Bukaerarik gabeko egunak

Bukaerarik gabeko egunak – 

Bukaerarik gabeko egunak

Maiatzeko deskonfinamenduaren garaian, Les jours heureux gerla ondorengo erresistentziaren programa sozialari aipamena egin zion Macronek. Herenegun aldiz, bukaerarik gabeko egun baten eitea duen pandemiaz mintzatu zen. Udaberritik hona, ez da egun loriatsurik izan, krisi berri baten lehen zantzuak baizik: langabeziaren gorakada, eta lehenaz gain, prekaritate eta bazterkeria gehiago.

Asteazken gauean iragarritako konfinamenduak berriz, amets neoliberal perfektua gauzatze bidean ezarri du. Etxetik lanera eta lanetik etxera joanen gara, funtsean, sistema kapitalistarendako funtzionalak diren norbanako hutsak bilakatuz. Ez aisialdi, ez lagunarteko harreman, ez kultur jarduera, ez ospakizun kolektibo… Eta militantzia politikoa, nola ez, kriminalizatua.

Frantses Estatuak kontrol soziala areagotzea nahiago du bere estrategiak porrot egin duela onartu baino. Zerbitzu publikoak mendratu dituzten berberek ardura indibiduala azpimarratzen dute. Osasun sistemaren kolapsoa haien ardura ez balitz bezala.

Bukatzeko, etxe anitzetan sufrimendua nagusi dela jakin arren, gogoan hartu nahi ditut frantses eta espainiar estatuetako ziegetan bahiturik dituzten euskal herritar guziak. Aste guti falta ziren Valladolidera lagunmin batzuen aitaren bila joan gintezen eta astearteaz geroztik, Txistor Haranbururi ongi-etorria egiteko ilusioak bizi gintuen. Iritsiko dira zuei ongi-etorria egiteko garai hobeak, maiuskulaz idatzitako askatasunaren garaiak.

(Euskal Irratietako Goiz Berri saiorako kolaborazioa)

Bukaerarik gabeko egunak

Gazte mugimenduko eta mugimendu abertzaleko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude