Bizipoza

Nik ez dut Markel Irizar ezagutzen. Halere, beste askok bezala, “Markel Irizar”-ren bat ezagutzeko aukera daukat; bere bizia minbizi batek aldarazi duenetako gazte bat, hain zuzen. Ingurua ere mugiarazten du minbiziak. Zu bezalako gazte osasuntsu eta irribarretsu hura gaixo bilakatzeak inguruko kontzientzak astintzen ditu. Ez zara zu, baina bazara.  Eta izan zaitezke.

Zenbat eta hurbilago, orduan eta gogorrago egiten da. “Hau ez da bidezkoa” etortzen zaizu burura. Alferrik. “Zer egin dezaket” galdera ere bidelagun. Ezer gutxi. Telebistaren eraginez, denetarik egiteko gai garela uste izan dugu. Minbizi bati aurre egiteko ezer gutxi egin dezakegu, aitzitik. Gaixoa animatzen saiatu, besterik ez daukagu eskura. Sendatzea medikuaren trebezia eta suertearen menpe dago.

Camino a Catena Zapata; Roger Schuluz// cc

“Markel Irizar”-en bat ezagutzeko aukera daukadala diot. Ez naiz bakarrik gaixotasunaz mintzatzen ari; baizik eta jarreraz ere bai. Minbiziak bizitzak berak daukan garrantzia gogorarazten dizu. Nahiz eta egoera makalean izan, ziurtzat ematen dituzun hainbat ezaugarri (familia, lagunak…) izatea eskertzen duzu. Areago, gaixoak zelan egiten duen barre ikusten duzun bakoitzean. Poz txikiak poz handiak bilakatzen dira.

Kexatzeko arrazoi ugari dauzkagu. Inork ez du zalantzan jartzen. Halere, minbiziak sortzen duen beldurra sentitzean, bizitzak berak daukan garrantzia ahaztu ote dugun ere duda daukat. Kazetak edo-ta Twitter-a zabaldu eta berri txarrak eta guzti-guztia ustelduta dagoela besterik ez irakurtzeak zer pentsa ematen dit. Izan ere, bizipoza ere “murriztu” ote diguten galdetzen diot nire buruari. Baiezkoan daude asko, ni ez, ordea. Ostondu dugu nonbait, Markel Irizar bezalako batek non dagoen erakutsi arte. 

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.