Bilboaldeak Joeren (TT) zerrenda propioa du

bilboaldeaTT

Twitterren Joeren zerrendek (TT) zabaltzen segitzen dute, hiri handietan. Espainiako estatuan 10 hiriburura zabaldu berri dute tokian-tokiko Joeren zerrenden ezarpena, eta tartean da Bilbo. Susmatzekoa da hiriko mezuak ez ezik, inguruko herriguneetakoak ere jasotzen dituela, #GetxoUdalbatza-k erakutsi moduan.

Egun hauetan jarraipen informal moduko bat egin dut eta, ikerketa zorrotzago bat egin arte, ideia batzuk nahi nituzke zabaldu.

Euskarazko Joeren zerrenda aparta du Umap-ek, baina Euskal Herriko Joeren zerrendarik ez da ortzemugan atzematen. Aldiz, Euskal Herrian lehenbizikoz tokian-tokiko TTak sortu ditu Twitter etxeak. Hasiera batean Bilbo hiriari dagozkion mezuak harrapatzen dituela pentsa daiteke, baina itxura guztien arabera ez da horrela.

Atzo, Bilboko zerrendan #GetxoUdalbatza hashtag-a agertu zen, euskaraz idatzitako lehenbizikoa ziur asko. Traola hori erabili zuten erabiltzaile aktiboenen artean daude Ukberri agerkari digitala, Bildu Getxo eta Arantza Gutierrez (@arantzatxu) EHUko irakaslea eta zinegotzia. Hiruretako inork ez du Bilbo bizileku, eta edukiak ikusita pentsatzekoa da mezuak udaletxetik bertatik edo behintzat Getxotik bidaliak izan zirela. Horrek esan nahi du Bilboko mezuak ez ezik Bilboaldeko herrietakoak ere bere egiten dituela Twitterrek. Kontuan izanda Bilboko biztanleria 350.000koa dela, eta Bilboaldean ia 900.000 lagun bizi direla, asko zabaltzen da herrietako txiolariek duten eragin ahalmena. Aipatzekoak duten pisu demografikoagatik Barakaldo (100.000 biztanle), Getxo (80.000 biztanle) eta Portugalete nahiz Santurtzi (47.000 biztanle).

Aste bete inguru da Bilbok bere Joeren zerrenda duela. Twitterri kasu eginez gero, dagoeneko argi gelditu da, aurretik hala ez bazen, Bilbo Handiko Twitter jarduna Espainiakoaren azpisisteman kokatzen dela, bertako bereizgarri propio gutxirekin. Espainieraz eta Espainiako gaiez hitz egiten da batik bat.

Hala eta guztiz ere, zalantzagarria da Twitterrek Joeren zerrenda sortzeko orduan erabiltzen duen azterketaren doikuntza. TrendsMap-eko datuekin alderatuz huts nabarmenak ikusten dira Twitterren zerrendan, esate baterako, Athletic edo #Bilbo, maiz mapan agertzen direnak, ez dute lekurik izaten Joeren zerrendan. Adibidez, asteazken eguerdian mapan Zorionak hitzak lekua izan du, baina ez Joeretan.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra