Euskal esperientzia komunitarioak aztertuko ditu ‘Bizitzak eta lurraldeak’ nazioarteko konferentziak

Bizitzak eta lurraldeak –

Euskal Herriko esperientzia komunitarioei erreparatuko die “Bizitzak eta Lurraldeak” nazioarteko konferentziak. Gaurtik, apirilaren 9tik 11ra bitartean, Euskal Herrian garapenarekin eta eraldaketa sozialarekin loturiko esperientzia komunitario aberatsak aztertuko dituzte, Bilbon, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan.

Bizitzak eta lurraldeak

Iratzar Fundazioak hartu du aurten Europako Transform Sarearen lekukoa nazioarteko konferentzia antolatzeko. UPV/EHU, Olatukoop eta Partehartuzek ere heldu diote erronka honi, garrantzi berezia duen gaia lantzeko. Izan ere, Euskal Herrian udalgintza, tokiko garapena edo ekonomia eraldatzailea konbinatzen dituzten esperientzia ugariren sorlekua izan da. Aurreko hamarkadetan esperientzia komunitario kopuru handia metatu du gure herriak, oraindik ere behar besteko arretaz aztertu ez duguna eta bere neurrian baloratzen ez dakiguna. Atzera begirada horrek etorkizuna irudikatzeko balio digu.
Azken batean, Europako hainbat eragilekin batera, gogoeta sustatu nahi du ‘Bizitzak eta Lurraldeak’ nazioarteko konferentziak, Euskal eragile sozial, politiko, ekonomiko eta sozialekin partekatzeko. Momentu historiko honetan dauzkagun erronkak kontuan hartu eta etorkizunari aurre egiteko.

Hiru eguneko konferentzia izango da. Lehen egunean, apirilaren 9an, eremu berri baterako tresna teorikoak aztertzeko hainbat saio izango dira. Jule Goikoetxea (EHUko irakaslea), Imanol Esnaola (Gaindegiako zuzendaria), Beñat Irasuegi (Talaios kooperatiba), Jone Etxeberria (filosofo eta ekintzailea), Joan Subirats (UABko katedraduna eta Ada Colauren aholkularia) eta Iñaki Soto (Filosofoa eta Gara egunkariko zuzendaria) izango dira hizlariak.

Biharamunean, apirilaren 10eko goizean, Iruñeko udaletxera bisita egingo da. Arratsaldean, galdera honi erantzuten ahaleginduko dira bertaratuak: “Nola uztartzen dira tokiko garapena, udalgintza eta ekonomia eraldatzailea?”. Lehendabizi, Joseba Garmendia (EHUko irakaslea), Patri Perales (Iruñeko zinegotzia) eta Karlos Renedoren (arkitektoa eta Hiritik At kooperatibako kidea) arteko solasaldia izango da. Ondoren, Ivan Miró soziologo eta ekintzailearen hitzartzea izango da, Bilboko Bira kultur espazioan.

Hirugarren eta azken egunean, apirilaren 11an, knowledge/noodles metodoaren bitartez, eremu komun bat aurkitzen ahaleginduko dira hainbat gairen inguruan Euskal Herriko eta Europako bederatzi aditu, tartean Gorka Julio, Ximon Funts, Miren Aranguren. Ondoren, Ivan Miró eta Amaia Perez Orozko (ekonomialari feminista) etorkizunari begira jarriko da. Arratsaldean, bukaerako hausnarketa eskainiko dute Pello Otxandiano herrigintzan arituak eta Ulrik Kohl Kopenhageko zinegotziak. Ondoren, “Herritartasun berri bat definitzen ari gara?” galderari erantzungo diote Pastora Filigrana (feminista eta SATeko abokatua), Susanne Schultz (Rosa Luxemburg fundaziokoa) eta Andoni Olariagak (filosofoa eta Iratzar fundazioko kidea).

Informazio gehiago

Bizitzak eta lurraldeak

Zer duzu buruan “Euskal esperientzia komunitarioak aztertuko ditu ‘Bizitzak eta lurraldeak’ nazioarteko konferentziak”-ri buruz

  • Zalantzarik gabe galdera interesgarriak planteatzen direnak jardunaldiak. Baina nere ustez behar beharrezkoa den galdera bat falta da. Non kokatzen dugu gizartearen oinarria? Edo beste modu batez esanda, nola interpretatzen dugu prozesu soziala?

    Ezker paradigma orokorretik abiatzen bagara, egokitzeko modua da gizartearen oinarrizko kontraesana. Eta ebazpenak propietate pribatuaren desagerpena eskatzen du alde batetik eta bere ordezkapena propietate publikoa bitartez. Hortik etorriko bai da gure artean nagusia den ikuspuntu indinbidualistaren desagerpena eta ikuspuntu kolektibistaren garaipena.

    Gure artean, ordez, eta praktikatik abiatuta, gizakiaren indibidualtasuna eta sozialtasuna beti izan dira apreziatuak. Biak banatu ezinak bezala ulertu dira eta bere oreka bilatu da modu osagarri batean. Beste modu batean esanda, gizartearen oinarria pertsona bera da, bere kontraesan propioekin.

    Gai izango al gara bi abiapuntu hain ezberdinak uztartzen?
    Bitartean, aukeran, nik nahiago dut geurea.