Bota eta bota!

Bota eta bota! –

Orain 81 urte, 1937ko apirilaren 26an, faxistek Gernika bonbardatu zuten, eta oroimenerako eguna dugu gaurkoa:

 

Ahotsak.eus atarian, esaterako, erasoa gertutik pairatu zutenei eman diete hitza: «Gernikako bonbardaketa, lekukoek kontatuta: “Bota eta bota!”».

1937ko apirilaren 26an Gernika-Lumo bonbardatu zuen hegazkin alemaniar eta italiarrek, Francoren aginduz. Duela 81 urte une latz haiek bizi izan zituztenen lekukotasunak jasotzeko aukera izan dugu Ahotsak.eus proiektuan, eta bideo labur bat prestatu dugu.

Apirilaren 26 hura astelehena zen, azoka eguna. Herria gainezka zegoen. Bertan bizi ziren 5.000 herritarrez eta Busturialdeko baserritar eta erosle askoz gain, beste hainbat herritatik heldutako errefuxiatuak zeuden. Kanpai hotsak eta lantegietako alarmak entzun zituztenean, babeslekuetara joan ziren lasterka. Gerra hegazkinak agertu ziren zerumugan, eta bonbak jaurtitzen hasi ziren. Erasoak luze jo zuen. Bonbak bota ostean, ihesi zihoazen herritarrak ametrailatu zituzten, hegazkinetatik. Guztira 2.000 pertsona inguru hil ziren. Zibilen kontra inoiz egindako aire eraso handiena izan zen, eta nazioartean gerraren aurkako ikur bilakatu zen Gernika.

Urtero legez, Gernikan egunotan modu berezian gogoratuko dituzte bonbardaketaren ondorioak, eta guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu Ahotsak proiektuan jasotako testigantzekin prestatu dugun bideo labur honekin:

Gernikako bonbardaketa mundu osoan da ezaguna, sarraski handiena bertan egin zutelako. Eraikinen ehuneko 1 bakarrik geratu zen zutik. Hori bai, Gipuzkoan eta Bizkaian herri asko bonbardatu zituzten. Aste batzuk lehenago hasi ziren zibilen kontrako eraso mota horren eragina frogatzen: martxoaren 31n Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten hegazkin italiarrek, eta guztira 350 hildako inguru eragin. Gernikan, hegazkin italiarrak eta alemaniarrak batu ziren. Lehengo teknikez gain, bonba leherkor bereziak ere erabili zituzten, oso erasokorrak.

Gernikako bonbardaketari buruzko informazio gehiago, Wikipedian.

1936ko gerrari buruzko bideo gehiago: Gerrako Ahotsak webgunean.

Bota eta bota!Bota eta bota!
ahotsak, bonbardaketa, Gernika, oroimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude