Bizkaibuseko oilategia

Nire klasekide batek, baxenafarra bera, behin esan zidan Hegoaldean anitz oihukatzen dugula. Arratsaldeko zortzietan hartu ohi dugu Bizakaibusa Leioatik bueltan, eta, egia esan, zarata da nagusi, oilategia iduri du. Denak dabiltza solasean batera, eta altu, oso altu. Klasekideak dio Iparraldean ez dela zaratarik autobus publikoetan, lasaitasuna dela nagusi. Eta ezin uka ongi ezagutzen dituela bi errealitateak, Hego eta Ipar. Izan ere, bi aldeetan du familia, eta eguberrietan bi otordu arras diferente izan ohi ditu. Abenduaren 24an Hegoaldean, kalapita handia, eta abenduaren 25ean Iparraldean, bakean.

Berak, aitzitik, ez du ezagutzen eguerdian Bizkaibusa hartzen duen emakume bat. Espainiarra da, Andaluziakoa edo (hizkerarengatik antzeman diot, baina auskalo), eta horrek autobus osoarendako hitz egiten du. Ez du bozgorailurik behar, ahots ozena baitu emakumeak. Normalean klasekide batzuekin elkartzen da bigarren eta hirugarren geldialdietan igotzen direnak, eta orduan hasten dira builaka, Bizkaibus oilategi bihurtzen da. Marmarmarmar, interesatzen ez zaigun arren, Mujeres y Hombres ikusi behar! (aditu, kasu honetan). Agian geroz eta hegoalderago jaitsi orduan eta kalapita gehiago, batek daki. Merkatu arabiarrak beti irudikatu ditut oihu artean.

Herenegun, baina, bakarrik egin zuen bidaia emakume espainiarrak. Lasai, horrelakoetan sakelekoa atera eta bidai osoa solasean egiten du. Bueno, solasean edo oihuka, ohi duenez. Kontua da oso aztoraturik zegoela emakumea, izan ere, El Paisen irakurri zuenez Alemaniak zoofilia debekatu egin du. Ez, ez zegoen aztoraturik debekuarengatik, orain arteko debeku faltagatik baino. “Herrialde azpigaratu batean, bale, baina Alemanian?” bota zuen (ez dakit telefonoaz bestaldean zegoenari edo autobus osoari). Hara! Antza denez garapen mailaren araberakoa da animalienganako erakarpen sexuala.

Eta hasi zaio kontatzen, badela talde bat ZETA deiturikoa eta zoofiliaren aldeko manifestazioak egiten ari dena. Taldeko buruaren bikotea txakur bat dela, eta zazpi urte daramatela elkarrekin (hots, Mujeres y Hombresen bertsio berria, animaliak ere jokoan sarturik). Orduan buruari bueltaka hasi naiz. Onartu dezakegu pertsona batek animali batekin sexu harremanak izatea? Bote prontoan baietz esanen nuke, baina, bigarren galdera bat ere etorri zait burura, nola dakigu animalia horrek sexu harremanak izan nahi dituela pertsona horrekin? Eta hor galdu egin naiz. Ez dakit askatasun sexuala den, edo bortxaketa. Eta galdurik nagoenez, aurreiritziz beteriko komentario bat bota aurretik (jakinda autobus guziak adituko nauela), galdera plazaratzen dizuet. Zuek zer uste duzue? Hori bai, erantzun lasai, ez dezagun beste oilategi bat sortu Zuzeuko txoko honetan.

 

Bizkaibuseko oilategia
Alemania, sexua
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA