Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik?

Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik? –

Delitu ustezkoaz ari gara: alegia, Bilbon gertatu omen diren homosexualen aurkako delituak ikerketapean daude, prozedura judiziala ireki berria izanik. Hortaz, oraindik dakiguna, norbait atxilotuta egon arren, ez da erabat argia ezta are gutxiago irmo eta oso-osokoa. Aldez aurretik joan dadila, beraz, errugabetasun usteari ere heldu behar diogula, atxilotuari dagokionez.

Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik?
Arg: Andrea Bocchino

Garbi dagoena da, ordea, gizon batzuk hilda egon badaudela eta Poliziaren lehenengo informazioan oinarriturik gizarte osoak sen onez interpretatu duela biktimak aukeratzeko modu zehatz baten arabera egitateak gertatu direla. Hau da, egileak, dena delakoak, modu kontzientean plan bat ezarri zuen, eta, pertsona homosexualen zita-plataforma batzuetara jo ondoren, gay batzuekin elkartzen zen eta azken buruan haiek hil egiten zituen dirua eta baliozko gauzak ostu bezain pronto. Gogora dezagun datu hau, jarduteko modu hau (modus operandi): aukeraketa kontzientea, biktima-talde bat (homosexualak) xede zuela.

Nire galdera zera da: hau giza hilketa (edota jabetzaren aurkako delitu) xinple bat da, edo gorroto-delitu gisa ere kalifikatu beharra dago? Eta, horrela eginez gero, zergatik bada, eta horrek zer aldatzen du?

Gorroto-delitua Espainiako Estatuan azkenaldi honetan bolo-bolo dabil, denon ahotan. Baina inor gutxik daki benetan zer den, eta are gutxiago nola eta zertarako erabili beharko litzatekeen esparru penalean eragingarriak izan nahi izanez gero. Gorroto-delitua ez da gorrotatzea. Hala balitz, zentzugabeko zigor-handitzea nonahi ikusiko genuke. Delituak egiten direnean, areago delitu larriak izanez gero, egilearen sentimenduen artean gorrotoa ere egoten da maiz. Baina estatu demokratikoetan zuzenbide penalak ez dio begiratzen pentsamendu hutsari, egiten denari baizik: beste hitz batzuetan, pentsamendu hutsak ez du deliturik egiten (cogitationis poenam nemo patitur).

Delitua egiten denean, zer egiten den izan behar da garrantzitsuena eta abiapuntua, eta ez egileak zer duen bihotzean. Hori presente edukiz gero, lehenengo urratsa eginda dago gorroto-delitua ulertzeko. Izan ere, motibazioa, barneko pentsamendua, noraino pertsona batek homosexualak edota beltzak edo ijitoak, esaterako, gorroto dituen, ez da erabakigarriena. Zuzenbide penalean ez da barnea epaitu behar, baizik eta kanpoko munduan egin den kaltea (lesioak, giza-hilketa, sexu erasoa…). Hori guztia egin ondoren, zergatik egin den ez da hain garrantzitsua.

Badakit esandakoak bat baino gehiago txundituta utziko duela. Gure gizartean gero eta gehiago zuzenbide penalaren abusua egiten baita, zuzenbidea eta morala, zuzenbidea eta etika nahastuz: horra hor askotan indarkeria politikoan exijitzen dena: «damutu behar», «barkamena eskatu behar»… Eta ez bakarrik indarkeria politikoaren alorrean: orain badirudi delitu bat egin ondoren birgizarteratzerik ez dagoela barneko aldaketarik gabe. Baina zuzenbide penalean kanpoko errespetua exijitzen da: hau da, norbaitek errespetatzen badu lege penala, nahikoa da, errespetatzeko dituen arrazoiak (legearen beldurra, esaterako, edo arrazoi altruistak, zinikoak…) ez zaizkigu interesatzen. Zuzenbidearen bitartez ez da bilatzen gizakiaren perfekzio morala, gutxieneko demokratikoa baizik.

Aitzitik, legelari askok eta askok, epaile gehienek barne, «motibazioa» lehenesten dute gorroto-delitua interpretatzerakoan. Gorrotatzen al zituen homosexualak? Eta horren arabera gorroto-delitua baieztatzen dute, eta zigor gehiago ezarri ere.

Hori, nire iritzi apalean, ez da bidea. Bilboko kasuan ez digu zertan gehiegi axola behar ea egileak gorrotoak motibaturik egin ote zuen egindakoa. Berak hiltzeko plan bat ezarri bazuen, esanguratsua zera da: talde-aukeraketa objektiboa egin zuela. Eta objektiboak esan nahi du berak bazekiela aukeratzen zituen horiek guztiek talde zaurgarri jakin bat osatzen zutela, eta hala izango zela ere interpretatua egunen batean hori guztia argitara ateraz gero.

Mundu osoan gorroto-delitua (hate crime) beste delituen astungarri bat besterik ez da. Hiltzen da, lesionatzen da, jabetza txikitzen da, baina hain justu ere talde baten kontrako mezu gisa. Kasu honekin Bilbon, Euskal Herrian eta haratago homosexualek mezu bat berriro ere jaso dute: «Kontuz, badira zuek dianan izaten zaituztenak».

Mezua, gainera, ez da berria: beste tanta bat da, urte, hamarkada, mendeetako euriaren ondoren. Diskriminazio historikoa deitzen diogu euri horri, eta historikoa bezain gaurkoa dugu: izan ere, beldurra, izua, egiazkoa da, sinesgarria, gaur-gaurkoa, historian gertatutakoa egiaztatzeko oinarri sendoz.

Delituen bitartez gorroto-mezua modu eragingarrian plazaratzen denean ez da kalte indibidual hutsa egiten pertsona baten kontra: horrez gain, pertsona hori kide den talde osoari ere eragiten zaio: homosexualak, gure kasuan, bere funtsezko eskubideetan atzera egingo dutela beldurrak jota. Demokrazia batean ezin dugu onartu pertsona bat talde diskriminatuaren kide izateagatik etengabe aukeratua izatea, delitu larriak jasotzeko mehatxuz. Diskriminazio historikoa atzean egonik, erasotua izateko probabilitatea handiagotzen da, eta, horregatik, lege penalak babes berezia aurrera eraman behar du: berdina berdin tratatu behar, baina desberdina dena ere desberdin. Alegia, babesgabetasun handiagoa duena, gehiago babestu behar! Horrexegatik, gorroto-delituen funtzioa izan da, izan behar da, talde zaurgarri jakin batzuk (eta ez talde guztiak irizpiderik gabe!) bereziki babestea.

Moralkeria bazter dezagun. Barneko motibazioaren gaineko ikerketa inkisiziozkorik ez dezagun hauspotu. Estatuaren esku-hartze intrusiboaren aurrean babes gaitezen. Zuzenbide penala ez da gure barneko pentsamenduen begiralea! Gorroto mezu objektiboa da gakoa. Eta, nire aburuz, Bilboko kasuan, aukeraketa objektiboan oinarriturik, mezua zabaldu egin da, gorroto-delitua prima facie argia delarik.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik? Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik? Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik? Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik?

Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko Unesco Katedraren zuzendaria

Zer duzu buruan “Bilboko gay-hiltzailea: gorroto-deliturik?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2022-05-30 10:50

    “Gorroto mezu objektiboa da gakoa”.

    Zabaltzen den mezua da gakoa? Egilearen usteek eta nahiek inporta gabe? Zabaltzen den mezua “objektiboa” dela?

    Beraz, bakarrik bizi den adineko jendea bilatzen duen lapur edo iruzurtiak gorroto-delituaren astungarria jaso al lezake?

    Aldiz, sistematikoki turista atzerritarrak aukeratzen dituenak inondik ere ez, horiek berez ez baitira “talde zaurgarria”, salbu eta akaso turista atzerritar emakumezko, adineko, elbarritu, arrazializatuak badira… Horiengatik bai?

    Froga al daiteke hiltzaileak biktimak haien sexu-orientazioagatik aukeratu zituela eta ez bestelako ezaugarriengatik? Anonimotasuna eta diskrezioa ezaugarri izatea, adibidez.

    Zer da talde zaurgarria? Jakina, nik ez dut ukatzen diskriminazio historikoa. Zalantza da ea legelariek nola uler dezaketen. Izan ere, izan dira kasuak non “gorroto ideologikoaren” astungarria aplikatu nahi izan den, adibidez, kale-istiluetan poliziei objektuak jaurtitzean edo neonazi kuadrilla bati jipoia ematean.

    Zerorrek ederki asko azaldu bezala: “Moralkeria bazter dezagun. Barneko motibazioaren gaineko ikerketa inkisiziozkorik ez dezagun hauspotu. Estatuaren esku-hartze intrusiboaren aurrean babes gaitezen. Zuzenbide penala ez da gure barneko pentsamenduen begiralea!”. Hor dago gakoa.