Bilboko horma

Bilboko horma –

Gero eta horma eta hesi gehiago daude munduan, zementuzko horma benetakoak eta altzairuzko hesi hilgarriak, baina denek ere horma bakar bat ispilatzen dute, desberdintasun basatiarena, eta horma horrek agerian uzten du munduaren zati batek nola menderatzen duen bestea, hura ustiatzeko, arpilatzeko, baita suntsitzeko ere, sufritzen ari den bidegabekerien kontra matxinatzen denean.

Mugak kontrolatzea eta hormak eraikitzea, hain zuzen, ahalegin absurdo bat da geraezina den hori gerarazteko eta Mendebaldeko kaleetan ikusten ez uzteko Mendebaldeak berak, zuzenean edo armak fabrikatuz eta merkaturatuz —bere ongizateari irabazi eta onura handiak dakarzkion jarduera baten bidez—, sortu dituen eta oraindik ere sortzen dituen gerren ondorioak.

Bilboko hormaBehar duenari asiloa ukatzea krimen bat da, eta kito. Gerretatik, gosetik eta zapalkuntzatik ihesi dabilen jendeari babesa ematea eragozteak erakusten du zein den mundu «zibilizatuaren» benetako aurpegia; agerian jartzen du haren hipokrisia, eta erakusten du salgai iruzurrezkoak eta tranpatiak direla demokrazia deritzon hori eta giza eskubideak, eta mundu hau kontrolatzen dutenei ez zaizkiela inporta pertsona pobretuak; aitzitik, salgaiek, diruak eta armek zirkulatu dezaten inporta zaie.

Ni ez nau harritzen hormak eraikitzeak, horiek eraikitzen dituztenek berek bidaltzen baitituzte hegazkinak beste herri batzuk bonbardatzera eta baita tankeak ere haien lurraldeak okupatzera, eta horiek berek suntsitzen baitituzte Mexikoren eta AEBen arteko mugalde mortuko ur deposituak, No Más Muertos GKEak emigratzaileei bizia salbatzearren jarriak dituenak.

Horma eraikitzen ibiltzen diren horietako batzuk hemengoak dira; guregandik gertu bizi dira, euskaldunak dira, eta jada badute beren lotsaren horma Zierbenan —bejondeizula, lehendakari—, bai eta beste horma ikusezin asko ere erroldaren, DSBEaren eta paperen ingurukoak.

Beti saldu nahi izan digute gauzak bestela gertatzen direla Euskadin, bestelakoak garela, hemen arazoak hobeto konpontzen direla; baina errealitate gordinarekin harremanik txikiena izan orduko, gobernatzen gaituztenek neoliberalismo basatiaren arauak betetzen dituzte, eta kontrolerako eta zapalkuntzarako lanabes berberak erabiltzen dituzte beren interes baliotsuak babesteko. Ezerk ez diezaiola eragin diruaren eta salgaien zirkuituari, aurrerantzean ere oso seguruak izan behar baitute, eta Bilboko portuaren inguruan dabiltzan ezkutuko bidaiarien mehatxutik libre egon betiere. Batik bat, ondo segurtatu behar dira handik irteten diren armen edukiontziak.

Izan ere, izugarrizko armamentu industria dugu: Euskadiko ehun enpresak baino gehiagok parte hartzen dute defentsan; sektore horrek 600 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu urtean, eta, krisia gorabehera, %15 handitu ditu salmentak. Hori da garrantzitsuena; gero, ez dio inporta ea diru hori beste herrien odolak zikindua dagoen; negozioak ez du inolako zerikusirik sentimenduekin; ez dugu arriskatuko industria oso baten etorkizuna ezkutuko bidaiari batzuengatik.

Horma bat jarri, eta kito; gero, pixkanaka desegingo dugu Zierbenako kanpamentua eta egiten ari garena kalean oihukatuz eta salatuz dabiltzan «gureetako» inozo horiek biharko egunean ulertuko dute ez dagoela kontuak konpontzeko beste modurik. Jakin egin behar dute ezinezkoa zaigula kasu egitea eta, aldi berean, mundu «moderno» eta «zibilizatuarekin» harmonian segitzea. Kontrola eta hormak dira modu bakarra «besteengandik» babesteko, horiek beren mugimenduekin mehatxatu egiten baitituzte guk hemen, gure artean eta guretzat, ezarriak ditugun orekak. Horixe da Mendebalde deritzon mundu basati honen logika, indigenen eta pobretuenen aldean.

Mendebaldeko Zibilizazioaren zutaberik gehientsuenak —genozidioak, mundu gerrak—, izan ere, orain horma gainditzen saiatzen ari den «beste» ukatu, suntsitu eta pobretu horren odolaz eta izerdiaz zikinduta daude.

Baldin eta, egunen batean, pobretu horiei bururatuko balitzaie, hormaren bestaldetik, «zibilizazioaren» eta «modernitatearen» zirkuitua eta zirkulazioa hondatzea edo etetea, orduan ez genuke beste erremediorik izango: gure ehiza hegazkin bonbaketari izugarriak eta gure tanke moderno sofistikatuak bidali besterik, berriro ere «demokrazia» ezartzeko, «terrorismoa» amaitzeko eta «gaizkia» errotik eta sortzetik beretik erauzteko.

Goian aipaturiko gogoeta horixe da faxismora eramango gaituen ernamuina eta haztegia, faltsutu egiten baitu errealitate historikoa, eta aprobetxatu «migrazio krisia» eta sistema kapitalistaren periferiatik datozen pertsona langabe migratzaileen kontrako presioa, zeinek han esplotazio doblea sufritzen baitute, batetik, eskulan merke gisa, eta, bestetik, herri zapalduen parte gisa, horiek historian denetariko esplotazioak, arpilatzeak eta arrazakeria jasan behar izan dituztenez gero aurreko gizaldietan militarren okupazioaren pean. Era berean, langile klasearen kontrako mehatxu gisa erabiltzen dira, Erdigune Kapitalistan plusbaliobitxo handiagoak eta lan merkatuaren kontrol handiagoa lortzearren.

Egoera prekario hori mantentzeko eta manipulatzeko, mundu hau menderatzen dutenek itsu-itsuan sustatuko dute biztanle immigranteen kontrako arrazakeria eta bereizkeria, eta itsu-itsuan erabiliko dituzte, halaber, sistema bere hartan mantentzeko.

Bilboko horma Bilboko horma Bilboko horma Bilboko horma Bilboko horma Bilboko horma
Arrazakeria, hormak
Omar Boudaaoui

Bizkaiko SOS Arrazakeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude