Bilbotik Madrilera, manifestazioen argazkiei begira

Manifestazio batean pila daitezke mila amets, mila anbizio eta gogo. Zenbakiek nekez islatzen dute errealitate hori. Baina egiari zor, leloa daraman lehen lerroaren atzetik dagoen jende kopuruaren arabera neurtu ohi dugu manifestazio ororen arrakasta. Konfiantzazko hedabideek esandako zenbakiari begiratzen diote batzuk, beste batzuek antolatzaileen kalkuluari, eta argazkiari panoramikoari eszeptikoenek. Izaten da TT bihurtu den edo ez irizpidetzat erabiltzen duenik ere.

Hilabete ere ez da igaro Bilboko kaleak enegarrenez bete genituenetik, eta lehenengoz bi norabidetakoa izan zen arren, urtero bezala Autonomia kalean ez zen hutsune bakar bat ere geratu. “Milaka lagunek Bilbo bete dute…” esan zuen hedabide bat baino gehiagok kopuruarekin ausartu gabe.

podem herrira

20 egun beranduago, espainiar estatuko politika erdoildua astindu duen alderdiak -Podemosek,noski- deituta, “aldaketa posible dela adierazteko” manifestazioa izan da gaur Madrilen. Hilabeteak daramatzate Iglesias eta konpainiak kolore guztietako telebista kateetan gaurko ekimena iragartzen, estatu guztiko jendea zen batzekoa eta 47 miloi biztanleko estatu bateko hauteskunde orokorrak irabazteko itxaropena dute.

Gaur ere, hedabide askok “milaka lagun” aipatu dituzte, kopuruarekin ausartu gabe. TT izatea lortu du – lortu zuen Bilboko manifestazioak ere- eta hitz optimistak izan dituzte Podemoseko bozeramaileek. Argazkiari erreparatuta ordea, ez dirudi Bilbon baino askoz jende gehiago bildu denik, eta inola ere ez du berdindu Bartzelonan independentziaren alde bildutako jende andana.

Manifestazio batean pila daitezke, mila amets, mila anbizio, mila gogo. Zenbakiek eta argazkiek nekez islatzen dute errealitate hori. Baina Podemosen indarra Sare-renarekin alderatzeak ez luke balio behar alderdi espainarra gutxiesteko, Bilbon urtero egiten denari balioa emateko baizik. Guk geuk, eta behingoagatik, baita Madrilgo hedabideek ere.