Bizkaiko azken udalerria

Bizkaiko azken udalerria –

Joan den asteburuan EAJk Bizkaiko udalerri guztietarako hautagaiak aurkeztu zituen. Gizaburuaga eta Amoroto dira salbuespen, era berezian hautatzen dituztelako bertako udalak, baina gainontzean udalerri guztietan egongo da EAJren zerrenda bat. Herrialdean daukan nagusitasun historikoa gogoan izan da, ezer aipagarririk ez orain arte.

Valle de VillaverdeGizaburuagaz eta Amorotoz gain, badago hirugarren salbuespen bat; Bizkaiko lurraldearen barruan dagoen udalerri bat, teknikoki Bizkaiko zati ez dena: Villaverde Turtzioz (2005etik ofizialki Valle de Villaverde), eta Kantabriaren menpe dagoen Euskal Herriko beste “Trebiñu” hori da. Kasu honetan Bilbotik urrun samar ere egon arren, eta hedabideetan leku txikia izan du Arabako enklabearekin alderatuta.

Herri txikia da -wikipediaren arabera, 400 biztanle baino gutxiago – Miguel Angel Revilla Kantabriako presidente telebisiboaren PRC alderdi erregionalistak dauka alkatetza. Eta abertzaleek? Zail dago jakiten: udal hauteskundeetan aurkeztu ez, eta hauteskunde foral, autonomiko edo Espainiakoetan Kantabriako barrutian dagoenez herria, barruti horretako hautagaitzen paperak baino ez daude hauteslekuetan. Badago, baina, alderdi abertzaleak aurkezten diren hauteskunde bat, paradoxikoki udalgintzatik eta politika hurbiletik gehien urruntzen den eremuan: Europako hauteskundetan Espainia osoa denez barrutia, bai EH Bildu bai EAJ -edo horiek aurkezten diren koalizioak, katalan, galiziar eta Espainiaren menpeko nazio batzuetako alderdi txikiekin- bozkagarri dira Europako hauteskundeetan. Hauek izan ziren emaitzak Europako azken hauteskundeetan (iturria: http://elecciones.mir.es/resultados2014 ):

Botoemaleak: 160 (% 55,17)
Abstentzioa: 130 (% 44,83)
Nuloak: 5 (% 3,13)
Zuriz: 4 (% 2,58)

CEU 115 (% 74,19)
PP 13 (% 8,38)
PSOE 6 (% 3,87)
PODEMOS 5 (% 2,58)
IUC 4 (% 1,93)

Lau bototik hiru Coalición por Europa-ra joan ziren, hau da, EAJk eta CiU ohiak osatutakoak (Galizia eta Kanarietako alderdiekin batera). Hurrengoak, PPk ia hamar aldiz boto guxiago eskuratu zituen. Bitxia da EH Bildu-ren alde zero boto agertzea. Mugakide dituen herri guztietan alde handiz gailendu zen EAJ lehena baina EH Bildu izan zen bigarrena, eta atzetik izan ziren espainiar alderdiak: Karrantzan EAJk % 56,2 eta EH Bilduk % 19,5, Turtziozen 61,3 eta 17,5, Lanestosan 37,7 eta 13,15 eta Artzentalesen 64,5 eta 17. Inon ere ez ziren jeltzaleak Villaverdeko % 74ra iritsi, horratik.

Hurrengo urtean, 2015eko udal hauteskundeetan, PRC, PP eta PSOE aurkeztu ziren, eta hor PRCko hautagaiak botoen hiru laurden lortu zituen, aurreko urtean EAJk legez (udal hauteskundeetan parte hartzea nabarmen handiagoa izan arren).

Hauteskundeak ezin dira estrapolatu, udal politika oso berezia da, are gehiago herri txikietan, baina gutxienez, argi gelditzen da Villaverde Turtziozko herritarrek, hautagaitza abertzaleren daukatenean, haren alde bozkatzen dutela masiboki.

Bizkaiko azken udalerria

3 pentsamendu “Bizkaiko azken udalerria”-ri buruz

  • Argazkia, ordea, Villaverdekoa barik, Turtziozekoa jarri duzu.

  • Ez dut neuk jarri, Zuzeu-ko lagunek baizik, borondate onenarekin, irudiren bat izan zezan testuak.

  • Nola ulertzen da orain CEUSek (EAJk) %13,5 eta Orain errepublikak (EH BILDUk) %0.75 soilik lortzea?
    Akats bat dago edo aurrekoan Revillaren alderdiarekin batera aurkezul ziren?