Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura


Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura – 

Bi atsotitz eta hamaika azpiegituraEuskal Herriak tentsio maila altu samarra dauka aspaldidanik. Gurea bezalako herri zahar bati 6 eta 12 artean izatea komeni zaio, helduenei bezala, baina beti dauzkagu tentsio puntu gehiago urrutiko intxaurrak baino. Pertsona baten tentsioak gorabehera handiak dauzka egunean zehar: esnatzen denean baxua, martxan jartzerakoan pixkanaka igotzen da, eta sabaia jo ohi du albistegiak ikusten. Herri baten tentsioak ere esperimenta ditzake mendeetan barna gorabehera horiek, baina onerako edo txarrerako gure tentsioa, guti goiti beheiti, beti egoten da goitiago beheitiago baino.

Geure herriak baditu hamaika fronte eta beste hainbeste lubaki, batzuk maila nazionaleko aferak, beste zenbait kasutan tokian tokiko problematikak: hegaztiak akabatu nahi zituzten Barkoxen, eta metro bat egin metro erdi neurtzen ez duen Donostian, eta Lekarozen Aroztegia… Eta inoiz amaituko ez lizatekeen zerrenda baten barruan, bada beste gatazka genero berezitu bat: banandu nahi diren herriena.

Usansolo kopetaraino dago Galdakaorekin, bere buruari galdetuz: “errua guk galdakao?”. Debak beti jokatu du Itziarrekin dena “debalde” balitz bezala, eta Itziar bada nor, bere burua gobernatzeko. “Igela haserreturik ere, urmaelari ez zaio axola” dio atsotitzak, eta horrela ulertu dezakegu zeinen zaila den izatea igel Donostian, eta ezin izan Igeldo, apote zahar batzuen erruz.

Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura
Ezkio

Baina bada udalerri bat banandu dena, edo banantzeko deliberoa hartu duena, bederen, aparteko kalapitarik sortu gabe; kalapitarik hemen, diot, zeren eta erresumako hiriburuan Ezkio eta Itsaso mapan kokatzeko gai ez diren mandril batzuk diote ezetz, ezin zaiela herritarrei horrelako galderak egin eta erreferendum bat ospatu. Haserretu egin dira, eta adarretara igo, eta hozka egingo digutela egin dute mehatxatu, eta beren kaka bota. Mandrila beti ipurterre, edo ipurdi-gorri.

Ezkio eta Itsaso badira, nire ustez, hala moduzko muga natural ikusezin bat goierritarrontzat: ezkiotarrek gehiago jo ei dute Urretxu eta Zumarraga gainera, eta itsasotarrek Ormaiztegira eta Goierri Beherara, orokorrean. Ezkio eta Itsaso aspalditik daude bananduta, baina ez muga natural horrengatik, edota elkarri bizkarra emanda bizi direlako. Gehiago esatera ausartuko nintzateke, Ezkio Ezkiorengandik dago banatua, eta Itsaso Itsasorengatik.

Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura
Itsaso

Udalerria zeharkatzen du Abiadura Handiko Trenak, erdibitu, zuzenago adierazte aldera; eta geltokia izango omen da herrian, karga eta deskargarako, horrek esan nahi duen guztiarekin. Ondoren badira betiko errepidea, saihesbide bat, eta infernuko hauspoa ekarri zuen trenaren errailak, XIX. mendekoak. Gipuzkoa osoko hondakinak bilduko dituen zabortegia gertu daukate, azpi-zentral elektriko bat, eta baita goi-tentsioko linea bat ere; orain, kixkurra kiribiltze aldera, bigarren linea bat egiteko baimena onartu dute, 400 KW-koa, Gueñesetik Itsasora.

Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura
Ezkio-Itsaso

Azken hamarkadetan herri txiki askotako biztanleria jaitsi da, eta hiriguneetakoa igo; ondoren, herri txikiek jaten dituzte hiri edota enpresari handien interesei begira egindako azpiegitura asko, azpijoko ugari. Ezkion, Itsason, eta aste honetan, Zubietan. Arteriak lehertu arte lanean bihotzari jaten emateko. Baina kasu, arteriak lehertuz gero antzarak ferratzera joanen da bihotza.

“Alferrik da ura joanda gero presa egitea”. Agian hori da une honetan eraiki behar dugun azpiegitura, presa handiz eraiki beharrekoa, gainera.

Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura

Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura
atsotizak, azpiegitura erraldoiak, Bi atsotitz eta azpiegitura bat, Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura, errauskailua, erraustegia, herri txikiak, zubieta
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Bi atsotitz eta hamaika azpiegitura”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude