Bilboko Erronda kaleko egoitzaren harira, Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra

Bilboko Erronda kaleko egoitzaren harira, Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra –

Bilboko Erronda kaleko egoitzaren harira, Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra:

Irakurketa honen bitartez Bilboko alde zaharreko Erronda kaleko ikasleon egoitzaren inguruan ematen ari diren gertaerak salatu nahi ditugu. Izan ere, argitara ateratzeko beharrean aurkitu gara.

Bilboko Erronda kaleko egoitzaren harira, Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra
Bilboko Erronda kalea.

Urte honetako martxoan komunikatu baten bitartez adierazi genuen Ezker Abertzaleko eta Nazio Askapen Mugimenduko eragileon artean errespetuzko harremanak eraikitzeko beharra dugula; esparru ezberdinetan aritzen garen eragileon autonomia politikoa defendatuz. Era berean, ikasleon aurkako inolako erasorik ez genuela onartuko ere esan genuen, eta tamalez oraingo honetan berriro ere Ikasle Abertzaleon kontrako mugimenduak ematen ari dira Bilboko egoitzaren harira.

Bilboko alde zaharreko Erronda kaleko egoitza aski ezaguna da ikasle mugimenduan aritu diren zein egun honen parte garen kideontzat. Urteetako ibilbidea du eta hamarkadetan zehar erabilia izan da Ikasle Abertzaleon partetik. Bilerak, komunikazio lanak, materiala biltzeko gunea… dugu Bilboko egoitza. Ikasle Abertzaleak antolakundeak, duela hainbat urtetatik ekonomikoki autogestionatua den eragile politikoa izaki, ezinbestekoa du espazio honen erabilera bere aktibitate politikoa burutzeko. Atzoko eta gaurko belaunaldien konpromiso eta esfortzu militantearen emaitza dira herri mugimenduko eragileon baliabideak, gure egoitza barne. Oinarri horietan berresten garen heinean, eta horiek izanik gure indar iturri bakarra, ezinbestekoa dugu gure azpiegiturak defendatzea.

Sortu alderdiaren partetik egoitza husteko agindua iritsi zaigu. Egoitza duela hogeitazortzi urte erosi zuen nazio askapen mugimenduko koordinadora independentista eta sozialistaren parte zen gazte antolakundeak (Sortu orduan ez zen existitzen), eta ordutik erabilera konpartitua izan du hezkuntza esparruko herri mugimenduko zenbait eragileren artean. Ikasle Abertzaleok bertan egon gara egoitza ireki zenetik gaur egunera arte, eta gure gain hartu dugu egoitzaren kudeaketa, mantenua, gastuen ordainketa eta ardura.

Egoitza kudeatu zuten ikasle antolakundeko kideek “Euskal Ikasleen Erakundea” deituriko elkarte baten izenean jarri zuten espazioa. Urteetan zehar elkarte horren zuzendaritza batzordea Ikasle Abertzaleak antolakundeko milititanteek osatu izan dute. Hala ere, orduko baldintza militanteen eraginez, 2006 urteaz geroztik ez da zuzendaritza batzordea berritu. Azken hilabetean ordea, Sortu alderdiak, Ikasle Abertzaleon eta espazioa egunerokoan erabiltzen dugunon bizkarrera, mugimendu guztiak ezkutatuz, “Euskal Ikasleen Erakundearen” zuzendaritza batzordea aldatu du. Ikasle antolakundearen parte ez diren hiru pertsona izendatu dituzte zuzendaritza batzorde berrian. Behin egoitzaren jabetza juridikoa eskuratuta bilera batera deitu gintuzten espazio hau iraila bukaera baino lehen utzi behar genuela helarazteko, eta hala ez egitekotan erreparorik gabe bertatik botako gintuztela mehatxatuz.

Sortu alderdiaren eta herri mugimenduaren artean gerta daitezkeen talkek merezi duten errespetuzko kudeaketaren ordez estatu aparatu juridikoetara jotzea gure egoitza bereganatzeko ez zaigu onargarria iruditzen.

Sortu askotariko baliabide ekonomiko eta politikoak dituen alderdia da. Egoitza hau zehazki ez du sekula erabili eta ez du honen beharrik adierazi. Ideia honekin jarraituz, Ikasle Abertzaleok ez dugu uste honakoa denik lehen aldia Sorturekiko autonomiaz aritzen garen askotariko herri mugimenduko eragileok trabak aurkitzen dituguna hauen partetik. Gure iritziz, herri mugimenduaren ikuspegi politiko eta sozial ezberdinekiko mesfidantza zein erasoak errepikatu dira azken urteotan, izan gaztetxeekin –burgesia euskal-espainolarekin akordioen ondorioz- ikasle mugimenduarekin, herri mugimenduko eta nazio askapen mugimenduko beste zenbait eragilerekin eta abar. Irakaspen bat atera dugu gertaera hauetatik: Sortuk ez du bere estrategiatik kanpo egon daitekeen herri mugimendurik aitortzen eta bere ildo politikoari zuzenki egokitzen ez zaizkion herri mugimenduaren espresio autonomoekiko jarrera erasokorra adierazten du.

Testuaren hasierara itzuliz, uste dugu eguneroko eremu politikoan harremana dugun herri mugimenduko eragileen artean errespetuzko jokamoldeak eraiki beharrean garela, eragile bakoitzaren posizioek zenbait bideorri ezberdin badituzte ere. Honekin batera, alderdi politikoen momentuko bideorri taktikoen gainetik herri mugimenduko eragileon erabakitzeko ahalmen autonomoan berresten gara, elkar ulertzeko bideak irekiaz, beti ere iparrorratz estrategikoa independentzian, sozialismoan eta feminismoaren gauzapenean dugunon artean. Etsaia ez baita herri mugimenduan aurkitzen, salatzen gabiltzan gisako jarrerek ez dute lekurik eraikitzen gabiltzan Euskal Herri berrian.

Azkenik, argi esan nahi dugu Ikasle Mugimenduak eta Ikasle Abertzaleok espazio hau erabiltzen jarraitzeko asmoa daukagula, erregistroan jabetza eskubidea ukatzen badigute ere. Gu egoitzaren erabiltzaile legitimoak garenez, beren defentsa burutzeko determinazioa osoa adierazten dugu.

Bilboko Erronda kaleko egoitzaren harira, Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra
egoitza, ikasle abertzaleak, sortu
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Bilboko Erronda kaleko egoitzaren harira, Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra”-ri buruz

  • Sortu eta bere txakurtxoak matonismoa praktikatzen beraiek bezala pentsatzen ez dutenekin. Etsaiaren tresnak erabiliaz, azpijokoz eta fede txarrez. Geroz eta agerikoagoa da zuen hipokrisia, eta udaberriako hauteskundeetan hartuko duzuen hostia ere halakoa izango da, ondo merezia gainera

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude