Bizi! eta HSBC, ‘narkoen’ hiru aulki

HSBC

Atzo zortzi Bizi! mugimenduko hamazazpi kidek HSBC bankuaren Baionako egoitzan sartu eta bertako altzari batzuk eraman zituzten -azpiko bideoan ikus dezakezuenez-, Le Monde egunkariak argitaratutakoaren arabera bankuak zerga iruzurgileak laguntzen zituela-eta, salaketa gisara. Keinu sinboliko bat edo, nahiago bada, mendeku txiki bat, Robin Hood-en gisara. Erakunde altermundialistako kideek gainera Attac-ek argitaratu berri duen “Livre noir des banques” (bankuen liburu beltza) lanaren ale bat eman zioten bankuko arduradun bati.

Ekintza burutu eta gutxira, Txetx Etcheverry, Bizi!-ko lehendakaria, komisaldegira deitu zuen poliziak, eta erakunde altermundialistak ez zuela aulkiak itzultzeko asmorik argitu zien bertan Etcheverry-k jendarmeei; ez behintzat harik eta HSBC bankuak, Le Mondek argitaratutako datuak aintzat hartuta, herriari zor dizkion 2,5 milioi euroak itzuli arte, Bizi!-ko kidearen hitzetan.

Gauzak horrela, herenegun Bizi! mugimenduko egoitzan miaketa egin du poliziak -ehKz atariak azpian dituzuen irudietan jaso du-, eta bertan aurkitu dituen hiru aulki atxiki ditu, HSBC bankutzarrari ebatsitakoak direlakoan -besteak Attac mugimenduari, Patrick Viveret filosofoari eta Amis de la Terre GKE erakunde ekologistari eman omen dizkiete-. Mugimenduko kideek adierazi dutenez, urtero 60-80 milioi bitartekoa da iruzur fiskala Frantzian, zuzenean herritar xeheak kaltetzen dituena; eta errudunetako bat da HSBC, Bizi!-ren aburuz.

Kazeta.eus atarirako Iurre Bidegaini emandako elkarrizketan, “HSBC modu kriminalean antolatzen da aberatsek pagatu behar dituzten zergak ez pagarazteko”, zioen Txetx Etcheverry-k. Bere esanetan, orain gutxi ezagutu ditugun agiriek erakusten dute zergen ihesean munduko agintari asko daudela nahastuak. Baina bankuko arduradunek beren eginkizunetan aurrera jarraitzen duten bitartean, Bizi!-k segituan jaso du poliziaren aldetik ikerketa bat abian jarri zelako abisua. “Ekintza herritarren mugimendua indartzeko egin dugu”, Etcheverry-k dioenez.

Bizi!-ren ekintza eta miaketaren bideoak ikusita, Baionako gertakariak aitzakia legez ere baliatu nahi izan dugu, HSBC bankua apur bat hobeto ezagutzeko.

 

Opioaren gerra

HSBC-k 150 urte daramatza (giza)legea urratzen. Aktibo kopuruari erreparatuta munduko bigarren banku denak 150 urte beteko baititu aurten, eta negozioa ondo doakio antza.
Mende eta erdi atzera eginda, 1865era jo eta Opioaren Gerrari erreparatu beharra dago HSBC-ren sorrera ulertzeko. Aipatutako gatazkan, Britainiar Inperioa eta Txina borrokatu ziren, eta europarrak izan ziren garaile.

Ordura arte britainiarrek merkataritza desoreka ikaragarria zuten Txinarekin, asko erosi eta gutxi saltzen baitzieten asiarrei, harik eta munduko herrialderik populatuenean opioa sartu eta milaka txinatar opiozale bihurtu zituzten arte.

Guda galtzeak britainiarren opio merkatua onartzera derrigortu zuen Txina, baita garaileei portuak irekitzera bultzatu ere, Hong Kong tarteko.

HSBC bankua

Horra zein testuingurutan sortzen den Hong Kong and Shanghai Banking Corporation (HSBC), orain dela mende batetik hona jada droga merkatutik sortutako etekinak kudeatzeaz arduratzen den bankutzarra. Txineraz, Aberastasun Bilketa deitzen da HSBC.
1997an Hong Kong txinatar eskuetara bueltatuko zela-eta, urte gutxi lehenago Londresera eraman zuen egoitza nagusia HSBC-k.

Jardunbide amoralak erabilita dirutza egin duen bankuak berdin jarraitzen du. Azken bost urteotan ere ondorengo jarduteengatik hartua izan da errudun:

Finantza merkatu ia guztiak manipulatzeagatik (liburu; urre, zilar eta petrolioaren aldaketa-tasa…).

Bezeroak iruzurtzeagatik, produktu desegoki korapilatsuak salduta.

Mexikar droga kartelen dirua zuritzeagatik (milaka milioi dolar kamioi blindatuetan garraiatu eta narkoei Kaiman uharteetan hegazkinak erosten lagunduta!).

Zaintzapean diren Iran eta Ipar Koreari nazioarteko zigorrak saihesten laguntzeagatik.

Erakunde terroristen finantziazioarekin lotuta dauden Saudi Arabiar bankuekin harreman estuak izateagatik.

Azkenik, eta orain gutxi SwissLeaks-ek ezagutzera eman duenez, hainbat bankari, enpresari, kirolari, artista, arma eta droga trafikari zein diktadoreri (hau da, aberats okituei) dirua zergetatik urruti Suitzan mantentzeko aukera emateagatik.

“2012ko abenduan HSBC-k onartu du 881 milioi dolar beltz zuritu dizkiela Kolonbiako eta Mexikoko droga-kartelei” irakurri diogu Pello Zubiria Kaminori Argia aldizkarian duen blog-ean. “HSBC-k isuna ordaindu du -2012an 1.900 milioi dolarreko isuna jarri zioten AEBetan-, baina bere arduradun bakar bat ez da auzitara eraman”.

hsbc txartelaZubiriak, “HSBC-tik gobernura, kortsarioek eskuak edozertarako libre” artikuluan, Eric Toussaint belgiarra aipatzen du, gakoa aginte politikoetako loturetan datzala adierazten duenean“-Les barons de la banque et de la drogue” idatzi zuen Toussaintek-. Eta Stephen Green jartzen du belgiarrak adierazitakoaren adibide. Eliza anglikanoko apez, Stephen Greenek 1982tik 2010era HSBC-n egin zuen lan, azken urteak lehendakari legez. David Cameron-en gobernuan Merkataritza eta Berrikuntza ministro izan zen gero.

HSBC-k berak onartu izan ditu leporatu zaizkion erruetako batzuk, eta egun diruaren jatorria lehen baino hobeto ikertzen dela adieraztera mugatu da; Suitzan jokatzeko era aldatu ei dute. Ez dago haatik munduan herrialderik, honengatik guztiagatik HSBC bankuari lan egiteko lizentzia kendu dionik. Gaur mundu osoko 75 herrialdetan 260.000 langile eta 54 milioi bezero dauzka HSBC-k.

 

Herve Falciani
Bezeroen informazioari buruzko argibideak atzerriko instituzioei ematea delitua da Suitzan, eta bertan gorde dezaketen anonimotasunari esker doaz bertara horrenbeste dirudun, besteak beste. Herrialde ezberdinetako ogasunei ihes egiten zaie horrela, eta gainera, diruaren jatorria legezkoa den edo ez, bost axola.

falcianiBaina Hervé Falciani informatika adituak HSBC bankuaren milaka agiri lapurtu zituela-eta (200 herrialdetako ehun mila bezero 1998-2007 bitartean, eta 90.000 milioi euro kontuetan), apurka-apurka diru zuriketek utzi duten arrasto zikina ezagutzeko ildo bat zabaldu da. Hervé-k Frantziara ihes egin eta bertan gorde da; lapurtu zituen sekretupeko agiriak Le Monde egunkariak lortu zituen, eta orain Nazioarteko Ikerketa Kazetarien Partzuergoa da hauek argitu eta plazaratzen dabilena, gutxika-gutxika. Bertan ager daitezkeen iruzurgile posibleen izenek baino (bat baino ezagutu ez den arren, asko ei dira zerrendako izen euskaldunak), txutxu-mutxuetarako kontu baino ez baitira, botere ekonomikoaren jokabideek ematen dute amorrua. Ikerlarien ustez, legez kanpoko ekintzak erraztu eta zergarik ordaindu behar ez izateko erraztasunak ematen zituen BSHC-k.

Hervé Falciani Monakon jaio zen eta pasaporte franko-italiarra du. Konfiantza osokotzat zuen HSBC-k, eta 2006an segurtasun sistema indartzeko ardura eman zion bankuak. Baina Falciani-k datu opakoak ebatsi zituen, gero saldu eta etekina ateratzeko asmoz. Lapurreta zela-eta salatu zutenean ihes egin zuen eta geroztik Suitza atzetik duen arren, Frantzian bizi da gizona. Herrialde asko ei dira berarekin harremanetan jarri direnak, bakoitzak bere iruzurgileak ezagutzeko asmoz.

 

Negozioak aurrera darrai

Espainian, Ogasun ministerioak, Falciani zerrenda zela-eta banketxea salatuko duela adierazi duen bitartean -2.700 espainiar ei dira bertan-, Enplegu ministerioa atzerrian bizi diren espainiarren pentsioak kudea ditzan akordio bat sinatzear da HSBC-rekin. 140 herrialdetan barreiaturik diren kasik milioi bat espainiarren pentsioen kudeaketaz mintzo gara, urteko 1050 milioi euro inguru.

Hiru urtetik behin pentsioen kudeaketa enkantera ateratzen du egun Fatima Báñez-ek gidatzen duen ministerioak, eta orain arte Banco Popularrek zuen ardura HSBC-k izango du aurrerantzean; 11,5 milioi euroko etekina lortuko ei du horrela. Ministerio espainiarraren esanetan, Estatuarentzako kostu gutxien suposatzen duen eskaintzak eskuratzen ei du enkantea, beste barik.

HSBC bankuaMontorok gidatzen duen Ogasun ministerioak, bere aldetik, ikerketa bat abiatu du bezeroen iruzur fiskalean bankuak zer nolako ardura izan duen aztertzeko, HSBC-k dirua ezkutatzen lagundu eta erantzukizunak dituela susmatzen baitu.

Ingalaterran, SwissLeaks-i ez ziola jaramonik egingo iragarri zuen Daily Telegraph-ek, HSBC-ren iragarkiak galtzeko beldurrez zelako. Eta Peter Oborne sekzio buruak dimisioa aurkeztu du hori dela-eta, Zuzeun sarrera propia mereziko lukeen gutuna argitaratuz, kazetaritzaren egoerari (eta botere harremanei) buruzkoa. The Guardian egunkarian, alderantzizko bidea hartu eta argitaratzen zituen iragarkiak itxi egin zituen HSBC-k Falciani zerrenda ezagutzear zela, prentsan izan zezakeen oihartzunean eragin nahian -iragarkiak diru iturri diren heinean botere ere bihurtzen dira-.

Belgikak, bere aldetik, HSBC bankuko agintari izandako batzuentzat nazioarteko atxilotze aginduak iragarri ditu. Zerbait mugitzen ari den seinale?

 

altermundialismoa, bankuak, bizi, Falciani zerrenda, hsbc, iruzur fiskala, narkotrafikoa, SwissLeaks

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude