Català Roca

Otsaila hasieran erakusketa inauguratu zenetik nuen Francesc Català-Rocaren erakusketa ikustera joateko gogoa, baina beti suertatzen zitzaidan zer edo zer desbideratzen ninduena. Azkenean joan naiz, tarte bat hartu eta Kursaalera hurbildu nintzen atzo, erakusketa ikusteko intentzioz.

Català-Roca definitzeko ideia asko azpimarratu daitezke, baina batez ere begirada pertsonal bat landu zuen argazkilari bat topatzeak erakarri nau ni.

Gitanilla

Barcelona 1950. Francesc Català-Roca

Nire ustetan argazki bati gainean denbora jartzearekin bakarrik asko irabazten du. Argazkia berez, atera orduko iragana bihurtu den zerbaiten aztarna da, eta iragan hori urrunago geratu ahala, argazki horrek balio handiagoa hartzen du. Argazkia berez ona bada, zer esanik ez. Dudarik gabe, Català-Rocaren kasuan hori gertatzen da: argazkiak onak dira, Francesc argazkilari oso ona zen.

Català-Rocac ere argi du hori. Erakusketa aretoan, pareta zuri handi horietan bere esaldi batzuk daude idatzita, eta betean argi dio “Konturatu nintzen oso laster desagertuko ziren gauzen lekuko izaten ari nintzela, hori sumatzen nuen, handik bost urtera ezingo nituzkeen argazki haiek egin”

50. eta 60. hamarkadetan ateratako argazkiak dira erakusketan azaltzen direnak. Garai haietan estatu espainiarrean ateratako argazkiak: Madrid eta Barcelona hiriak, Murciako herriak, Toledo, Oviedo…

Ez dago gertakari handirik, ez ditu historiara pasatu diren uneak erretratatzen, jendeari ateratako argazkiak dira, kalera atera eta bertan ikusten duen jendea: polizia, jendea pasioan, zapata garbitzaileak, ijitoak… Street Photography izena asmatu aurreko kale argazkilaritza. Ni hasieratik liluratu ninduen ezer gertatzen ez den baina asko kontatzen duen garai bateko argazki mota hori.

Ez da asko falta erakusketa amaitzeko, ekainaren 1 arte egongo da Kursaaleko Kubo aretoan, baina aukera baduzue joan, ikusi, galdu bertan, ez zaizue damutuko eta…

 

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.