Covid-19 eta botere harremana

Covid-19 eta botere harremana –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Hara! Koronabirusaren ondorioz, Euskal Herriaren barnean jarri digute berriz muga, zorrotz. Europako Batasunaren ikuspegitik ere erran genezake anomalia bat dela mugak ixte hori. Baina Euskal Herritik begiraturik, gure herriaren zapalkuntzaren argazki gordin bat gehiago da. Garbi gelditzen dena da Espainiak eta Frantziak beren estatu boterea erabili dutela.

Covid-19 eta botere harremana

Espainiak, horrez gain, baliatu du militarrak igortzeko. Eta horrelako krisi larrien aitzakian, barkaberago jartzen gara. Euskal hiriburu bateko auzapezak erran zuen bere herriko udaltzainek desinfektatu zituztela geltokiak-eta, baina ez zuen argiki gaitzetsi militarrek berriz ere gauza bera egitea. Langileak lan bat egiten duenean eta gero gibeletik nagusia heldu denean, lan hori bera berriz egiteko, begiratu gabe ea langileak lan hori egin duen eta ongi egin duen, zer sentitzen du langileak? Espainiak, militarrak igorriz, botere erakustaldia egin nahi izan du, koronabirusa aitzakia gisa erabilita.

Azken urteetan ospitaleetako murrizketa anitz egin dutenean eta horren ondorioz medikuak eta erizainak ezinean ari direnean, harrokeria militarrarekin etortzea edo mugak zorrozki hestea zinismoa da. Egia da etxetik ezin bagara atera, ea zer inporta zaigun muga itxita egotea ala ez… Baina auzi honek badu sakontasun politiko handia. Azken urte gutxian aukera anitz baliatu dute mugak ixteko edo zorrozki kontrolatzeko: Parisen izan ziren atentatuak 2015ean, G7 goi-bilera Miarritzen 2019an eta, orain, hau. Zinismoa eta boterekeria da, itxi behar zena ez zelako Bidasoa, baizik eta Paris eta Madril.

Azken urteetan ospitaleetako murrizketa anitz egin dutenean
eta horren ondorioz medikuak eta erizainak ezinean ari direnean,
harrokeria militarrarekin etortzea edo mugak zorrozki hestea zinismoa da.

Paristarren %17k hustu zituzten lekuak Frantziako Gobernuak konfinamendua iragarri aitzineko bi egunetan. Ordurako argi zegoen zer zetorkigun. Martxoaren 15ean herriko bozen lehen itzulia egin zen Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Ordurako baziren zenbait egun, zenbait aste ere bai, hauteskunde haiek ezeztatu beharko zirelako solasak zabaldu zirela. Ikusten ari zen zer gertatu zen Txinan, zer gertatzen ari zen Italian, eta Frantziako zenbait eskualdetan ere ari zela azkarki zabaltzen koronabirusa. Martxoaren 12an iragarri zuten Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiak hetsiko zituztela biharamunetik aitzina eta, arrats berean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak agindu zuen martxoaren 16tik aitzina hetsiko zituela ikastetxeak Frantzian (eta, beraz, Ipar Euskal Herrian ere). Bagenekien ikastetxeak hestea lehen urratsa zela, eta Txinan eta Italian hartuak zituzten konfinamendu neurrien iragarlea zela. Baina tematu ziren hauteskundeen lehen itzuliarekin segitzearekin, hala nola, milioika pertsona kutsatzeko arriskuarekin, milaka pertsonaren bizia arriskuan ezartzearekin. Jakinez, biharamunean berean emanen zutela agindua jendea etxean geldiarazteko eta “mugak” ixteko. Baina paristarrak eta madrildarrak, birusa azkarki jotzen ari ziren hiri horietako biztanleak, beren bigarren etxebizitzetara joan ziren saldoan, eta birusa barreiatu zuten. Txinan Wuhan itxi zuten guztiz, birusa ez zabaltzeko. Frantziak eta Espainiak ez dituzte itxi nahi izan Paris eta Madril, eta egoera kontrolaezina bihurtu da. Eta kaltetu direnak dira herritar xumeak. Aberatsak, Parisko etxe garestiak erosteko ahalmena dutenak, beren bigarren etxebizitzan daude, kolonoen pare, lekuan lekuko jendea (zaharrak, anitz) kutsatzen, baliabide arazoak sortzen, ospitaleak saturatzen…

Dirua lege duen sistema honetan, koronabirusak bistaratu ditu gure herriko auzi politikoak, sozialak eta ekonomikoak: etxebizitzen prezioaren arazoa, gure botere politiko falta (eta Parisen eta Madrilen nagusikeria), klase borroka eta murrizketak gurutzatu ditu.

Eneko Bidegain

Covid-19 eta botere harremana
Covid-19 eta botere harremana