Bizkaiko Aldundia, Bilbao Basket eta Urduñako udala

Berria.info-n irakurri dut albistea: Bizkaiko Aldundiak zorra barkatu dio Bilbao Basketi , zur eta lur geratu naiz Bilboko enpresa pribatu bati foru agintariek emango dioten dirutzaren berri izan dudadean. Milioi eta erdi euro eman eta 3,7 milioiko zorra barkatu omen diote saskibaloi taldeari, eurek horrela erabaki dutelako.

Badirudi hauxe dela Bizkaiko agintarien ohiko jarduna, euren lagunei zergapekoen dirua nahieran eman eta lagun ez diren edota bestelako kolore politikoa dutenei ezta hurrik ere.

Urduñako udala urtarriletik dabil Aldundiaren laguntza eske, udalak EAJ agintean egon zen urteetan egindako kreditu operazioetan foru erakundea lagun izan zuen hiria zorpetzen, eta nolabait erreskatea egin zioten Urduñederra sozietate publikoaren akzioen %13 milioi bat euroren truke erosi zituztenean, elkarlan estuko garaiak zituzten haiek.

ritxar-bilbao1

Orain ordea, udalak proposatutako Urduñederra elkarte publikoan Aldundiak duen parte hartzea handitzeari ezezko borobila eman diote Bilbao eta konpainiak. Agintean ez dago EAJ, baina udal egitura eta ohiko gastuak muturreraino estutu behar izan ditu Bilduk; hala eta guztiz ere, udalari kontuak ez zaizkio ateratzen eta Aldundiari deika eman ditu azken lau hilabeteak hondamendi ekonomikoa saihestu nahian.

Egungo alkateak ezin hobeto azaltzen du udalerriaren egoera EH Bilduk eginiko bideoan.