Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal Herria

Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal He

Bizi! mugimenduak ekarpen biziki interesgarria egin du udazken honetan “Burujabe” proposamenaren plazaratzearekin. Abertzaleak ez diren hainbat ezkertiarrentzat ekologia eta burujabetzaren arteko lotura egitea ez da hain erreza, askorentzat burujabetza kontzeptuak “nazionalismoaren” kutsu ezkorra duelako. Alta, kontzeptu hori despolitizatu nahi bada, (eta doi menperatzen dudan eremu bat aipatzeagatik), burujabetza eta ekologiaren arteko lotura agerian eman zuen goi mailako ekonomilari baten erreferentzi deigarria aipatu daiteke hemen.

Elinor Ostrom - Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal Herria

Ekonomilari hori Elinor Ostrom (1933-2012) deitzen zen, 2009an Nobel saria ekonomian erdietsi zuen lehen eta emazte bakarra. Ondasun edo baliabide komunalen inguruan egin zituen ikerketengatik eman zitzaion Nobel saria. Elinor Ostrom-ek ingurumenari loturiko baliabide komunalak ikertu zituen munduan zehar : larreak, ohian eremuak, arrain espeziak, ureztatze sistemak, etab… Baliabide horiek ekonomian funtsezko bi ezaugarri dituzte: haien ustiaketa debekatzea zaila da, pertsona bakar batek ezin ditu monopolizatu. Aldi berean, ezin dira nola-nahika kudeatu, denei idekiak direnez, gain-ustiaketa dinamika batek arriskuan jartzen ditu ; batzuen aburuz hori delarik komunalen trajedia. Ulertzen denez, komunalak ez dira baliabide pribatuak, baina ez dira ere ekonomian baliabide publiko gisa kontsideratzen. Hori dela eta, Elinor Ostrom-ek ondoko ondorioa agerian eman zuen : merkatua eta Estatuaren artean, komunalen ustiaketa tokiko komunitateen eskuetan uzteak osatzen du horien kudeaketa modurik eraginkorrena. Bere liburu ezagunenean (“La gouvernance des biens communs : Pour une nouvelle approche des ressources naturelles”, De Boeck) esplizitatu zuen emaitza horrendako lortu zuen Nobel saria ekonomian. Baina bere ekarpena ez da hortan mugatzen.

Zeren Elinor Ostrom-en azterketen ondotik indarra hartu duten komunalen inguruko ikerketek kapitalismoaren sorrera, XVI. mendeko Inglaterran, komunalak ziren lur kolektiboak indarrez pribatizatzeko ekimen bortitzean (“enclosure” deituriko prozesua) errotzen dela gogora ekarri digute. Eta iraganaz gain, Elinor Ostrom-ek geroari begirako gogoeta lerro interesgarriak ideki zituen ere bere bukaerako lanetan, komunalen ideia XXI. mendeko ezagutza baliabideei zabalduz. Modu hortan, Wikipedia bezalako eremua baliabide komunala gisa kontsideratu daiteke. Jabetza pribatuaren logikari bizkar emanez, nehorena ez den esparru hori denen ekarpenari esker eraiki daiteke, era alternatibo batez. Kontzepzio hori orokortuz, frantses ezkerraren baitan batzuk komunalen kontzeptuan oinarritzen dira kapitalismoaren alternatiba berritua pentsatzeko orduan (ikusi : “Vers une République des biens communs ?”, les liens qui libèrent).

Azkenik erran behar komunalen eztabaidan Euskal Herriak kokapen berezia duela, gure Herrian komunalen tradizio handi bat dugulako. Jakina denez, komunalek euskal (ohiko) zuzenbidearen kategoria bat osatzen dute. Eta (ohiko) zuzenbide honen tradizioa oraindik bizirik segitzen du, Ipar Euskal Herrian horren hondarrak oihan eta mendi eremuak kudeatzeko indarrean dauden “sindikatu”etan aurkitu daitezkeelarik adibidez. Jasone Mitxeltorenak zuzenbide tradizio honen aurkezpen osatua proposatzen digu “Auzolanaren kultura” (Txalaparta) liburuan. Hain zuzen ere, komunalen inguruko praktika kolektiboa auzolanaren bitartez deklinatzen baita. Konstatazio hori egungo arora ekarriz, Jasone Mitxeltorenak Wikipedia euskaraz XXI. mendeko auzolan modu bat dela iradokitzen du (hortan E. Ostrom-en azterketarekin bat eginez…). Komunalen kontzeptuan oinarrituz, ingurumenaren zaintzabideak eta sistema kapitalistari begirako alternatiba konkretuak jorratzeko lerroak aurkitzeko ahal badira, euskal kulturak eta bere praktika komunitarioek gogoetarako pista interesgarriak eskaintzen dizkigutela ondorioztatu behar dugu. Aspaldiko garaietan, Ezker Abertzaleak askapen mugimendua sozialismoari lotuz, nazio borroka gatazka sozialaren bitartez eraberritzeko bidea ideki zuen.

Elinor Ostrom-ek baliabide komunalen inguruan egin dituen ikerketek erakusten dutenez, ingurumenari loturiko problematikak burujabetza, kapitalismoa, eta Euskal Herriari begirako perspektiba berri bat eskaintzen ahal digu. Eta nere iritziz, horixe da Bizi ! mugimenduaren “Burujabe” dokumentuak egiten duen funtsezko ekarpena (formalizatzen dituen proposamen zehatzekin batera) : ekologiaren alorretik abiatuz, burujabetza, kapitalismoa, eta Euskal Herriaren ikuspegi berritu bat eskaintzea.

Xabi Larralde

Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal Herria
burujabetza, ekologia, ekologismoa, elinor ostrom, Euskal Herria, independentismoa, Kapitalismoa
Xabi Larralde

Ekonomia irakaslea. Sortuko bozeramailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude