Catalunya

CatalunyaCatalunya – 

Beste hainbat euskal herritar bezala geu ere Kataluniarantz joan ginen asteburuan, Bartzelonara zehazki, zer topatuko genuen ez jakin arren bi helburu argirekin: elkartasuna adierazi eta katalanen eskubideak gure gorputzez defendatzea. Baina bagenuen hirugarren arrazoi bat gerturatu ginenok han izateko, Kataluniako askapen prozesuan parte hartuz geurea amestea, geure askatasuna gertuago sentitzea eta ikastea, asko bai dugu ikasteko oraindik katalanengandik.

Sentitu genuen bai askatasun hori, baita mirespen eta inbidiaren arteko zerbait ere. Amorru, lots, tentsio, zorion, poz, zirrara, hunkipen, haserre, sumindura, tristura… gorrotoak ere bilatu zuen txokoa, espainiar estatuak bidalitako indar okupatzaileetan ordea. Gorrotoa. Ez dago beste hitzik guztiok ikusi deguna adierazteko. Milaka espainiar beren herrietatik irteten gudara doazenen gisan, igandean gertatuko zenaren adierazle. Milaka espainiar Kataluniaren demokrazia, hitza eta erabakia ebasten; katalan eta euskaldunok jasaten degun okupazioaren isla bat. Espainiar estatuak, bere osotasunean, demokraziari dion alergiaren isla.

Edozein estatuk bere biztanleriaren desio bat zapuzteko errepresio bideak lehenesten dituenean elkarrizketaren aurretik, interlokuziorako agente izateko aukerari muzin egiten dio. Baina biolentzia fisiko, bortitz eta bereizketarik gabea darabilenean bere populazioa dela dionaren aurka populazio horrengan izan zezakeen legitimitatea galtzen du. Eta galdu du. Katalanak badoaz, estatuak zuen aginte apurra galdu du. Biolentziaren monopolioa bakarrik gelditzen zaio bere agintea betearazteko, eta ez izan erabiliko dutenaren dudarik.

Katalanak espainiatik joan diren bezalaxe, geu ere joan ginen Kataluniatik eta iritsi ginen Euskal Herrira gogoa eta bihotza atzean utzirik. Bide luzeak eta zenbait euskal politikariren adierazpen epelek eragindako gogoetan murgildurik aipatzen genuen gure politikariek ez dutela ikusi genuena bezalako ausardia eta determinaziorik. Lasai dabiltza estatuarekin “adostutako” xoxak xahutzen eta eskumenak kudeatzen. Hauek ez dute independentzia aldarrikatzearen beharrik izango poltsikoa ukitzen ez dieten arte.

Zer uste dute ordea, gertatuko dela Kataluniak espainiar estatuari ordaintzeari uzten dioenean? Bada euskaldunok gehiago ordaindu beharko diogula ditugun eskubide apurrak mantentzearren. Orduan nahiko al dute “Urkullu & Co.” independentziaz, autodeterminazio eskubideaz edo erreferendumez hitz egin? Ikusiko degu zenbat irauten dien aldebikotasunak. Adierazgarriak oso Itxaso Atutxaren hitzak Madrilgo gobernuarekin akordioetara iristeko une egokia ez dela esanez. Hau da, “Mariano ez zaigu komeni zurekin argazki bat momentu honetan, kakaz leporaino zaude eta ez degu zikindu nahi. Lasai, babestuko zaitugu aurrerago ta”.

EAJ-ak Madrilgo gobernua elkarrizketarako agente baliagarritzat izatea, kataluniar herriarekiko enpatia falta ikaragarria izateaz gain, gertaturikoa babestea bezain larria da. Gehien behar gaituztenean beraien ondoan ez izatea, espainiar estatua babestu eta gainera egin beharko luketenaz aholkatzeko ausardia izatea ez dute berehalakoan ahaztuko. Bada garaia euskal herritarrok, katalanek egin duten bezalaxe, geure bidea abia dezagun, siglen gainetik, geure iritzia modu aske, demokratiko eta baketsuan eman ahal izateko inoren tutoretzarik gabe.

Catalunya