Bertako Izarrak

Bertako Izarrak –

Bertako Izarrak

Okupatzaileek, okupatuetako zenbaiten (ustez modernoenen) laguntzaz gizarte erdaldundu goitizenez “likidoan” herria guztiz urtu eta desegin nahi duten honetan, oso eskertzekoak dira euskaldunokin gogoratzen direnen ahaleginak.

Haize kontra, moda “multikulturalista” uniformizatzaileen aurka, hemengo erakunde “abertzaleen” laguntza barik ere, EUSKALDUNAK AINTZAT hartzen gaituztenen ausardia eta kemena.

Euskaldunak aintzat hartzen gaituen EAEko irrati publiko bakarrean, Euskadi irratian, izan nuen Bertako igogailuen berri. Ez nion arreta handiegirik jarri, “zerbitzua euskaraz” ematen dutela azpimarratu zuten arte. Lurrera erori nintzen ia, emozioak jota. Ez dugu etxean igogailurik behar, baina bat erostekotan nago etxe aurrean jartzeko, arraioa!

Eta atzo, larunbatarekin, Topagunearen kemen, ahalegin eta izerdiarekin, baina erakunde publiko nagusien jabeen bedeinkazio interesatuarekin aurrera doan ekimen baten aurkezpenean izan nintzen.

Ekitaldiko unerik gozoena Izarra Tanatorioen jabeetako bat den Mikel Idoateren parte hartzea izan zen. Euskaldunak direla eta euskaldunak aintzat hartzen dituztela adierazi zuen, besteak beste. Hala da. Euskarazko arreta bermatzen dute euren tanatorio guztietan (zortzi orain arte), sei Nafarroa “baskofonoa” delakoan, baina beste bi Iruñea unionistek inguratuan. Izan ere, Iruñean asko dira “el tanatorio de los vascos” deitzen diotenak. Zerbitzu berritzaile eta ezberdina eskaintzen dute gainera. Lagun batek aipatu bezala, “Nafarroan hiltzeko gogoa ematen du” (ez oraindik baina).

Aintzat har ditzagun aintzat hartzen gaituztenak.

Bertako Izarrak

Oinezkoa

Zer duzu buruan “Bertako Izarrak”-ri buruz

  • Horrelako oinarriak dituzten negozioek abertzaleon leialtasun osoa merezi dute. Ez dakit Topagunea ote zebilen atzean, baina duela hilabete batzuk zerbitzua eta lana euskaraz egiten duten negozioen mapa eratzen hasi zirela uste dut. Gustatuko litzaidake horren berri jakitea, martxan badago (adibidez, Iruñeako Karrikiri elkarteak badu berea egina). Izan ere egundoko potentziala eduki lezakeen tresna litzateke, euskaltzaleontzako erreferentzia ezinbestekoa. Euskalgintzak euskaldunon komunitatea trinkotzeko horrelako proiektuetatik tira egin beharko lukeela iruditzen zait.

    Ongi esan baituzu “Nafarroan hiltzeko gogoa ematen du”
    Izan ongi