Bizkaiko zamarrei usaina eta kea darie

azkunaaaaa_6159_1

Azken hamar urteetan bizkaitarron zamarrak hiru lekutara joan dira: heren bat, zamartegietara; beste heren bat, errauskailura; eta azken herena, berziklatzera.

Orain, Aldundiak Tratamentu Biologiko-Mekanikoko zentrua zabaldu du. Zertarako da hau? Ba zamartegietara botatzen ditugun zamarrak zentru horretara eroango dituzte. Horietatik % 8 inguru berziklatu egingo dituzte. Beste guztia lehortzen ahaleginduko dira, eta behin lehortuta, errauskailura eroango dute gehiena, erretzera.

Zentro berri honekin, hau izango da Bizkaiko zaborren destinua, gutxi gora behera: %40 inguru berziklatu, %60 erre.

Zentru hau zabaldu berri dute, eta inaugurazioan Bilbao gure Ahaldun Nagusia euforiko azaldu zen. Beste probintzia batzuekin konparatuta, Bizkaiak zamarren arazoari irtenbidea topatu diola aldarrikatu zuen, harro. Azkuna alkate bilbotarra ere ez zen atzean gelditu. Sistema honekin, bilbotarrek berziklatu beharrik ez daukatela bota zuen, honek ere harro-harro. Urteetan egindako kontzientziazio kanpaina guztiak pikutara bidali zituen, esaldi bakar batean.

Baina, benetan konpondu du Bizkaiak zamarrekin zeukan arazoa? Guk uste dugu ezetz. Alderantziz, lehen zeukan arazoa handitu besterik ez du egin. Ikus dezagun zergatik.

Errekurtsoak erretzeak, zentzurik badauka?

Bizkaitarrok hondakinen %38a bakarrik berziklatzen dugu. Beste guztia erretzera edo zamartegira bidaltzen dugu. Botatzen ditugun hondakin horietatik gehienak, birziklagarriak dira. Garestiak, baliotsuak eta urriak diren baliabideak sutara botatzen ari gara: plastikoak, papera, organikoak… Errekurtso mugatuak dituen planeta honetan, errekurtsoak erretzen ibiltzea, ez da oso zentzuduna.

Gainera, berziklatzen ez dugun bakoitzean dirua galtzen dugu. Herritarrok bi edo hiru aldiz ordaintzen dugu sistema honetan. Zelan? Hauexek dira pausoak: Dendan produktu bat erosterakoan, berarekin datozen bilgarriak ere ordaintzen ditugu: poteak, boltsak, paperak… Beraz, hortxe lehenengo ordainketa. Erabili eta gero, hondakin guztiak zamar poltsa batean sartzen ditugu, eta enpresa bati ordaintzen diogu zamar horiek errauskailura eramateko eta bertan erretzeko. Bigarren ordainketa. Errauskailuaren jabea den enpresak elektrizitatea sortzen du zamar horiek erreta, eta elektrizitate hori guri saltzen digu, etxean erabiltzeko. Hor hirugarren ordainketa. Planeta pobreago, eta gu ere pobreago. Aberastu den bakarra, errauskailuaren jabea. Esan beharrik ez dago, errauskailua eraikitzeko erabili zen diru publikoa ere geure boltsikoetatik atera zela.

Errauskailuek minbizia sortzen dute

Daukagun sistema honek pobreago bihurtzen gaitu. Baina ez hori bakarrik, gaixotu ere egiten gaitu. Gure zamarrak erretzera eroaten dituen kamioiak botatako keak nahikoa ez, eta errauskailuak botatako toxinek kantzerra sortzen dute inguruetan bizi diren herritarrengan. Ez diogu guk, Carlos IIIa unibertsitateko ikerlariek baieztatu dute orain dela gutxi. Justua da gure zamarrak erretzeko Bilbo eta Alonsotegi inguruko herritarren osasuna arriskuan jartzea?

Zer egin errauts toxikoekin?

Jose Luis Bilbaok harro esan zuen Bizkaiak dagoeneko ez daukala arazorik zamarrekin. Zamarrekin ez, baina zamarrak erreta sortzen ditugun errautsekin bai, horiekin arazo potolo bat daukagu. Eta Bilbao Ahaldun Nagusiak badaki. Errauskailura sartzen den zamar bolumenaren % 20 izaten dira errautsak. Kopuru oso handia. Horregatik ari dira proposatzen errauts horiek errepideak egiteko erabiltzea. Zeinek nahi du bere etxe alboko errepidea erretako zamarrek sortutako errauts toxikoekin egitea? Kostako zaio Bilbaori boluntariorik topatzea.

Beraz, argi dagoena da errauskailuek ez dutela zamarren arazoa konpontzen. Alderantziz, arazoa konplikatu besterik ez dute egiten, zamarrak errauts toxiko bihurtzen dituztelako. Zamarrak erraustea ez da irtenbidea. Berziklatzea da irtenbidea, baina horretarako borondate politikoa eduki behar da. Bizkaiko Foru Aldundiak ez daukan borondatea.

Berziklatzeari beldurra

Bizkaiko Foru Aldundiak beldur handia dio berziklatzeari. Zergatik? Ba bizkaitarrek gehiago berziklatzen badute errauskailuak jateko gutxiago edukiko duelako. Eta errauskailuak jateko asko behar du, errentagarria izateko. Erretzeko zamarrik barik, ez dago negoziorik!

Ikusi besterik ez dago zelako ahaleginak egiten ari diren berziklatzeari mugak ipintzeko. Adibidez: Aldundiak organikoa banatuta jaso ahal izateko dirulaguntzak prestatu ditu udalentzat. Horra arte dena ondo. Baina goazen letra txikia irakurtzera. Dirulaguntza horiek jasotzeko udalek baldintza hauek bete behar dituzte: 5. edukiontziaren bidez jaso behar da organiko hori, eta sukaldean prestatu gabeko organikoa izan behar da. Diputazioak badaki kozinatu bako organikoa borondatez berziklatuta jasoko dutena oso hondakin kopuru txikia dela. Badakite, eta hori da nahi dutena. Organikoa jasotzeko pausoak ematen ari direla esan, praktikan ia ezer jasotzen ari ez direnean. Gogoratu: errauskailuari jaten eman behar zaio!

Alternatibak badaude

Zamarren gurpil zoro honetatik atera behar gara bizkaitarrok. Zamarrak erre ordez, hondakinak berziklatu behar ditugu. Inguruko herrietan dauzkagu adibideak. Hondakinen %80a berziklatzen ari dira Euskal Herriko herri batzuetan. Baita Katalunia edo munduko beste txoko askotan ere. Sistema asko eta onak daude hori lortzeko: autokonposta, auzokonposta, atez ateko bilketak… Borondate politikoa behar da bakarrik, eta hondakinak berziklatu eta berriro erabiltzeko gogoa. Sinistu egin behar da berziklatzean. Eta, momentuz, Bizkaiko Foru Aldundiak errauskailuan sinisten du. Herritarrok izan beharko gara gure aldarrikapenen bidez jokaera hori aldatuko dutenak.

Bizkaiko EGUZKI, Talde Ekologista eta Antinuklearra

4 pentsamendu “Bizkaiko zamarrei usaina eta kea darie”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2013-03-22 17:22

    Ba barka nazatela Eguzkikoek, baina nik behintzat kalean jendeari jantzita ikusten dizkiodan zamarra batzuk, birziklatzeko ontzira bota gabe, zuzenean sutara bota eta errautsak lurperatuko nituzke, inoiz horrelako gauza itsusi-horterarik esistitu izan dela jendeak betiko ahaztu dezan. Baina bueno, hori nire iritzi pertsonala besterik ez da…