Biharamunak eta ajeak (eta II)

Biharamunak eta ajeak (eta II)

Biharamunak Eta hauteskundeen postekin amaitzeko, honako apunteak:
-Gipuzkoa: Kanpainaren hasieran  hauteskunde lehia Bizkaian jokatuko zela iragartzen zuten adituek, baina Bizkaiako emaitzek baino arreta gehiago piztu dute Gipuzkoakoek. EHBilduren jaitsiera eta EAJren igoera azpimarratu dira beste analisietan, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetako bozken garapena ikusita, emaitzak ez dira hain harrigarriak. EHBildu osatzen zutenak ez zetozen testuinguru oso emankorretik (Ezker Abertzalea D3M ilegalarentzat botoa eskatzetik, EA polo soberanistaren defentsa eginez legebiltzarkide bakarra lortuta, Alternatiba Ezker Batuaren zatiketatik eta Aralar hiru legebiltzarkiderekin), eta bere horretan, Iñaki Sotok dioen bezala, zatiketen batura egin, alternatiba gisara aurkeztu eta emaitza hauek lortzea, perspektibarekin aztertuta emaitza oso ona da. Are gehiago, Gipuzkoan gobernatzen egonda eta izan duen oposizioarekin eta, ondorioz, izan zezakeen desgastea ere aurreikusita. EAJren “igoera” ere aipatu izan da, eta hor zalantza gehiago ditut. Igoera izan baitu udal eta foru hauteskundetatik, eta baita,Madrilgo Kongresurako hauteskundetatik ere, baina alde handiz, EAJk, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetan lortu ditu bere emaitzarik onenak azken 30 urtetan. Froga gisara: Gipuzkoan 2001eko hauteskundetan 203.445 bozka lortu zituen, 2005ean 148.884, 2009koetan 112.101 eta urriaren 21eko azken hauteskundetan 113.978. Igoera izan du EAJk beraz, baina ez da hain nabarmena izan, ez behintzat aurreko Legebiltzarrerako hauteskundeekin alderatuta. Ehunekoetan alderatuta, bere aldetik, EAJren garapena beste bat da: 2001ean bozken %44,69; 2005ean %38,3; 2009an %36,95 eta urrian %32,04. EHBildu osatzen duten alderdiek badituzte autokritikarako motiboak, EAJk ere ez du lasai egoteko arrazoirik, bere joera beheranzkoa baita.

EHBilduren egoera deskribatzeko, Iker Casanovaren “egonkortze” kontzeptua gustatu zait.

-Soberanisten gehiengoa. Imanol Muruaren gaurko artikuluari errefentzia eginez, Gipuzkoakoak zuhaitzak dira, eta kargu hartu ondoren, soberanisten gehiengoa, basoa, islatuko da legebiltzarrean. Nazioarteko prentsak ere horri egin dio erreferentzia, Eskozia, Katalunia eta besteren olatuaz baliatzeko aukera aurreikusiz Euskal Herriko hiru herrialdetan. Baina, horretarako, EAJk bere bide orria argitu beharko du, independentziarena lehen mailako gaia den ala ez argituz (kanpainan zehar langabezia zela adierazi zuen Urkulluk). Edonola ere, zail izango du Alderdi Jeltzaleak gai honi itzuri egitea, legebiltzar barrenetik alde batetik, eta kanpoko olatuekin bestetik, eztabaida hau elikatuko delako.

-Unionisten estrategia aldaketa. Batek daki, Lopezen etorkizuna Madrilen dagoen ala ez, baina urak nahasita daude Alderdi Sozialistan. Galiziako autonomikoetan bezala, Araban, Bizkaia eta Gipuzkoako hauteskundetako emaitzek ez dute leku onean utzi. Lidertza izatetik oposizioko bigarren indarra edo gobernu bazkide izatera igaroko da, baina zer diren aritmetikak, EHBilduk baina joko gehiago izan dezake Legebiltzarrean Lopezen taldeak. Argi dagoena da, estrategia berraztertu behar dutela EAEn, PPrekin elkarlanean aritzeko garaia ere amaitua dela onartzen dute, eta euren espazio berria aurkitu beharko dute, dela gobernuan edo oposizioan, euren balore eta boto-emaileekiko fidela izango dena. PPn ere urak lasai ez, eta Basagoiti erretiratzen bada, ikusteko dago ordezkoa nor den eta zer norabide hartuko duen alderdiak.
-Komunikazioa. EHBilduren Gipuzkoako emaitzak direla-eta, ez dira gutxi izan “ustezko jaitsiera” hori komunikazio arazoei (eta Vocento taldeko egunkarien eragin ahalmenari) leporatu dietenak. Ez nago batere ados. EHBilduk komunikabide horien eragin ahalmen izugarriarekin ere lortu izan dituelako emaitza onak aurrez ere, eta bazekielako jakin, hautes lehia honetan ere, hor egongo zirela, euren interesak defendatuz. Kontua da, nire iritziz bederen, komunikazioa komunikabideetan ateratzea baino gehiago dela, komunikazioa herritarrenganako bitartekaritza hedabideen esku uztea baino gehiago. Eta gehiago, komunikazioa, ekintza puntualekin prentsaurrekoak ematea baino gehiago dela: bereziki, bisio eta misio bat helaraztea herritarrei. Eta hor lan handia du EHBilduk Gipuzkoan, bere politikaren ikuspegi zabal eta inklusibo bat helarazten herritarrei, eta horren parte aktibo izan daitezen bitartekoak eskaintzen horretarako gogo edo borondatea duenari,ohiko komunikabideetatik urrun.

Nago, Iker Casanovak ohartarazi bezala, komunikazio kontu bat baino, jokoan zegoenaz ohartaraztean zegoela erronka, eta EAJ jakitun izan da, eta koherentzian egin du kanpaina, eta EHBilduk birtualki sinesten zuen aukera historikoan, baina ez errealki.
-Araba. Hautes lehia Bizkaian jokatuko zen, komunikabideetan analistak Gipuzkoako emaitzekin geratu dira, baina harrigarriena ez ote den Arabako emaitza izan, horixe nire sentipena. Bozkak jendartearen isla badira, aldaketa politikoa baino, aldaketa soziologikoa ari da gertatzen Gasteiz eta inguruetan.

PD: Idatzi eta gero irakurri dut Julen Zabaloren artikulua gaurko Garan, eta niren antzeko burutazioak azpimarratu dituenez, hemen jartzen dut, osagarri.

*

Eta honekin amaitutzat ematen dut hauteskunde kanpainako jarraipena. Beste garai, testuinguru eta gogo batekin helduko diot berriz blog honi. Eskerrik asko ekarpenak egin dituzuen guztioi, post-ak irakurtzeko astia hartzeagatik eta idazteagatik.

Erratutakoak ahaztu eta ondo esanak gordeko dituzuen esperantzan, hurrengora arte.

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria