Biziminez

Biziminez  

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Zuhaitzak biluzten diren urtaroak eramaten ditu adiskide anitzen biziak, haizeak hostoak bezala. Zenbat artistak ez du eman azken hatsa udazken hondarrean edo neguko hilabete hotzetan? Denak ez dira, bizi luze eta emankorraren bukaerara heldu ondoan, ufada ahul batek bultzatuz erortzen direnak.

BiziminezUstekabean udako ekaitz bortitzak eraman dituen zuhaitz lerdenak ere erortzen dira, edo denbora gabe ihartu direnak. Euskal kulturak izan ditu bere dolu egunak 2019an. Besteak beste, joan zaizkigu Iñaki Garmendia Laja trikitilaria, Iñigo Muguruza musikaria eta Jon Lopategi, Patxi Iraola eta Jon Barberena bertsolariak. Batzuk beren biziaren udazkenean, beste batzuk oraino udaberrian edo uda hastapenean. Baina denak joan dira uzta aberatsa utzirik.

2019ko abenduak kendu digu, isil-isila, euskarari, euskal kulturari eta bertso munduari, isilisila anitz eman dion lagun bat, Eliane Mendiburu, oraino anitz emateko adinean zegoena, eritasunak ez balu berekin hartu.

Urte bat zuen doi-doia Bertsularien Lagunak elkartea, Euskal Herriko bertso mundua eta Euskal Herria bera dolutan utzi zuela Aitor Sarasuaren heriotzak.

Jon Lopategik lan handia egin zuen bertso eskolak sustatzeko Bizkaian. Onintza Enbeita, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta beste hainbat bertsolari ezagunen irakaslea izan zen. Bertsolaritza belaunaldi berrietara zabaltzeko giltzetako bat izan zen.

Aitor Sarasuak lan handia egin zuen Ipar Euskal Herriko bertso eskolak eta bertsolari gazteak sustatzeko. Lehenago, zaharrekin batean desagertuko zen kultura adierazpen gisa ikusten zena, modernizatu zuten, eta gero eta haur eta gazte gehiago bildu zuten bertsoaren sura. Aski da ikustea zenbat lagunek parte hartu duten, aurten ere, Xilaba txapelketan.

Lan horri esker, Bertsularien Lagunak elkartea eta Bertsozale Elkartea elkarte dinamikoak, parte-hartze zabalekoak eta eredugarriak dira Euskal Herrian. Eta elkarte horretan anitz inplikatu zen Eliane Mendiburu, bertso eskoletako haurren beste guraso anitz bezala. Eliane, langile isil bezain suharra, maitagarria, maitatua, beti irri eztia ahoan, Ipar Euskal Herriko hainbat eraikinen eta ikastolaren arkitektoa, militante apal eta nekaezina, huts handia utziko duena denen bihotzetan eta herrigintzan. Herri zauritu hau engoitik hila legoke, ez balitu Eliane bezalako milaka erizain, arduraz, gogo onez eta proiektoreetatik kanpo lanean ari direnak. Haientzat ez da izaten oroitarririk edo Wikipediako sarrerarik, baina eguneroko langile horiek herri honen ohorea merezi dute.

Baina norbait hil arte igurikatu behar ote dugu esker ona adierazteko? Mundutik joan direnek ez dute entzunen haien ohorezko solasik, ez ikusiko negarrik, ez sentituko hil aitzin ukan ez zuten besarkadarik. Eta bizirik gauden artean, eguneroko tarrapatak harrapatzen gaitu, aspaldiko adiskideetatik urruntzen gaitu, hurbilekoekin esker txarrekoak gara maiz eta kostatzen zaigu adieraztea ingurukoak zenbat maite ditugun. Ikaratzen du pentsatzeak ustekabean harrapa gaitzaketela herioaren aztaparrek. Eta ez ote digu ikara horretaz ohartzeak ematen indarra, biziaz ahal bezainbat baliatzeko, bihotza irekitzeko, adiskideengana eta ahaideengana hurbiltzeko, agendan tarte bat egiteko noizbehinka eta agur labur batean baizik ikusten ez ditugun lagunentzat?

Zuhaitz biluzietan ikus dezakegu hutsunea utzi duten hostoek eragiten diguten mina, edo laster hostoberrituko diren landareek dakarten bizimina. Beste udazken bat heldu aitzin gozatu beharrekoa.

Eneko Bidegain

Biziminez

Biziminez

Biziminez