Bihotzean atxilo

Bihotzean atxilo

Gauza jakina da euskararen erabilerak ez duela zerikusirik euskaldun kopuruarekin. Hitz bitan: euskaldun gehienok ez dugu euskaraz bizi nahi edo ez dugu euskaraz bizitzeko ahalegin handirik egiten. Ez nuke esango mundu utopiko batean ez ginatekeela euskaraz mintzatuko, baina utopiak eraikitzea nekeza denez, erdarari ematen diogu lehentasuna, denok elkar ulertuko dugulakoan. Gara eta Deiaren astearteko editorialek hori diote, izan ere, bata zein bestea kezkati agertu ziren euskararen inguruan, baina bata nahiz bestea erdara hutsez idatzita daude.

Ez da kontu berria, aitzitik, zaharrak berri beste behin ere, euskara euskaldunon ahotan baino geure gorputzaren edozein ataletan kokatzen baitugu sarri. Batzuek bihotzean kokatzen dute hizkuntza eta taupadek baino ez dute euskaraz egiten. Beste batzuek memorian kokatzen dute, Euskadin lan egiteko ate asko zabaltzen ei dituelako EGAk eta azterketetan eta zenbait besterik ez dute curriculumetik ateratzen. Koherenteenek ipurdian kokatzen dute, izan ere euskara “puta mierda” deritzote eta denok dakigu non gordetzen diren gorotzak askatu arte.

Irakurleak ez beza pentsa hego haizeak jota idazten dudanik; zenbakiek bultzatuta izkiriatzen ditut lerro polemikook, izan ere, familietan hizkuntzaren erabilerak ere behera egin du EAEn. Ez dakit oraingoan ere Espaina edo Frantziaren errua ote den, beste behin ere geure bihotza zulatzearren, edo euskara erakutsi ez zidan aitite-amamaren hobena ote den, euskara geure bihotzera ez eramatearren. Haatik, esango nuke hobe genukeela geure buruari harriak botatzea ondokoekin itsutu baino. Bestela, geure negar-malko erdaldunek itoko dute bihotzean atxilotu dugun euskara plazara jalgi baino lehen.

Bihotzean atxiloBihotzean atxilo

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.