Bost Mila Hitz. Zergatik?

Ez da egia, baina niri argazkia bakarrik zait axola. Beste guziaren zergatiak ere kezkatzen nau, baina testutxo hori (eta ez beste bat) argazki batez lagunduta argitaratu beharraren zergatiak erraiak jaten dizkit.

Argazki bat hartu eta hura edo beste bat egokiago litzatekeen eztabaida luzea da. Luzea bezain interesgarria eta noizbait hartu nahiko nukeena, baina gaur berri, kronika, elkarrizketa edo artikulu bat argitaratzean argazkiz lagunduta joan behar duen edo ez da dudatan jarri nahi dudana. Argazkiak testua laguntzen duen edo alderantziz gertatzen den edo, beste batetarako utziko dugu (fronteak ireki besterik ez dut egiten).

Edozein berri hartu dezakegu galderari erantzuten saiatzeko, bai eta  aurrez aipatu genuen eraikin horren zahar berritze lanen iragartzea ere. Nere ustez berri bakoitzak erantzun desberdina emango liguke, baina erantzuna galdetuz bakarrik lortze dugula uste dut.

Galdera “Zergatik?” da. Gertakari hori kubritzea ebatsi dugu, ustez, jendeari jakin arazteko bezain garrantzitsua dela iruditu zaigulako. Erabaki dugu egunkarian emango diogun tartea (garrantzia, publizitatea…), erabaki dugu noiz argitaratu, erabaki dugu nola eman, erabaki ditugu hamaika gora-behera eta erabaki dugu hutsune bat edo bi uztea argazkiak sartzeko; Edo agian irudirik ez sartzea otu zaigu.

Baina zergatik? Zergatik erabaki dugu irudirik ez sartzea? edo bat sartzea? bi, hiru? Argazki batek berri horri eman diezaiokenaz hausnartu dugu? Argazki bat behar dugu? Beste irudi motek ez dute balio? Zer esaten digu argazkiak? Zergatik eskatu dugu “argazki hori”? Zenbat pisatzen du estetikak? eta ohiturak? Zergatik hartzen ditu argazki horrek 2 zutabe? 4 zentimetroko luzera duten argazkiek badute zentzurik? estetika, est etika? Zergatik horizontala eta ez zutikakoa?

Zutik edo eserita, baino geldi, kietoparau, kamerari begira, mahai, pankarta edo kartel baten aurrean jarrita dagoen jende multzoz beteriko egunkariak ditugun garai hauetan (sarekoak ere beste batetarako!) egin beharreko galdera dela uste dut. Nik gaur goizean lautan galdegin diot neure buruari: zergatik eskatuko zuten honen argazkia? Erantzunak hipotetikoak izan dira (neunik erantzun baitut) baina laurak izan dira ezberdinak (eta ez naute denek asetu).Zergatik argazkia berri horri, eta kezkagarriagoa dena, zergatik argazkia nik sarrera honi?

Irudia | Zergatik argazkia berri horri, eta kezkagarriagoa dena, zergatik argazkia nik sarrera honi? | Gari Garaialde | Creative Commons By SA
Fotokazetaritza

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude