Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XII ikastaroak iraganari eta etorkizuneko erronkei erreparatuko die

Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XII ikastaroak iraganari eta etorkizuneko erronkei erreparatuko die –

Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XII ikastaroak iraganari eta etorkizuneko erronkei erreparatuko die euskararen nazioarteko irakaskuntzako protagonisten eskutik.

Ikastaroa uztailaren 11 eta 12an egingo da Donostiako Miramar jauregian eta bi modutan eskainiko da: aurrez aurre eta online zuzenean.

Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XII ikastaroak iraganari eta etorkizuneko erronkei erreparatuko dieEtxepare Euskal Institutuak euskararen irakaskuntza nazioartean hizpide duen ikastaroa antolatu du UPV/EHUren Udako Ikastaroetan. Ikastaro honek egungo irakurleen -Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakasleen-  eta etorkizunekoen prestakuntza sendotzea du helburu, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak bildu ditu. Era berean, aukera bat da irakurle izatea pentsatzen duen edonorentzat, Etxeparek urtero ateratzen baititu horretarako deialdiak.

Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza sustatzen du  nazioarteko hainbat unibertsitatetan euskal ikasketei prestigioa emateko helburuarekin. Gaur egun, Euskal Herritik kanpoko 35 unibertsitatek osatzen dute sare hori eta  29 dira horietan euskara eta euskal kultura irakasten duten pertsonak. Sare hori indartzeko ezinbestekoa da irakurleek trebakuntza egokia jasotzea. 

Ikastaroaren 12. edizio honek, ‘Egon eta egin, sustraiak sendotuz aurrera begira’, hiru norabidetara begira ipintzeko asmoa du: atzera, aurrera eta alboetara. Aurtengo hizlariek hiru arlotatik egingo dute beren ekarpena. Lehenik, Etxepare Euskal Institutuko irakurle izan ostean beren ibilbide akademiko eta profesionala jarraitu dutenek, orain arte pilatu duten esperientziatik atzera begirakoa egingo dute, eta euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko irakaskuntzan orain arte egin denaz hausnartuko. Bigarrenik, egur egun irakurle direnek, beren ikuspuntutik azterketa eta iradokizunak luzatuko dituzte. Eta hirugarrenik, zeharkako ezagutza-eremuetan adituak diren hizlari gonbidatuek euren ekarpenak egingo dituzte. Gaur egun, eta etorkizun laburrean, bai nazioartean eta baita mundu digitalean ere, zein urrats eman behar dira euskararen irakaskuntzan? Zein erronkei egin behar zaie aurre eta nola?

Orotara, 10 izango dira hizlari gonbidatuak: Aritz Galarraga (idazlea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta irakurle ohia), Lourdes Miquel (Bartzelonako Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakaslea eta espainierako katedraduna atzerriko hizkuntza gisa), Maite Goñi (eraldaketa digitalean aditua), Eskarne Lopetegi (HABEko teknikaria), Amaia Gabantxo (itzultzailea, musikaria eta irakurle izandakoa Chicagoko Unibertsitatean), Joseba Sarrionandia (idazlea eta Habanako Unibertsitatean irakurle izandakoa), Xabi Paya (bertsolari, itzultzaile eta Birminghameko eta UPPA unibertsitateetan irakurle izandakoa),  Karlos Cid (Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea), Gorka Mercero (Liverpooleko Unibertsitateko irakaslea) eta Araitz Claramunt (euskara eta euskal kultura irakurlea Helsinkiko Unibertsitatean). Gainera, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Euskal Ikasketen alorreko zuzendariak ere hartuko du parte.

Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian egingo da eta bi modutan eskainiko da: aurrez aurre eta online zuzenean. Amaitzean ziurtagiri bat emango zaio parte hartu duen orori.  Matrikulatzeko epea zabalik dago uztailaren 10era arte. Esteka honetan aurki daiteke informazio osatua eta izen-emate orria. Matrikula orokorra: 80 euro.

.

V. Irakurleen topaketa, Tabakaleran

Udako Ikastaroa amaitu eta hurrengo egunean, uztailaren 13an, Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sareko V. Irakurleen topaketa burutuko da Donostiako Tabakaleran, urtearen balorazioa egin, datorren ikasturtean zehar egingo den lana antolatu eta irakurleen sarea ehuntzeko xedez. Orotara sareko 25 irakurlek partekatuko dituzte esperientziak eta baliabideak hitzaldi eta talde dinamikaz osaturiko egitarauan. Halaber, Paul Urkijo zinemagilearekin solasean aritzeko aukera izango dute.

Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XII ikastaroak iraganari eta etorkizuneko erronkei erreparatuko die