gaizkia ere existitzen den bezala. Baina hortik guztia deabruaren obra izatera alde handia dago! Horretaz gain, jende askorengan nabari izan dudan ondorioa: espainiar gobernua bere kudeaketan desenkusatu, eta egoeraren errua gehienbat herritar “insolidarioei” egotzi. Horrelako jokamoldeak, jakina, manipulazio mediatiko etengabearen ondorio zuzena da zalantzarik gabe, gezur bera 1000 aldiz errepikatuta egi bihurtzen da. Itxaropena galtzeko moduko egoera dedio!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude