Bilbo, leku-izen deseroso hori

Bilbo, leku-izen deseroso hori

Ipar Euskal Herriko izenak google maps-en egon daitezen kanpaina hasiko dela irakurri berri dugu. Euskaraz nabigatzen dugunok hala ikusi ohi ditugu dagoeneko hainbat herri-izen: Hendaia, Donibane-Lohizune, Baiona eta Donibane-Garazi, esaterako, nagusiki frantsesez diren gainontzeko herrien aldamenean.

Berriki, Nafarroako gobernuak herrialdeko ongi-etorri seinaleak euskaraz ere egongo direla iragarri du. Udaberri aldean, izan zen eztabaidarik, otsailean Administrazioan Euskaraz taldeak egindako eskariari jarraituz, egun ofiziala den Iruña izenaren ordez Euskaltzaindiak onartutako Iruñea izan zedin. Izan da dira egun izenaren alde mintzatu direnak, tradizio luzea, deklinatzeko erraztasuna eta beste motibo batzuk argudiatuz. Iritzi errespetagarriak izanda ere, organo arauemaile bat izanik, erakundeek haren erabakiak bete beharko lituzkete. Denek, oro har, baina euskaltzaleek gidatutako erakundeek bereziki.

Aurtengo udaberrian, antzeko egoera baten berri eman zigun Vilawebek Herrialde Katalanetan: Valentzian ere indar aurrerakoiek eskuratu dute agintea, eta valentziera/katalanezko izena ofizialdu dute atzera ere. València, eta ez Valencia, izango da hiriaren toponimo legal bakarra aurrerantzean. Aldaketa è hori baino ez da, azentu eta guzti, ñabardura bat ziur aski kanpotik begiratuta. Baten batek kanpoan “saltzeko” ere zailago izan litekeela argudiatu dezake, teklatu askotan, ingelesez esaterako, azentu hori aurkitzeko ere ez baitago erraz. Baina hori du hiriak izena, eta hala ezarri dute.

Bilbo, leku-izen deseroso hori

.

Zalantzarik gabe, gobernuetako aldaketen ondorio dira euskarazko eta katalanezko izenak sustatzea. Eta paradoxikoa iruditzen zait, aldatzeko eta haize berrietarako gogotsu dabiltzanen aldean, zeinen oharkabean pasatzen den Euskal Herrian non dagoen elefantea gelan: Euskal Herriko hiri handienean alderdi abertzale batek irabazi ditu beti hauteskundeak, hura dago ia 40 urtez agintean, baina euskarazko toponimoa ez da ofiziala, espainolezkoa baino ez. Are okerrago, Nafarroan hizkuntzaren aurkako erasoen aurrean erresistentzia puntu bat garatu den artean, ia oharkabean joan dira desagertzen “Bilbo” zekarten bide-seinaleak, eta Bilbao baino ez da ageri honezkero gure errepideetan. Izen bakarra, marka bihurtuta, Bilbao. Euskal Herriko hiri handieneko euskal izena desagertuta. Euskarazko testuetan eta deklinatzerakoan baino ez ohi dugu Bilbo irakurtzen. Gainontzean, berariazko politika garatu da Bilbao izan dadin hiriko marka bakar. 80ko hamarkadatik datorren Bilbobus izan zen, oker ez banago, hitzak sortzeko askoz praktikoagoa den -silaba bat gutxiago, hasteko- Bilbo erabili zen azken aldia (Bilborock, salbuespena). Gerora, hizkuntza-ekonomiak bestela agindu arren, Bilbao-rekin eratu dira hainbat izen: BilbaoArena, BilbaoArte (askok Bilboarte ahoskatu arren), BilbaoTurismo, Villa de Bilbao/Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketa, Bilbaowebfest, Bilbao uria poesia lehiaketa…

Badakit izen bera direla jatorrian Bilbo eta Bilbao, badirela Bilbao hobesten duten euskaltzaleak, baina aurreko argudioari heltzen diot: badugu akademia arauemaile bat, nire edo zure iritziaren gainetik, eta erakundeek begirunea beharko liokete. Vitoria-Gasteiz, edo Donostia-San Sebastián, biak erabili ohi dira, bien artean alde handia dagoelako ziur aski, baina Bilbo eta Bilbao-ren hurbiltasuna baliatuz, ia desagerrarazi egin dute euskara. Praktikoagoa litzateke agian Barcelona bezala berdin balira izenak euskaraz zein espainolez, baina euskarazko izena Bilbo da, bilbotarrok hala darabilgu, Euskaltzaindiak hala jaso du, deklinatzerakoan are nabarmenagoa da. Valentziakoa València den legez. Eta Bilbo izenak ere halako aitortza behar du, marketing-ean adituek eta promoziorako arduradunek esaten dutenaren gainetik.

Bilbo, leku-izen deseroso hori
bilbao, Bilbo, izenak

10 pentsamendu “Bilbo, leku-izen deseroso hori”-ri buruz

  • Marketin-en aditu diren horiek euskaraz jakin ere egingo al dute? Ezetz apustua…

    • Euskaltzaindiaren herri izenen proposamenek ez dute askotan ez buru ez hankarik.

      Gure herriari Galdakao diote, inork sekulan erabili ez duena. Beti Galdakano izan da eta herriak erabili duen laburdura Galdako. Baina euskaltzain batek, bere kabuz erdi bidea hartu eta galdakoztar guztioi gure herriaren izena aldatu digu. Penagarria, ez du ez buru ez hankarik.

  • Josu Lavin

    “badugu akademia arauemaile bat, nire edo zure iritziaren gainetik”

    Nire iritziaren gainetic?

    Ez eta brometan ere!

    • jeanbastida 2016-11-27 12:11

      Horixe bera erraitera nindoan. Lutherano/libertarioa naiz ni, neronec ditut iracurcen textuac eta neronec atheratzen conclusioneac.

  • Neu ere Bilboren alde. Jatorriak jatorri eta arauak arau, Bilbao aldaerak ordezkatzen du, gaur egun, Euskal Herriko hiri handienaren eta haren agintarien espainolismo txirene erdaltzalea eta bertako herritar askoren azkunismo mutxia.

  • Asier Azpilikueta
    Asier Azpilikueta 2016-11-26 08:10

    Euskaraz, Bartzelona.

    • Urtzi Urrutikoetxea

      Bai, noski, baina testuinguruan argi geratzen dela iruditzen zait, Bilbo/Bilbao-ren aldean, espainolez eta katalanez izen bera izatearen abantaila. Ez dut zalantzarik, edozelan ere, katalanezko izena desberdina balitz, hura bihurtuko zutela hegemoniko, Lleida edo Girona legez. Edo València.

  • Oraingoan arrazoia kentzea bihotzez sentitzen dut, Urtzi! Bilbao izenari dagokionean behintzat! Besteetan ez noa sartzen.

    Akademia arauemaile bat badugu, ados eta zorionez! Izen propioak, ordea, ezin arautu daitezke. Izen propioak estandarizatu edo normalizatu egin daitezke, norbatibizatu (=arautu) hizkuntza sistema bakarrik, lexikoa zein gramatika. Interes handia dago arauemaileen aldetik bereziki bi terminoak nahasteko. Toponimoak normalizatzea erakunde publiko edo ofizialei dagokie, zeini bere esparruan. Udalerrien izenak udalei. Ofizialtasun terminoa ere lausotu nahi izan digute, interesatuki nahastu. Kike Amonarrizek Mikel Gorrotxategiri ETBeko Tribuaren berbak saioan Bilbo / Bilbao auziari buruz galdetuta azkenak emandako erantzunean ondo ikusi daiteke amarru ahalegina (http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/tribuaren-berbak/bideoak/osoa/1969686/bideoa-nola-esan-behar-da-euskaraz-bilbo-bilbao–bertan-bilbo/). Ez omen dago garbi ofizialtasuna zer den, bi ofizialtasun mota ezberdin dago… Ez, jauna, bat eta bakarra, gustatu zein gustatu ez! Erakunde ofizialek erabakitzen dutena da ofiziala, eta gure Akademia erakunde pribatua da, gustatu zein gustatu ez! Herri-izendegia prentsaren aurrean aurkeztu zuten azken aldian berrikuntza bezala nabarmendu nahi izan zuten, izenek arau-maila izango zutela aurrerantzean. Akademiak nahi duen maila emango dio herri-izendegiari, baina ofizialtasuna, udalerrien kasuan, udalek ezartzen dute. Beharrik! Lehengo urtean argitaratu zuen Euskaltzaindiak Arabako izenei buruzko Patxi Salaberriren liburua. Kritika ugari jaso ditu dagoeneko. Eskerrak ez dagoen izenak paratzea beraien esku! Orain etxe izenekin ere ari dira jaun eta jabe egiten saiatzen, lehen pertsona izenekin egin zuten bezala. Denetan ere dirua tartean! Etxe-izenez arduratzea etxe-jabeei dagokie, eta umee izenez arduratzea gurasoei, legeek zehazki ezarria dutenez. Erakunde ezberdinekin hitzarmenak sinatu eta sinatu dabiltza, legeak hiritarroi eta hiritarron erakunde ofizialei dagozkigun eskubideak bahituz. Dirua berriz ere tartean, eta botere gosea! Egia behar du izan boterearen erostismoarenak! Diruarena bagenekien. Ez da Euskaltzaindia, ez. Ez ditzagun kontuak nahastu! Euskaltzaindiaren izena eta itzala baliatuz beren interes pertsonalak euskaldun guztion interesen aurretik jartzen dituzten lagun gutxi batzuk dira bazterrak nahasten dabiltzanak.

    Luzaz ari ninteke honetaz baina ez da hau leku egokiena. Auzo-lotsa pasarazteko hainbat adibide haizeratu ere egin nitzake, batzuek azal lodiegia baitute lotsa pasatzeko ere. Donostiarrek eta beste hainbatek ere badute bokal bat dantzan, eta nik dakidala behintzat, ez da hor zalapartarik sortu. Munduko milaka hiri-izen modu batera ahoskatzen dira eta beste batera idazten, hori da hain zuzen ere normalena. Milioika paristarrek eta frantsesek oro har 500 urte baino gehiago daramate Paris idazten baina Pari ahoskatzen. Ez dut inoiz entzun edo irakurri idatzizkoa ahozkora moldatu behar dutenik. Paris Pari bezain frantsesa da, Bilbao Bilbo bezain euskalduna den bezalaxe. Batzuk idatzizko formak dira, ahozkoak besteak. Zer irabazten dugu biak nahasiz? Nahasketa edo inorantziaren edo sasiko interes fruitua baino ez da. Gurean, ordea, beste hainbatetan bezala, kontua ideologizatzea eta politizatzea nahiago izan dute batzuek. Nik, orain artean bezala, Bilbo ahoskatzen jarraituko dut, baina Bilbao idazten.

    • Urtzi Urrutikoetxea

      Ander, ez dago zertan bat etorri, noski, baina nik behintzat euskarazko organu arau-emaile legez Euskaltzaindia hartzen dut, eta ez zait iruditzen erakunde pribatua denik. Bistan da izen ofizialak herri-erakundeek ematen dutela, baina Euskaltzaindia da euskaraz zelan deitu arautzen duena. Madril edo Paue edo Erroma edo Londres dira euskarazko izenak, baina ez dira ofizialak, noski, espainolez Londres edo Edimburgo deitu eta hiri horien izen ofizialak ez diren legez. Baina Euskal Herrian euskarazko izenek behar dute ofizial. Lehen zatia -euskarazko izena- Akademiak arautzen du, eta bigarrena -ofizialtasuna- erakundeek ematen dute, baina lehenari jarraitu beharko lioketela argudiatzen dut. Zilegi da Akademiaren erabakiekin bat ez etortzea, baina hura aldarazi beharko litzateke, eta ez erakundeek unean uneko alkate, zinegotzi edo marketing-adituen arabera jokatu.

      Idatzi eta ahozkoaren adibideak ez du balio, halaber. Euskarak baditu idazkera eta ahoskera arauak, eta “h”a ez da ahoskatzen (salbuespenak salbuespen), baina idatziko “a” bat ahoskatu egiten da. Beraz, batera idatzi eta bestera ahoskatzearen argudioa ez zait pisuzko iruditzen. Eta frantsesez azken “s” hori ahoskatzen da, besteak beste liaison-a egitean, besteetan mutu izan arren. Baina edozelan ere, hori frantsesaren idazteko eta ahoskatzeko arauei dagokie, eta euskarazkoa argi dago: Bilbao idatzita ikusten duenak hala sei letrak irakurtzen eta ahoskatzen ditu.

      Edozelan ere, esandakoa: zuk hobets zenezake forma bat, eta zilegi da Akademiarekin bat ez etortzea, baina hemen oso agerikoa iruditzen zait zein interes dagoen atzean marka bakarra erabiltzeko. Eta oraingo honetan erabaki hori zure iritzien aldeko izanda ere, ez zait defendagarri iruditzen, argudio berarekin erdal izenak soilik ofizialtzen dituen beste edozein erakunderen aurrean (behinola SopelaNA adibidez) defentsarik gabe uzten duelako euskalduna. Oro har Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako izen ofizial ia guztiak Akademiaren arauen arabera dira, eta salbuespen bakarra, hiririk handienean dago. Ni ez naiz inongo aditua, denok ezin dugu izan, eta horretarako ere badugu Akademia, arautu eta zelan erabaki jakiteko. Eta Akademiaren egoitza nagusia daukan hiriak zor dio begirunerik.

  • Arrazoia duzu, Urtzi, ez dugu zertan ados egon, desadostasuna ere osasungarria da zenbaitetan. Baina sentitzen nuela esaten nuen, oraingo honetan ere funtsean bat gatozela sinetsita nagoelako. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko sentimendu eta konpromisua bat izanik, ezin bestela izan.

    Arrazoi duzu, halaber, denean aditua izan ezin dela diozunean. Nik ere lau gauzaz dakit ezjakin hutsa naizen gainerako beste guztietan baino gehixeago. Ofizioz eta ikasketez hola suertatu zaidalako, onomastikaz dakit besteetaz baino apur bat gehiago. Onomastika Elkartea sortzen aritzea ere suertatu zait beste aditu askorekin batera. Honelako kontuez jarduteko elkarte zientifiko bat sortu beharra sentitua genuelako aspaldi. Bateko eta besteko interesak saihestuta, onomastikaz metodo zientifiko hutsez lan egiteko premia ezin atzeratuzkoa delako.

    Ez dut zalantzan jarri Euskaltzaindia denik euskararen organu arau-emailea. “Ados eta zorionez” esanez hasi nuen neurea. Beste kontu bat, oso bestelakoa, izen-propioena da, horiek ez baitira arautzen. Arduratzen al dira Real Academia de la Lengua Española edo Académie française herrialde horietako izenez? Ba al dute onomastika sail, departamentu edo batzorderik? Ez, ez dago halakorik. Baten batek pentsa lezake herrialde horietako izenak dagoeneko normalizaturik daudelako edo diglosia egoerarik ez dutelako dela, ez horixe! Bestela Akademia osoa lukete sobera. Izen propio batzuk pribatuak dira eta partikularroi dagokigu horiek zaintzea eta kudeatzea, beste batzuk publikoak dira eta erakunde publikoei dagokie horien ardura. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Toponimia Batzorde bana dute horren inguruan sor litezkeen arazoak bideratzeko eta konpontzeko, eta batzorde horietan Euskaltzaindia, Unibertsitateak eta beste hainbat aditu dago. Teorian organu egokiak dira, praktikan horrela ez izan arren. Iparraldean Office Public de la langue basque da kontuaz arduratzen dena. Gogoratu beharra dago Euskaltzaindia euskaraz arduratzen dela eta Euskal Herria osatzen duten hiru lurralde administratiboetan euskaraz gain beste hizkuntza gehiago ere badirela. Beste herrialde eta lurraldeetan erakunde politiko-administratiboek toponimia bulegoak dituzte kartografia eta lurralde antolaketarekin lotuak. Hizkuntza akademiek nahikoa dute hizkuntzen gramatika eta lexikoaz arduratzearekin, horixe da beren zeregina. Hemengoa dugu salbuespena.

    Arrazoia duzu, orobat, erakunde publikoetan eskrupulu eta prestakuntza handirik gabeko jendea egon daitekeela eta egoten dela diozunean. Burutik ez zaizu, alabaina, pasatu, akademietan ere holako jendea egon daiteekeela eta egon badagoela. Zoritxarrez, onomastika Euskaltzaindiatik kudeatzen dutenen artean ez dira holakoak falta. Badakit ez dela politikoki zuzena horrelakoak esatea, baina norbaitek esan beharko ditu, Euskaltzaindiaren sinesgarritasunak mendratzen jarraituko ez badu. Laudorioak eta babes atxikimenduak ondo daude eta beharrezkoak dira baina kritika da benetan oker egindako gauzak eta oker hartutako bideak zuzentzeko modu bakarra.

    Bilbao forma defendatzeko beste interes merkantilista edo bestelakoak daudela? Ados, Bilbo defendatzekoak ere badauden bezalaxe.

    Ez dakit zegatik tematzen garen Bilbao edo Sopelana euskarazko izenak ez direla (edo espainolekoak direla) defendatzen tematzen. Tematze honek “Dena ETA da” zoritxarrekoarekin badu nolabaiteko antza, albo-kalteetan, besteak beste.

    Izenak, duten jatorria dutela, ez dira hizkuntza batekoak edo bestekoak. Jatorriz izango dira euskarazkoak edo beste hizkuntza batekoak, ez bestela. Sopelana sortzez euskarazkoa ote da? Ez dakigu, baina itxura handirik ez du. Izenak hizkuntza batekoak edo bestekoak adopzioz ere izan daitezke. Ez du horrek garrantzi handirik. Ortografia finkatzeko eta ez askoz gehiagorako. Miraballes grafiaz idazteko, kasurako.

    Bilbo, Miribilla, Okondo edo Leioa bezalako formak defendatzearen atzean ezkutatzen dena espainoletik bereiztu beharra baino ez dago, askotan gutxiagotasun-konplexu batek bultzaturik. Astakeria handiak egin dira eta gehienetan manipulazioa baliatu izan da forma horiek inposatzeko orduan. Espainoletik bereizteko nik ezagutzen dudan modu zuzenena eta ia bakarra euskaraz jardutea da. Horretan jarri beharko genituzke indarrak, bokal baten dantzan denbora, dirua eta energia xahutzen ibili gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude