Bozgorailua

Jakina da Enrique Maia Iruñeko alkate jaun txit agurgarriak zer jarrera izan ohi duen bere alderditik kanpo jaso ohi dituen proposamenen aurrean. Ez du maite besteek euren aburua plazaratzea, ez ditu maite besteak. Ez ditu bere kaleetan nahi. Yolanda Barcinaren lekukoari ongi heldu dio bi urte hauetan zehar. Euskaldunen mamua eta guzi! Eta noski, jarrera horri aurka egiten dionak ez du barkamenik merezi, ez da etikoa, ez da demokratikoa. Horiek Ezetzaren Koordinakundearen lagunak dira. Nahiz eta ezezkoa, besteei, Maiak ematen dien. Ezetz baimenei, behin eta berriro. Ezetz. Eta punto.

Halaxe funtzionatzen du Iruñeko Udalak. Ezezko horrek agerian uzten du nork agintzen duen, eta nork obeditu. Mailak daude, klaseak, eta horren aurka ezin da ahotsik altxa. Zer esan duzu? Ez dut ongi aditu. Ez zara vascoa izanen? Eta ezetz. Eta punto.

Sanferminak ailegatzear direla ere, ezetz. Etxekoek ezin dute nahi bezala jardun, ezin dute nahi duten moduan disfrutatu, ezin nahi gisan jokatu. Ezezkoaren Koordinakundekoa izateak hori du patu, ezezkoa. Eta punto.

Baina, hiri honetan, iduri du Ezezkoaren Koordinakunde hori uste baino zabalagoa dela. Edo, behinik behin, agintean direnen interesen arabera zabaldu edota txikitu egin daitekeela. Izan ditzake lau militante, izan ditzake 100, baina ailegatu daiteke udalbatzako gehiengoa izatera ere. Handitzen delarik, zigortu eta kitto: ezetz, eta punto.

Halako batean, agertu dira ezkide batzuk, antzezlan bat egin nahi dutela, non eta sanferminetako entzierroaren ibilbidean, uztailaren 6tik 14ra girien meka izanen den horretan. Zer esan duzu? Zer egin nahi duzula? Eta halako batean, antzezlanaren gaia ikusirik, ba, kristau on batek eginen lukeen moduan: ezetz, eta punto.

Hara! Ezezkoaren aldekoak biderkatu egin direla! Eta egoera makurtu egin da, Iruñeko Udalak biolentzia matxista zuritzen ari ote duen ere zalantzan jartzeraino. Baina hemen nork agintzen duen eta nork obeditzen duen argi utzi beharra dago, beti. Eta Ezezkoaren Koordinakundearen aurrean beti tinko, ezin da negoziatu. Eta halako batean, buelta eman dio tortillari, eta kale sakratua beharrean Gazteluko plaza eskaini dio antzezlanari. Ufffa, atzeko atetik atera beharko.

Akatsa ez du inoiz onartuko, agintzen duena ez baita obeditzen duenaren aurrean inoiz makurtuko. Baina UPNk hasieran hartutako erabakia goitik behera gaizki egon zela argi eta garbi geratuko da uztailaren 3an. Izan ere, bestela izanen ez lukeen oihartzuna izan baitu Nagore Laffageren omenezko antzezlanak. Azkenerako, Gazteluko plazara pasatzea ez da ideia txarra izanen. Agian zezen plaza ere beharko dute. Ezezkoa bozgorailu bihurtu baita gizarte patriarkal hau salatu nahi zutenentzat.

Bozgorailua

BARDO GORRI NAFARRA