Busti gabe

Busti gabe –

Atzo, EH Bilduk eta Geroa Baik ez zuten busti nahi izan. Erran nahi baita Santa Engraziako presa berreraikitzearen alde Iruñeko Udalean aurkezturiko adierazpenean abstenitu egin ziren. UPNk eta PSNk alde bozkatu zuten. Atera kontuak.

Busti gabe
Santa Engraziako presa (Arg: Noticias de Navarra)

Arga ibaiak Iruñean gainditu behar dituen presa guztien artean bada bat, Arrotxapea auzoko Santa Engraziakoa, duela hilabete batzuk uraren indarrez apurtu zena. Eta orain, arraunlariak eta arrantzaleak presioa egiten ari dira uraren emari normala oztopatzen duen traba hori berriz eraiki dezaten. Oraingoz, eskuin espainolistako alderdiak konbentzitu dituzte.

Presarik gabe ura ez da gelditzen, eta beraz, oxigenatuago dago, eta beraz, bertako animaliek eta landareek errazagoa dute haztea. Europako Batasuneko arauek eta estrategiek diote halako presak botatzen joan behar dela. Iruñeko Udalaren beraren plan proposamen batek dio halako oztopoak eraitsi behar direla. Presarik gabe, ibai zati horretan uholdeak izateko arriskua anitzez txikiagoa da. Presarik gabe ibaian egon behar ez luketen zaborrak kentzea askoz errazagoa da. Eta abar. Eta abar. Eta abar.

Hain sendoak iruditzen zaizkit presa berriz ez eraikitzeko argudioak, hain sen onekoak, ikaragarri zaila egiten baitzait ulertzea zergatik EH Bildu eta Geroa Bai ez diren gai honetan bustitzen.

Inork azalduko ahal digu.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko irailaren 18koa]

Busti gabe
arga, Busti gabe, ekologia, ekologismoa, erreka, errekak, ibaia, ibaiak, natura, presa, santa engrazia, santa engraziko presa
Asier Azpilikueta

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

2 pentsamendu “Busti gabe”-ri buruz

  • Ikaragarri zaila gertatzen zait EHBildurena. Geroa Bai eskuinetik dago gertuago beste inondik baino, EAJren (h)agintepean. Horra AHT, Aroztegia, eta beste zabarkeria batzuk.
    EHBildurena da ulertzen zaila, eta tristea.
    Aralarreko auzian gartatzen den bezala, adibidez.
    Busti ez, ala oilobustiegi?

  • “Aralar Bizirik plataforma ados dago Eguzki ekologista elkarteak Bildu koalizioari Aralarko pisten eraikuntzan duen ardura leporatzeagatik, bere ordezkari guztiek ez dutelako irizpide bakarra izan pisten aurka, Aralar babestu eta sektore guztiak aintzat hartzearen alde, mankomunitatearen batzar ezberdinetan.
    Ta erantsi behar dugu, mankomunitateko azken batzarrean Enirioko pistaren alde emandako botoetatik bakarra izan zela Bilduko ordezkari batena, Amezketakoa, eta Ataun, Legorreta eta Orendain ez ziren bertaratu. Berriz, Ikaztegieta, Itsasondo eta Zaldibiako Bilduko ordezkariek aurka bozkatu zuten, Legorretakoarekin batera bi urte hauetan behin baino gehiagotan egin duten bezala. Ordiziako Bilduko ordezkariak ere udalean behin baino gehiagotan azaldu dira pisten aurka.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude