Bizilagunak VI

Bizilagunak VI – 

Bizilagunak VI

Begietara begiratu ginen, mihia bere lepo urtsutik pasa nuen eta oso leun, eskuak, ur eta oliba olioz egindako xaboi pixka bat erabilita, bere eremu guztietatik pasa nituen. Behin gure gorputzeko atal guztiak ondo garbituta, dutxako kanila itxi nuen eta azkar batean lehortu ginen, tonto tontoan ia Asierren etxeratzeko ordua iritsi baitzen.

Komuneko lurzoru beroan botata zituen arropak jantzi zituen eta bat-batean, urduritasunak edo erlojuko orratzek errealitate gordinera ekarri balute bezala, “hitz egingo dugu politta, banoa” esan zidan eta nire bistatik desagertu zen bere etxerako bidean.

Egunak aurrera joan ziren eta astelehenean Malenekin gertatutakoa amets bat izan balitz bezala bizi nuen, egunerokotasunean betiko errutinan murgilduta aurrera jarraitzen nuelako eta ez nuelako ez Malen ez Asierrekin bestelako kontakturik izan.

Aste honetan ordea mahai gainean kezkatzen ninduen gai potolo bat zegoen. Koronabirusa gurera gerturatzen hasia zen eta jendearen beldurrak nigan gero eta eragin gehiago zuen. Gainera ni autonomo izanda, ez nekien negozioak aurrera nola jarraituko ote zuen, edo zer nolako eragina izango zuen nire ekonomian birus madarikatu honek. Kezka artean aste horretako laugarren eguna iritsi zen, martxoak 12, eta dendan nengoela poltsikoak bibratu zidan, mugikorrean mezu pribaturen bat jaso nuela adieraziz. Dena hutsik zegoen, eskua nire galtza-bakeroetan sartu nuen eta pantailan Asierrek mezu bat bidali zidala ikusi nuen: “Aupa Adrian, zemuz doa dena? Aizu, aspaldian afaltzera gure etxera etorri gabe zaude, Malen eta biok bihar gauerako gonbidapena luzatzen dizugu, animatuko zara?”.

Ez dut esango Malenekin astelehenean izandako abentura ahaztuta nuenik, baina egia da ez nuela horrelako mezurik espero, are gutxiago Asierrengandik. Urduritasuna nire gorputzean nabaritzen hasi nintzen eta eskuak izerdiz betetzen hasi zitzaizkidan, tentsioa nabaritzen nuen momentuetan bezalaxe. Malenek zerbait komentatuko al zion Asierri? Banekien izaera irekia zutela biek, baina ez beraien harremana irekia ala itxia zen. Bikotearekin konfiantza asko banuen ere, beraien harremanaren zehaztasun guztiak ez nituen batere argi, hortik nire urduritasunak. Beno, hortik eta baita Malenekin sekulako sesio erotikoa izan nuelako, Asier inongo momentutan kontutan hartu gabe…

Urduritasunak urduritasun, zer erantzun ez nekienez, gauean, etxeratzean erantzutea erabaki nuen eta lanean jarraitu nuen nire nerbioak ezkutatu nahian. Ixteko ordua iritsi zen, guztia ondo jaso nuen, dirua poltsikoratu nuen eta etxerako bidean abiatu nintzen. Pausoz pauso etxeko atarirako metro gutxi horiek egin eta atetik sartu nintzenean bakarrik nengoen igogailuaren zain. Paretaren ezkerrean ikusgai zegoen argiak, igogailua behe solairura iritsi zela adierazten zuen, metalezko atea irekitzen hasi zenean nire bizkarrean beste ate hots bat entzun nuen. Denbora pasako ez balitz bezala, lepoa biratu nuen eta atalondoko atetik Asier sartzen zela ikusi nuen. Joder, benetan? Justu bera etorri behar al zen? Patua nire kontra jarri behar al zen ala? Ez nuen atsegin igogailua inorekin partekatzea, Asierrekin berriz, betidanik izandako harremanagatik ez nintzen sekula deseroso sentitu, baina justu momentu hartan nahiago izango nuen etxebizitza osoko beste edonor sartu izan balitz.

– Kaixo Asier! Justu igogailurako iritsi zara, zer moduz doakizu? – Esan nion nire nerbioak erabat disimulatuz.
– Aupa Adrian, aspaldiko! Ondo, etxera iristeko gogoz… aizu, irakurri al duzu bidali dizudan mezua?
– Keba, mezua bidali didazula ikusi dut, baina lanean nenbilenez etxean ikustekoa nintzen. – Esan nion gezurretan, mezuko gonbidapenari zer erantzun ez nekielako.
– Ba bihar aspaldiko partez, etxean afaltzeko gonbidapena luzatzen nizun. Libre zaude?

Erabat natural nabaritzen nuen, inongo haserre zantzurik ez nion harrapatu, ezta keinu arrarorik ere ez, eta horrek lasaitasuna eman zidan…

Irakurri kontaketa osorik kaixomaitia.eus-en blogean.

Jostailu erotikoak: onurak eta nola has zaitezke erabiltzen?

Bizilagunak VI