Besterik ez genuen behar!

Besterik ez genuen behar!

Ez Sorian, ez Nafarroan, ez Europan, ez inon. Ez dugu 20.000 esne-behietako makroindustriarik nahi. Soriako Noviercas herrian ezarri nahi duten industria honek 726 lanpostu suntsituko ditu Estatuan. Hego Euskal Herrian esne ekoizpena ogibide duten 528 baserri desagertuko dira munstro honek bizia hartzen badu. Gure lehen sektorearen adierazgarri den lurrari lotutako nekazaritza ereduaren amaiera izango da.

Europako Batasunak 2015ean esne kuoten sistema bertan behera utzi zuenetik egora zaila bizi du sektoreak. Ordutik abeltzainak merkatuaren gorabeherak jasan behar izan dituzte, zenbait industrien txontxongilo bilakatu dira: orain esnea jasoko dietela esaten diete, ondoren ezetz, ekoizpen kosteak betetzen ez dituzten prezioak ordaintzen dizkiete, eta azkenean beraien esnea ez dutela behar esaten diete, hala baserriak itxitzera behartuz. Kuoten sistema desagertu zenetik Estatuan 1.000 ustiategik esnea ekoizteari utzi diote. Baserri gutxiago badira ere, ekoizten den esne litro kopuruak ez du beherakadarik izan. Hego Euskal Herriko hainbat herritan ekoizpenera bideratutako baserriak izan beharrean, geroz eta handiagoak diren ustiategietan kokatzen ari da egun esne ekoizpena.

Nafarroako Valle de Odieta kooperatibak sortu nahi duen proiektuak, Noviercas herrian 20.000 esne-behiko industriaren sorreran du oinarria. Euskal Autonomia Erkidego guztian ere ez daude hainbeste behi, 2015ean 19.968 ziren, Nafarroan 25.000 inguru dira. Noviercasen 179.740.0000 litro esne ekoiztuko dira. Industira horrek egunean 4 eta 6,36 milioi ur beharko ditu, uraren hornikuntzan arazoak dituen zonaldean, eta urtean 368.000 tonelada zabor sortuko ditu. Nora joango da guzti hori? Nor da honen onuraduna?

Besterik ez genuen beharEuskal Herriko esne sektorearen argazki bat egiten badugu herrialdeko txoko ezberdinetan, herri txikietan, horietariko asko mendi ingurunean, kokatutako baserriak ikusiko ditugu, bertan familiko kide denak lan eginez. Beraiek lanpostuak galtzen badituzte, herri txikiek biztanleak galduko dituzte eta horrek herrialde guztiaren garapenean izango du eragina. Baserririk gabe ez dago etorkizunik landa ingurunean.

EHNEk makroindustri honen ereduaren aurkako jarrera garbia erakutsi du, ez baita ez bideragarria ezta jasangarria ere. Ez ditugu proiektu honen bultzatzaileek dioten moduan “amerikar estiloko esne fabrikak” behar. Beti defendatu dugu familia ereduko ustiategien eredua, lurrari lotuta eta kalitatezko elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak behar ditugu, beraiek baitira landa inguruneko ekonomia zein bizia mantentzen dutenak. Bide horretan jarraituko dugu borrokan, Valle de Odietak Noviercasen (Euskal Herritik oso gertu) sortu nahi duen proiektu hau bertan behera geratu dadin.

Bide hori ordea abeltzainek ezin dute bakarrik egin. Gizarteak jabetu behar du eredu horretako industriek lanpostuak suntzitzen dituztela, lurra eta ura bereganatzen dituztela, eta azken finean esne sektorea tragatzen dutela. Frantzian 1.000 esne-behiko ustiategiko esnea inork edan nahi ez izatea lortu dute. Hemen, guk, esne hori edan nahi al dugu? Esne fabrika honek ateak zabaltzea baimentzen badugu, gure seme-alabek ez dute gogoratuko esne-behiek ze itxura duten, eta are gutxiago larreetan izaten direla. Ez dute jakingo esnea ez datorrela tetrabriketik.

Besterik ez genuen behar

EHNE-Nafarroako presidentea

Zer duzu buruan “Besterik ez genuen behar!”-ri buruz

  • Asier Azpilikueta 2017-02-12 15:31

    Inork badaki zein esne marka merkaturatzen duen Valle de Odieta kooperatibak?