Biharamunean.

 

Biharamunean

Andonik Andina erail eta biharamunean faltan bota dut hainbat komunikabidek beste askotan erabili izan ohi duten “de origen…” famatua. Gustura jakingo nuke hiltzaile honen kultura, erlijio eta bizimoldea zein den, eta horrek  hilketan izan duen eragina, baina gu ta gutarrona izaki, ez dugu molde horretako idatzirik irakurriko.

Andonik Andina erail eta biharamunean hurrengo elkarrizketa entzun dut metroan, hitzez hitz transkribatu dezakedana: “Jo tía, a mi me gusta que mi novio sea celoso, no en plan loco, claro,  pero que se preocupe por saber con quien hablo, con quien quedo ,y se enfade si quedo con un chico,  eso demuestra que me quiere. Si le diera igual, ¿que pensaría?Galdera airean utzita alde egin dute, eta galderaren pisuak abailduta alde egin dut nik ere: Oraindik ere badago norberaren askatasuna bikotekide jeloskorraren kerietan bukatzen dela uste duen neska gazterik.

Andonik Andina erail eta biharamunean Kate Winsletek sari bat jaso behar duela dioen berria azaltzen duen argazkiaren oinean zera idatzi dute egunkari batean: Kate Wynslet aun debe recuperar su figura”.

Andonik Andina erail eta biharamunean goizean goiz jaiki, eta amets baten papurrak gogoratzen nituen: kaletik nindoan, denak normal zirudien, neguko beste egun triste bat, baina emakumeak gizonez jantzita zihoazen, eta alderantziz. Ez ziren inauteriak, ez zen jai girorik somatzen, neguko beste egun triste bat zen, hori bakarrik, baina gonak, takoiak eta ezpainetakoak guk generamatzan, prakak, aldandorak eta bizarrak haiek. Haiek gu, gu haiek. Denok nahasian.

biharamuna
Eñaut Barandiaran

MARTITZENA 13