Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagi

Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagi –

Alonsori lepoa moztu diote eta Iturgaitz berpiztu dute politikoki eta EAEko PPren buruzagitzara eraman. Horrenbestez, pozik egon behar dugu euskaldunok, bien artean egon daitezkeen alde ideologikoak alde batera utzita, lehen ez bezala, orain PPren buruzagiarekin euskaraz mintzatzeko aukera dugulako?

Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagiAnekdota baliatuko dugu, baina egin nahi ditugun galderen irismena urrunago doa: zein profil linguistiko behar da gaur egun EAEn, alderdiek lehendakarigai izateko aurkez zaitzaten? Adierazi beharrik ez dagoena da gaztelaniaz maila ona izan behar dela. Baina euskaraz?

Badu gaitasunik Iturgaitzek Gasteizko legebiltzarrean diskurtso politiko gutxi asko landua euskaraz egiteko? Euskara idatziz erabiltzeko gauza da? Ohar labur bat idazteko, txio bat idazteko bai? eta konplexuago bat idazteko, konparazio batera, bere lan politikoari dagokion testu bat idazteko? Ez dugu uste.

Horrenbestez, gaitasunari dagokionez, ahozko elkarrizketa erraz eta sinple batzuk euskaraz egiteko gai da bai, baina bere lan politikoak eskatzen duen hizkuntza-gaitasunik ez duela uste dugu, eta oroit beza irakurleak ez garela hiztun arruntaz ari, baizik eta EAEko lehendakari izateko alderdi batek proposatzen duen pertsona batez; horrenbestez, hizkuntza-profil hori izatea aski da EAEn lehendakari izateko 2020an?

Gaitasunetik gatozen orain jarrerara, hizkuntzari aitortzen zaion balio ideologiko-politikoarekin zerikusi estuagoa duen euskararen alderako jarrerari erreparatzera. Zer da euskara Iturgaitzentzat? Arbasoen hizkuntza?, eta, horrenbestez, gaztelaniaz gaizki egiten duten adinekoekin mintzatzeko? Ala seme-alabekin, gazteekin, hots, etorkizunean euskal gizartean giltzarri izango diren pertsonekin hitz egiteko hizkuntza?, euskaraz egin nahi dutenekin hitz egiteko hizkuntza bat? Eusko Legebiltzarrean erabiltzeko bai?

Ez dugu dudarik egiten gaztelania berarentzat zer den: bere ama-hizkuntza izateaz gainera, 78ko Konstituzioak dioen bezala, gaztelania Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala eta espainiar guztiek nahitaez ikasi behar dutena eta erabiltzeko eskubidea dutena dela, baina euskara?

Botoa nori eman erabakitzeko orduan, axola handikoa iruditzen zaigu jakitea zer pentsatzen duten 1982ko Euskararen Legeaz Iturgaitzek, Mendiak, Iriartek, Urkulluk eta Rosa Martinezek edo Gorrotxategik. Gauza bat da gatazkak maite ez izatea, eta bestea gaztelaniaren hegemonia gure gizartean zalantzan jartzeko baliabideei uko egitea behin eta berriz.

Ingelesa maila batean edo bestean jakitea aski ez den bezala pertsona bat ingelestzat jotzeko, gaur eta hemen iruditzen zait politikari gailen bat euskaldun jotzeko gaitasun eta jarrera aldetik gutxieneko batzuk galdegin behar dizkiogula, eta, ahoz nola idatziz gaitasun ona izateaz gainera, 1982ko legea euskararen mesedetan aldatzearen alde egotea ere galdegin beharko geniokeela, zeren legea aldatzea ez da nahikoa, baina bozei begira asmo hori izateari axolazkoa deritzogu.

Euskararen alderako epelkeriak lozorrotzen gaituen aro honetan, garrantzizkoa da beste planteamendu batzuetan alderdiek zer posizio duten erreparatzen dugun bezala, hemen ere behatzea, eta horren arabera ere erabakitzea botoa nori eman.

Carlos Iturgaitz EAEko PPren buruzagi

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Oinezkoa