Bienvenue au Côte Basque

Miarritzeko aireportua, Gendarmeak egiaztatu dezan DNI espainiarra eskuan. Lurreratze pistatik eraikinera sartzean kartela parez pare: “Bienvenue au Côte Basque”. Atzean bi neska irlandar- Why not Pays Basque?-.

1.zatia

Spanish style (patxadagatik, ez beste ezer) muga polizien ilaran zain bi neska: irlandarrak, gazteak, Quiksilver jantziekin itzultzeko itxurarekin. Eta, une batez, aireportuko ongi etorri kartelean erreparatu dute. Beno, ñabardura txikia, “Welcome” eta “Bienvenue” zioten ongi etorri kartelek.

BIENVENUE AU CÔTE BASQUE

-Why not Pays Basque, isn’t it the same? -batak besteari- (Zergatik ez Pays Basque, ez al da gauza bera?)

Ño! Ta hortxe pizten zaizu bitxikeria horren atzean dagoenaren errealitate gordina. Oroitzen zara mementuan “Aberri txiki, Aberri handi” hitzaldiaz, geroxeago gasna euskaldunaren iragarkiaz eta Iparraldea XXI dokumentalaz…

It’s the same. Don’t know why they change, in English we say Basque Country too and Pais Vasco in Spainsh– erantzun harek- (Berdina da. Ez dakit zergatik aldatzen den, ingelesez ere Basque Country diogu eta espainieraz Pais Vasco)

Argia neska! Kendu duzu lehen hauts geruza, segi harian! Badakizu, irlandar panpoxa, badagoela munduan herritxo bat frantziarrek eta espainiarrek beretzat dutena, euskaraz hitz egiten dena, eta…

– Well, but we are going to the coastside, right? – (Ongi, baina kostaldera goaz, ez al da hala?)

Guraiza hartu du neskak, ta elkarrizketa jaioberria eten. Haria moztu du. Telefonoa eskegitzen dizutenean bezala, begirada ere lekuz aldatu duzu.

2. zatia

Ate automatikoak gurutzatu, kanpoan zara, zure Euskal Herrian. Aireportua atzean utzi aurretik nonbait jarri duzu berriz arreta.

PAYS BASQUE

Letra berdez, ondo zuriz eta logotipo gorriz. Ikurrina bat ere bai. Beste laukitxoan gizonkote bat egunkariari begira irribarretsu, emaztea (zer bestela?) besarkatzen duela. Xanpu iragarkia dirudi. Azken laukitxoa: bi gazte lepondoan zapi gorriarekin.

– ¿Es esto lo que les enseñan cuando llegan? ¿los toros en Pamplona?- (Hau da datozenean erakusten dietena? Iruñeako zezenak?)

Sin Chani ateratzen zitzaion ba tantola bat kopetetik behera? Han ere zapi gorria jazten dutela dakizu, ez dela Iruñeako gauza bakarrik. Zenbatetan galdetu ote dute berbera kartel horren parean hegoaldeko euskaldunek? Ez dela zertan Iruñea demontre! Baionako jaiak ote dira hegaoldekoak bazter uzten ditugun festa bakarrak?

3.zatia

Autoetan itsatsita ikusi dituzu zazpi lauburu,  lau ikurrina, hiru armarri, eta pilotari bat. Gora Iparraldea euskalduna! (pentsatu egiten duzu), zure burua saritzeko. Auto batek, ordea, The Simpson saileko txakurra bezala margotzen dizu aurpegia. Armarriak sei lurralde biltzen ditu: zuhaitzak, errekak, kateak, lehoiak, gazteluak. Bete-betean, borobil.

EUSKAL HERRIA

Ez da maleta-lekuaren apaingarri bakarra. Beherago, hatz bakarrera, metalezko distiraz, Osborne zezena.

-Olé tus cojones.- diot nik.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra