Bizitzaren prezioa

Hirugarren Mundu[1] ezezagun eta urrutiko horretan bizitzak ez omen du ezer balio. Lehenengo Mundukoek azkeneko izatea eragindako Lurreko eremu horretan, horrenbeste pertsona hiltzen dira egunean non ez omen den inor konturatzen beste bat joan egin dela. Inori ez zaio axola. Are gutxiago bizi-maila lasaia duten horiei, arazo larriagoak dituzte eta: krisia medio, ezin dute puntako segapotoa erosi edo Ribiera Mayako hotel garestienean ostatu hartu.

Lehen Mundu ia perfektu horretan, haatik, bizitza bat galtzen denean izugarrizko oihartzuna sortzen da. Bizitza garrantzitsua baita, bizi behar delako, bizitzak salbatu behar direlako, bizirik egotea hobe delako, bizia sentitzea baino. Hirugarren Munduarekiko amildegia hain da handia non herrialde txiro eta azpigaratuei buruzko irudiak agertzean, katez aldatu edo orrialdez pasa ohi dugun. Behintzat gu bezalakoak balira…

Eta besterik gabe, primitibotzat jotzen ditugu han, beste puntan daudenak, gurekin zerikusirik ez dutenak. Haien ekintza bortitzak kritikatzen ditugu, gu ez garelako halakorik egiteko gai, geurean ez delako halakorik gertatzen. Geuk armak dauzkagu, baina babesteko besterik ez dira. Geuk kultura zentsuratzen dugu, baina kaltegarria izan daitekeelako. Geuk egunkariak ixten ditugu, baina esandakoak arriskutsuak direlakoan. Guztia bizitza lehenesten dugulako.

Atzera begiratzea gehiegi kostatzen zaigu. Zertarako oroitu Kolonialismoaz? Zertarako bi Mundu Gerrez? Zertarako terrorismo lokalaz? Zertarako Gerra Hotzaz? Zertarako, azken hamar urteotan egin diren inbasio guztiez? Iragana… iragan, orainaldian bizi beharko baikina, funtsean, gu gabe aurrera jarraitzerik izango ez luketelako herrialde pobreek. Garapena ekarri diegu. Eta honela, Mexikon esaterako, bizitzak balioa edukitzea lortu dugu: 50$, hain justu. Hori da prezioa. Mexiko DF-n 50$ irabaz ditzake batek, bizitzen jarraitzeko, beste bati bizitza kenduz.

Zerbaitek balioa izan dezan preziorik behar al du? Eta gurean?


[1] Hirugarren Mundu terminoa lehen aldiz Frantziako aldizkari sozialista baten erabili zen, 50. hamarkadan, eta Gerra Hotzaren garaian inoren alde jarri ez ziren herrialde “pobreen” multzoa izendatzeko erabili ohi da. Gaur egun, hobetsi egin ohi da garatze bidean dauden herrialdeak bezalako terminoak erabiltzea.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...