Carlos Martínez Gorriarán: “Gaztetan LCR-ETA VI-ko militantea nintzen”

Carlos Martínez Gorriarán: “Gaztetan LCR-ETA VI-ko militantea nintzen”

Carlos Martínez Gorriarán: "Gaztetan LCR-ETA VI-ko militantea nintzen"
Jon Juaristi, Teo Uriarte eta Mikel Azurmendi. Hiru konbertso ezagun, eta hirurak unionismoaren aldarrikatzaile sutsu. Barkutik salto egiten dutenak halakoxeak izan ohi dira, zakur berdeenetarik berdeenak. Azkenaren inguruan egin dio David Camposek galdera Osoigo.com atarian Carlos Martínez Gorriarán UPyDko diputatuari. ‘Zer iritzi duzu, zuen kide den, Mikel Azurmendiren inguruan?’, dio Camposek, eta gehitzen du: “UPyDk nola onartu dezake terrorista ohi bat?”. Hemen duzue Gorriaranen erantzuna:

Zer iritzi duzu, zuen kide den, Mikel Azurmendiren inguruan?

Carlos Martínez Gorriarán: “Pertsona argiek eboluzionatu egiten dute. Eboluzio eza, inoiz kritiko ez izanaren edo ezer garrantzitsuaren gaineko konpromisorik hartu ez izanaren erakusle da. Pasibitatean erortzearen eta zuzenkeria politikoaren sintoma. 60 eta 70. hamarkadan, gazte batek diktadura baten aurka borrokatu nahi zuenean, arrunta zen frankismoarekin amaitzeko irmotasunez borrokatzen zutela uste genuen talde iraultzaileetan militatzea (alderdi zaharrak, PCE salbu, oporretan edo desagertuta baitziren).

Nik neuk, gaztetan, LCR-ETA VI talde troskistaren orbitan zen gazte erakunde batean parte hartu nuen. Talde erradikal horietako bat zen ETA, eta bere jardun terrorista esponentzialki hazi zen demokraziarekin bat, 1977tik aurrera, hilketa eta atentatuen %95a egin baitzuen. Frankismoan zehar, troskista eta maoista kutsuko ezker muturreko eszisioen iturria izan zen. Jende askok militatu zuen ETAn beraz, era oso iragankor batean, eszisioren batera igarotzeko. Abiapuntu hortatik, askok pausuak ematen segi zuten demokraziaren defentsan, ETAren aurka aurrez aurre jartzeraino bizia arriskuan jarriz. Batzuk hala joan ziren.

“Inor bere gaztaroko iraganagatik kondenatu baino lehen, bere bizitza osoa ezagutzea gomendatzen dut”

Jende andana igaro da ETAkide izatetik, ETAren aurkako borrokan papel protagonista izatera. Bandak mehatxatuak eta jarraituak izan dira. Ezagunak diren adibide batzuk esatearren: Patxo Unzueta, Jon Juaristi, Mario Onaindia edo Teo Uriarte. Azken biak Burgosko prozesuan (1971) heriotz zigorraz kondenatuak izan ziren. Mario Onaindia duela urte batzuk zendu zen, zoritxarrez, baina autobiografia arras interesgarria utzi zuen. Francok lehenik eta ETAk gero, heriotz zigorrera kondenatu zuen norbaiten eboluzioa ulertu nahi baduzu gomendatzen dizut irakurgaia. Azken urteak bizkartzainekin igaro zuen. Onaindiak ez zuen sekula inor akabatu, horren ordez, ETA politiko militarraren amaieran zer esana izan zuen, erakunde demokratiko bihurtuz Euskadiko Ezkerraren muinean. Halako kasu asko daude, eta tragikoak ugari.

Nire lagun Joseba Pagazaurtundua, esaterako, (Maiteren anaia) ETA pm-ko militante izan zen, ETAk erail zuen ordea 2002an, Basta Ya taldean izan zuen parte hartzeagatik. (Erakunde horretan ni neu ere bozeramale nintzen, eta era berean heriotzera mehatxatua).

Harro nago beraz, balentria eta koherentzia handiko gizon hauetako askoren lagun izateaz. Belaunaldi arrazoiak medio UPyDn ez daude asko, badakit ordea askoren babesarekin kontatzen dugula. Beste batzuk ordea eboluzio politiko ezberdinei segika PPn ere amaitu dute, Jon Juaristik esaterako (Nire laguna baita). Inor bere gaztaroko iraganagatik kondenatu baino lehen, bere bizitza osoa ezagutzea gomendatzen dut, eta ikustea nola bizitza jokatu duten. Egiari zor, ez dut duela 20 urte pentsatzen zuen berbera pentsatzen duen 50 urtetik gorako pertsona interesgarririk ezagutzen.”

(Erantzun originala Osoigo.com atarian dago.)

Carlos Martínez Gorriarán: “Gaztetan LCR-ETA VI-ko militantea nintzen”

biñeta eraikiak, paranoiak eraikiak, integrismoa iruditan

2 pentsamendu “Carlos Martínez Gorriarán: “Gaztetan LCR-ETA VI-ko militantea nintzen””-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-05-12 19:08

    Publico.es-en ere galdetu zion irakurle batek, ea benetan LCR-ETA (VI)-ko kidea izan ote zen: “ez nuen LKIn militatu, baizik eta haren gertuko gazte erakunde batean, IT izenekoa, 1978 arte. Hartaz oso pozik eta harro nago, hipokrita eta antifrankista faltsuez betetako herri batean, ni bai, izan nintzen”. http://charlas.publico.es/carlos-martinez-gorriaran-2011-11-07

    Frankismoaren kontra borrokan erakunde klandestino eta armatuetan aritu zirenei “terrorista” deitzea da “Cultura de la Transición” espainolaren ajeetako bat, halaber ETAren aurreneko biktimari, polizia torturatzaile eta nazien kolaboratzaile bati, estatuak omenaldi ofizialak egitea.

  • Halako jendeak beldurra eragin dit beti. Ondo da, eboluzionatzea giza ezaugarri mesedegarrienetakoa dateke, onartu nezake, baina halako aleek, ia beti, muturretik muturrera eboluzionatzen dutelakoan nago, eta ia beti, bai eboluzionatu aurretik bai ostean, egia biribilaren jabe amaitzen dute, ez jakin nola. Etxera erretiratzea ere aukeren artean izango zuten, edo duda metodikoan murgiltzea edo arbiak aldatzea edo…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude