Best seller

hiru liburu

Politikariek liburuak idaztea bogan dago. Eta politikari ospetsuak direnean, jarraitzaile asko dituztenak, euren liburuak asko saltzen dira, idazle ospetsuenen “best seller” direlakoen pare.

EAJko politikaririk estimatuenetako batek, estimatuena ez bada, JJ Ibarretxek, “El caso vasco: el desarrollo humano sostenible” kaleratu zuen, erdara hutsez.
Handik gutxira, ezker abertzalearen buruzagi nagusiari, Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa liburua argitaratu zuen Garako Fermin Munarrizek, “El tiempo de las luces” goiburuarekin, gaztelaniaz.

Azkenik, duela egun batzuk, “Contra viento y marea” aurkeztu zuen, espainieraz, Uxue Barkosek, Geroa Baiko buru eta Nafarroako (eta Estatuko) politikaririk ospetsuenetakoa denak.

Hirurak maila handiko politikariak eta euskal herritar askorentzako iparrorratz.
Hirurak oso abertzaleak eta oso euskaltzaleak (antza denez).
Hirurek eman diote kolpe latza euskararen prestigioari liburua espainiera hutsez argitaratuz. Euskaraz lehenik eta zer esanik ez, euskaraz soilik argitaratu izan balituzte, egundoko bultzada emango zioten, ostera.
Hirurek argi utzi dute zein den euskarari ematen dioten lekua, diskurtsoetako hitz loratuez haratago,  eta zein espainierari ematen diotena.

Hobe lukete, hobe genuke, euskarari eskupeko gutxiago, eta lehentasun handiagoa emango baliote.
Hobe genuke, haurrek eta nerabeek euskara gutxi erabiltzen dutelako kezkatuta gaudelako plantak egiteari utzi, eta pulamentu pixka bat egiten hasi, “herri hau aurrera ateratzeak” uzten dizkigun tarteetan behinik behin.
Portzierto, haurrek eta nerabeek garrantzi handia ematen omen diote egiazkotasunari, “autentikotasunari”…  heldu bilakatu arte behintzat.

11 pentsamendu “Best seller”-ri buruz

  • Mezuarekin ados, baina artikulua borobiltzeko ez legoke gaizki hasierako argazkian Ibarretxe ta Otegiri ere lekutxu bat eskeintzea, haiek ere merituak egin dituzte ta.

  • Aritu naiz hirurak agertzen zireneko argazkiren baten bila, baina ez dut aurkitu. Zuzeuko artistek muntaketa egiteko astirik, gogorik edo bietatik balute, niregatik ederto.

  • Iñaki San Martin 2013-05-13 10:52

    Zer pentsatu ematen du noski gaiak. Halere, Itzain, ñabardura bat: Arnaldo Otegiren liburuak badu euskarazko bertsioa; gaztelaniazkoa baino aste batzuk beranduago agertu zen.

  • Beranduago eta beranduegi. Agertu orduko, liburua eskuratzeko interesa zeukanak erosita zeukan. Gainera, aste luzeak izan zirela uste dut, espainierazkoa argitaratu ondoren ere ez baitzekiten euskarazkoa noiz argitaratuko zuten.
    Koherentziaz jokatu nahi izan balute, erraza zeukaten: lehenik euskarazkoa argitaratu, eta handik aste batzuetara espainierazkoa. Horrela euskarari emango zioten lehentasuna eta balio praktikoa, eta ez espainierari, egin zuten legez.

  • Martin Kitto 2013-05-13 11:46

    Jarrerak jarrera, euskaldunon masa kritiko handi bat izan ezean, “merke” aterako zaie politiko hauei eta beste askori erdar(ar)en aldeko hautuak egitea.

    Katalunian ez litzateke posible izango.

  • Mikel Guria 2013-05-13 15:36

    Ez da oso zuzena gauzak nahastea. Arnaldo Otegiri buruzko liburua ez da berak idatzia, baizik eta Fermin Munarrizek egina. Alde horretatik liburu hori Geroa gurea da Ibarretxe lehendakariaren memoria politikoak (Koldo Ordozgoiti, Alberdania 2011) liburuarekin parekatu daiteke eta liburu hori aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz jatorrizko edizioan eta oso oker ez banaiz katalanezko eta ingelesezko itzulpenekin argitaratu zen.
    El Caso Vasco, Juan Jose Ibarretxek idatzitakoa, Kolonbiako Oveja Negra argitaletxean argitaratua, Ibarretxeren doktore tesia eta ikerketaren ondorioa da.

  • Nik uste dut oso konparaketa zuzena dela, bada. Zeuk aipatutakoaren arabera, Uxuerenak ere ez luke lekurik izango. Ibarretxek Kolonbiarako idatzi du liburua?
    Zuzena ez dena da, tinta zabaldu eta alderdi abertzaleen kultura erdaltzalea ezkutatzen ahalegintzea.

  • Ezker abertzalekoa banaiz ere, larriena Arnaldo Otegirena dela deritzot. Txikitatik euskaldun, euskaraz ikasi eta hala ere erdaraz nabarmen hobeto moldatzen den pertsona da. Mingarria egiten zait, hiru horietan erreferente politiko garrantzitsuena dudalako, eta nire herriko lehendakari nahiko nukeelako.
    Hala ere, ez dut uste Ibarretxerekin konpara daitekeenik. Alde honetan, meritu izugarria dauka, beste gai askotan kritiko banaiz ere. Ez da euskara helduaroan ikasi duen bakarra zorionez, baina ez diezaiogun idazle maila eskatu. Euskaraz ikasi eta aritzen den pertsona da, irakurri ere irakurtzen duena -Karmele Jaioren liburu bat aipatu zion Euzkitzeri elkarrizketa batean, zein beste politikarik aipatzen du literatura, eta batez ere euskal literatura? Hasier Arraiz Sortuko buruzagiari Latin Amerikako literaturaren jarraitzaile sutsua zela irakurri nion, baina euskal egilerik ez diot entzun gaur arte- baina onar dezagun, inoiz ez du euskaraz idatziko, liburu bat gutxienez. Ezin zaio hainbeste eskatu, ez Ibarretxeri ez adin horretan euskaldundu den beste edozeini. Arnaldori bai. Eta aitor diezaiogun, bide horretatik, Laura Mintegiri ere, zer nolako meritu izugarria daukan.
    Uxue Barkosen kasua erdibidekoa dela uste dut: familia erdaldunekoa, baina txikitatik euskaldun, ikastolan hezia. Arnaldok bezala, bazuen bere jarduna euskaraz bideratzea, baina bistan da espainolez askoz hobeto moldatzen dela.

    • Xabier Makazaga 2013-05-20 11:09

      Ba ni jeltzalea banaiz ere, Xabitxu ezker abertzalekoa den bezainbeste bai behintzat ene ustez, Ibarretxe eta Uxuerena iruditzen zait larriena.

    • Hizkuntzarekiko erraztasunarena aitzakia hutsa da. Gaur egun zuzentzaile- eta itzultzaile-zerbitzu nahikoa dago idazterakoan laguntza izateko, edo erdaraz idatzi eta gero itzultzeko. Gainera, ez dut uste idazle hauek zerbitzu horietara iristeko zailtasunik izango dutenik. Itzulpena originala baino lehen argitaratzea bezain erraza da. Itzainek dioen moduan, borondate kontua da.

      Eta, ezaidazu esan harritu egite zaituela 55 urteko euskaldun zahar batek euskaraz baino erdaraz hobeto idazten duela entzuteak. Baina esan bezala, aitzakia merkeak dira.

  • Nik uste dut Lehendakari bati, edota edozein alderdi abertzaleko buruei, exijitu beharreko zerbait dela euskararen ezagutza nahikoa eta euskarari lehentasuna ematea. Ez da meritu edota abiapuntu kontua.
    Besterik da herri honetan hain gaudela bazterturik, hain gutxietsita, ze Lehendakari erdaldun elebakar amorratu bat izan baitugu, euskara EZ ikasten milioiak xahutu dituena, eta ez da ezer gertatu.
    Edota best-sellerrotan aipatutako adibideetan bezala, politikari abertzale ustez euskaltzaleak, euskararekin zeharo ahaztu dira liburuak argitaratzeko garaian, diskurtsoak diskurtso, eta imintzioak imintzio.
    Politikari abertzale gehienak “euskaltzale” erdara praktikanteak ditugu, tamalez, erdaltzaleenak EAJkoak eta ez horrenbeste ezker abertzalekoak, baina alde handiegirik gabe.