Bozkatuko al dute Katalunian?

Vull Votar
Boza emango dugu“, idatzi du Vicent Partalek, prozesu independentisten gaineko esperientziadun kazetariak. 2014ko azaroaren 9an bozkatuko dute katalanek, izan erreferendum batean edo hauteskunde plebiszitarioetan. Hain sinplea eta hain erraza. Independentistek irabaziz gero, aurrera segiko dute Kataluniako indar politiko nagusiek, Espainiarekin negoziatu ezin dena nazioartearekin eginez. Horra Partalen hitzak, eta ez da prebisio horrekin dabilen bakarra (Independentzia egongo da, ez baita erreferendumik egongo. Manuel Delgado). Jabetu al gara Euskal Herrian Kataluniakoa ez dela amets-irudi hutsa?

Kataluniari buruz hemendik idazten ari direnen artean gogoz segi ditut, Xabier Letona, Martxelo Otamendi, Imanol Murua, Urtzi Urrutikoetxea, Beñat Zaldua, Aritz Galarraga eta beste hainbaten artikulu-analisiak. Normala denez, ez dute guztiek berbera pentsatzen, baina ahaleginak eta bi egiten ari dira Kataluniakoa serio hartzeko. Zergatik hartu behar den serio? Sentsazioa dut oraindik ere eszeptizismo akritiko batek hartu dituela animalia politiko ei diren euskaldun asko.

Euskal Herrian 50 urtean lortu ez dena Katalunian lauzpabost urtean gertatzea ezinezkoa dela dioen dogma ezarri da hainbat sektoretan. Ezin direla gu baino listoagoak izan, hain zuzen ere. Ez dakit inteligentzia kontua den, baina bada asmatze kontua. Arrakasta lortzeko behar diren osagaiak jasotzea, plater ezin hobea sukaldatzeko. Eta asmatzen ari dira.

Eszeptizismoan igerian dabiltzan euskaldunei galdera bat luzatuko nieke. Zein da Katalunia estatu bat bihurtzea galarazten duen baldintza? Helburua markatuta dago. Plana marraztuta. Aldekotasunak irabazita. Stop. Pertsuasioari buruzko azalpen bat. CiU independentista egin bada, arrazoi bat eta bakarra gailendu delako izan da: estatu batek haien interesei mesede egingo dien ustea dutelako.

Nola atera daiteke gaizki prozesua? Iragartzea ezinezkoa den mila arrazoigatik, jakina. Hala ere, gaur gaurkoz prozesuan eten bat atzematea pentsaezina egiten zait. Norbaitek argi diezadala nire iluna. Bada prozesuaren porrota aurreikusten duen euskaldun jatorrik, argudioz ahul gehienetan. Badut sentsazioa zenbait abertzalek inbidia osasuntsuaren ordez bekaizkeria gaiztoa dutela zainetan. Porrotaren zain daudela, norberaren ezintasuna besteengan islatzeak sortzen duen lasaitasun inozoarekin kontzientzia baretzeko. 2014an bozkatu eta estatu berria martxan jartzea ezinezkoa dela defendatzen duen argudiorik ez dut entzun azken aldian. Aditu dut, ordea, ez dela gertatuko. Eta punto. Iritzi horretan bat egiten dute Rajoy eta enparauekin. Aipatutako fenomenoaren kontrakoa ere existituko da akaso. Kataluniakoa gurtzea, euskaldunon praktika historiko bat elikatzeko: masokismoa.

Zaila da burua hotz eta bihotza bero duzunean hau bezalako gaia segitzea. Baina, hain zuzen ere, bi ezaugarri horiek, seny i rauxa, senak eta suminaldiak, jokaldi berberean egin dute apustu; independentzian. 400 kilometroko giza katea osatzeko biak ala biak behar dira, ala? Beste hainbeste gizarte zibiletik eta instituzioetatik eman diren urratsak egiteko. Azkena, Artur Masena, Europako buruzagiei galdeketaren aldeko gutun bat bidaliz. Espainia zatiezinari tamainako erronka egin dion lehenbiziko presidente autonomikoa da Artur Mas. Ozeanoan urrutiraino murgildu dira. Oraingoan, arropa gehienak erantzi gabe igeri egin ere.

Garaipena edo porrota. Hirugarren bidea zaila da, Espainiako kultura politikoa ezagututa. Iñaki Gabilondo dixit. Bi urrats nagusi gelditzen zaizkio Kataluniari. Lehenbizikoa, bozkatzea. Bigarrena, independentzia eskuratzeko nazioarteko aitorpena izatea. Tartekoa diseinatuta dago, betetzea falta da. Esan beharrik ez da, alderaketa mingarri masokistei helduta, lehenbiziko urratsak aise gaindituko duela Euskal Erdian saiatu den estatus aldaketaren imintzioa.

Eztabaida luzatze aldera, inkesta moduko galdera nahi dut planteatu, Vicent Partalen artikuluaren haritik: Bozkatuko al dute Katalunian? Zer uste duzu?

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

10 pentsamendu “Bozkatuko al dute Katalunian?”-ri buruz

  • Nire ustez ere “Katalunian 2014ko azaroaren 9an egin nahi duten kontsulta hori ez da egingo.”. Baina “Katalunian egin diren urratsen artean, guk ere ikusten ditugu interesgarriak direnak eta egoki kudeatuz gero arrakastatsuak izan daitezkeenak. ”
    Artikulu honetan badira argumentu sendoak:
    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-01-07/004/001/menderatuen_arrazoia.htm

    • Iñaki Larrañaga 2014-01-07 22:41

      Eskertzen dizuet artikulu hori hona ekarri izana. Tamalez Espainia Europako Batasuneko estatu homologagarria da. Ez dira demokraziarentzako garai onak (eta noiz bai?). Ebidentea da independentista batentzat Espainiarekin akordio gustagarririk egitea ezinezkoa dela. Ados. Eta zertan ari dira ba Katalunian ez bada ukatzen zaienaren gainetik pasatzen? Zertarako bidali dute Europako estatuetara gutuna? Erreferendum bat egitea, besteak beste eta eztabaidan ez luzatzeko, ez da Espainiaren oniritzia izateko modua, baizik eta gainontzeko estatuen aurrean zilegitasuna emateko gutxiengo baldintza, hemen eta orain. Ala Eskozian arpa jotzen dabiltza azaroaren 18ari begira? Artikuluak dio azaroaren 9an ez dela kontsultarik egingo. Ados. Aldiz, hauteskunde plebiszitario+aldarrikapen aldebakarrekoari buruz ez dio hitzik testuak. Gaia segitzen dutenek badakite de facto-ko debekuari (errolda ukatuz adb) aurre egiteko bideetako bat aldebakarreko independentzia dela (irakurri Manuel Delgadorena). Hortaz, harrituta nago, parlamentu baten gehiengo independentista batek estatu aldarrikapena egiteari buruz zipitzik ez dioelako. Ez da ahazte anekdotikoa. Iruditzen zait nahita utzi dela kanpoan, balizko porrot saihestezinaren eskema apurtzen duelako. A! Eta artikulu horren azken esaldiarekin bat egiten dut: Gure Esku Dago. Izan ongi.

      • Arreta handiz jarraitzen ari naiz Kataluniako prozesua eta poza handiz hartuko nuke independentzia lortuko balute erabiltzen ari diren metodologiarekin. Horrek argi eta garbi utziko luke bide demokratiko eta baketsuak daudela gurea ere lortzeko.
        Oraino bide demokratiko horiek ez daudela eta zapaldutako herrien independentzia galarazteko Espainiako eta Frantziako Estatuek nahiko inposizio tresna daukatela uste dut. Katalunian independentzia aldarrikatuz kontrakoa demostratzen badute… haiei eskerrak eman eta ate hori irekita daukagula jakingo dugu ziur. Lizarra-Garazirekin eta Ibarretxeren sasi galdeketarekin burutu zapuztuta geratu zen bidea egingo genuke errazago.
        .
        Ez dakit prozesu horren aurrean mesfidati gauden euskaldunen arrazoi guztiak; bekaizkeria ona ala txarra, azkarrenak garela pentsatzea….. batek daki. Baina ondo dago gogoraztea Kataluniako ezker independentisten artean badaudela ere mesfidati daudenak, besteak beste erreferendumari babesa kritikoa eman dioten CUP, edota Endavant alderdiak. Beraz, badago beste arrazoi bat gure mesfidantzarako; gure azterketak egiteaz gain, Kataluniako ezker independentistan egiten dituzten balorazio politikoak aintzat hartzea. Azkenean oker daudela-gaudela agerian geratuko dela? Hobeto guretzat.
        .
        Endavant-eko Arnau Carné ordezkariari Argiak egindako elkarrizketa bat:
        .
        “ALDAKETA SOZIALIK GABE EZ DAGO NAZIO BURUJABETZARIK”
        http://www.argia.com/argia-astekaria/2396/arnau-carne
        .
        Edonola ere, askapena nazionalaren borrokan une honetan aurrea hartu duten katalandar independentistei gure babesa eta laguntza eman beharrean gaudela uste dut.
        .
        Visca la Terra !!

  • Epitafioa oso impaktantea da. Ahal dezake altuago esan, hobeki, ez dut uste. Artikuluaren egileari: chapeau! Aurtengo txapelazko irabazlea eta bakarrik urtarrilaren 07-an gaude….

  • Zeinen eskuetan egondo den ba? Gure eskuetan dago estrategia independentista bat antolatzeko, gure eskuetan dago inperialismo gure herrian jarri dituen instituzioeatik ateratzeko, gure eskuetan dago ditugun lurraldeak bi estsaiei ingobernableak bihurtzeko, gure eskuetan dago herriaren boterea berreskuratzeko, gure eskuetan dago guk gobernatzea eta orduan erabakitzea, gure eskuetan dago gure instituzio propiak berreskuratzeko. Gure eskuetan dago inperialismoa barruan jarraitzeko eta inperialismoari obedizitu eta beraien legeak onartzea edo inperialismoari aurre egitea.

  • “ALDAKETA SOZIALIK GABE EZ DAGO NAZIO BURUJABETZARIK”???
    Nazio burujabetzak egoera soziala berria erakartzen du. Inperialismo barruan ezin dira eskubide sozialik izan. Burujabetzaren helburua ez da dagoen egoera inperialista aldatzea, egoera hori sustituitzea baizik. Ez bagaude garbi asunto horrekin jai dugu. Eskubide nazionalek eskubide sozialak konstituitzen dituzte, non eskubide sozialak eskubide nazionaleen konstituienteak dira.

    • Bidaltzen badizkiezu Endavant-ekoek ziur aski interes handiz irakurriko dituzte zure aholku interesgarriak. Horrela ez dute bidea okertuko.
      Hori bai, aholkatzen dizut lehenago elkarrizketaren titulua baino zerbait gehiago irakurtzea.
      .
      Zorte on !

      • Nire ustez ere, burujabetzarik gabe ez dago aldaketa sozialik. Inoiz lortuko ez dugun aldaketa sozial español batek baldintzatzen bagaitu, gureak egin du!

  • “Espainiako Defentsa ministroak onartu du Kataluniako independentziak kezkatzen dituela militarrak”
    .
    ” Hitzez hitz honela esan du: “Militarrek haien iritzia daukate, espainiarrak direlako, beste guztiak bezala, eta kezkatu egiten dira norbaitek hain oinarrizkoa den Espainiaren batasuna moduko balorea zalantzan jartzen duenean”.

    Morenések gogorarazi du militarren eginkizun funtsezkoenetako bat Espainiaren batasunaren alde lan egitea dela eta zera gaineratu du: “Lasaitasuna gorde behar dute, eta horixe egin dute hainbat urtez, etengabe espainiar guztien oinarrizko balorea, Espainiaren batasuna, zalantzan jarri denean.”
    .
    http://www.argia.com/albistea/espainiako-defentsa-ministroak-onartu-du-kataluniako-independentziak-kezkatzen-dituela-militarrak