Bi miseri

Bi miseri –

Esaten da 3€-ko kamiseta batek bi miseri islatzen dituela: egiten duenarena, eta erosten duenarena. Erdian egon ohi da aberatsa, bi miseri horietan bazkatuz bihurtu dena aberats.

Bi miseri
Arg: Sergi Esteve (wikimedia)

Berria egunkarian atera da albistea: enpresen deslokalizazioari ateak itxi nahi dizkio Nafarroak. “Siemens Gamesak Agoitzen duen fabrikako lana Portugalgo eta Marokoko beste planta batzuetara eramateko erabakiak eta CAFek Castejonen duen Trenasako lantegikoa ere kanpora eramateko asmoak alarmak piztu ditu”. Kapitalismo eta globalizazioaren logikaren baitan, eta pandemiak gordindu duen testuinguruan, desindustrializazio aro baten lehen txanpan gaude.

Kontua da enpresa horietako askok foru gobernuaren dirulaguntzak eskuratu zituztela, eta dirua poltsikoan sartu eta gero eman dutela alde egiteko erabakiaren berri. Baina jokamolde hori ezin zaio soilik koronabirusaren agerpenari egotzi, enpresa handiek aspalditik daukaten deslokalizazio politika testigu. Siemens Gamesak, adibidez, Nafarroan zeuzkan sei fabrikak itxi ditu azken hamar urtetan.

EH Bilduk lege proposamena sustatu, eta joan den astean onartu zuen parlamentuak: PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen aldeko botoekin, baina zuzenketak sartuta; Navarra Sumak aurka bozkatu zuen, eta Ezkerra abstenitu egin zen. LAB haserre azaldu da parlamentuak onartutako legearekin (ontzat jo zuen EH Bilduren proposamena, baina gobernuko hiru alderdiek «edukiz hustu» dutela salatu du).

Aipatzen den moduan, lana, besteak beste, Marokora eramango dute. Baina Western Sahara Resource Wath elkarteak aditzera eman duenez, enpresak berak honakoa aipatzen du irailaren hasieran kaleratutako oharrean:… or the Boujdour wind farm, located in the South of Morocco, with a total capacity of 301 MW. The Boujdour windfarm is part of the 850 MW tender in Morocco (Projet Éolien Intégré) awarded to the consortium in 2016“. Hau da, Mendebaldeko Saharan ari dira lanean; edo haien arabera, “Maroko hegoaldean”. Sahara okupatutako parke eoliko guztietako errotak Siemens Gamesak hornituak dira. Lurralde okupatu batean aktibitate ekonomiko ilegalak garatzen ari dira.

3€-ko kamisetekin gertatzen den berdina dugu begien aurrean: batetik, herri sahararraren okupazio, arpilatze eta miseria; bestetik, hemengo langileak, beraien lan indarra saltzeaz aparte ezer ez dutenak, soldata bermatu nahian. Erdian multinazional bat, bien miseritik aberasten… eta gainera dirulaguntzekin.

Bi miseri

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Bi miseri”-ri buruz

  • Egun on:
    ZuZeu euskarazko hedabidea da, eta euskaraz ez dauden iruzkinak ezabatu egin(go) ditugu.
    Ondo izan