Bertatik bertara

Bertatik bertara

Ez nator eguraldiaz hitz egitera, izenburua irakurrita hori pentsa daitekeen arren.

Lehen sektorearen egoera ez da xamurra Euskal Herrian. Ormaiztegin adiskide talde bat elikadura burujabetzaren gaia lantzen gabiltza, eta pasa den astean hitzaldi bat antolatu genuen herrian, ekoizle, tekniko eta nutrizionistekin. Hitzaldira joan aurretik jakin banekien ez nituela datu positibo asko jasoko, ingurura begiratzea besterik ez dago; baina panorama gordina da, benetan. Hurrengo lerroetan irakurriko dituzuen datuak sei herriri buruzkoak dira: Legazpi, Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi.

Herri hauetan lehen sektorearekin lotuta ekoizten denaren %4a soilik kontsumitzen da; %96a kanpora bidaltzen da. Kontrako noranzkoan 5000km baina gehiago egin dituzten elikagaiak daude dendetako apaletan, eta kasu askotan eskualdean bertan ekoiztu diren produktu berak dira. Zahartze prozesu oso esanguratsua ari da ematen ekoizleen artean, eta belaunaldi erreleboa ez dago bermatuta. Bertatik bertaraGurean ekoizleen %68a 60 urtetik gorakoak eta gizonezkoak dira; baserrien titularren %12a da soilik 40 urte baino gazteagoa.

Egoera larri horretatik abiatuta sortu zen Bertatik Bertara ekimena, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean zubi lanak egiteko. Geroz eta taberna eta denda gehiago ari dira tokiko elikagaiak saltzen, eta horrek arnasa ematen die baserritarrei, nahiz eta oraindik bide luzea egon aurrean. Garai batean munduko pertsona guztiak ziren nomadak, eta pixkanaka joan ziren sedentario bihurtzen, teknika batzuk maneiatzen ikasi zutelako ziurrenik; baina nik uste humanitateak beti egin izan diola antzeko galdera bere buruari, eta beharbada ahazten ari zaigu. Zer zentzu du elikatzen ez gaituen lur batean bizitzeak?

Bertatik Bertarako teknikaria, baserritarra eta nutrizionista elkarrekin dabiltza proiektu batean murgilduta. Ezkio-Itsasoko eskolako umeei ematen zaien bazkaria tokiko elikagaiekin osatzen dabiltza ahalik eta neurri handienean; ahal bada eskualdekoa, eta bestela Euskal Herrikoa. Arestian aipatutako herrietan jada produktu sorta zabala topa daiteke: fruituak, barazkiak, ogia, haragi ezberdinak, esnea eta esnekiak, eztiak, marmeladak, arrautzak… Gurasoen, sukaldarien eta ekoizleen inplikazioa eskatzen du, baina lortu daiteke, baita herri handiagoetan ere. Markina-Xemeinek erakutsi digu hori, filosofia hau egunero 280 bazkari ematen dituen eskola batean aurrera eramanez. Sasoikoa, bertakoa eta ekologikoa erosten dute, eta ez da garestiagoa. Eusko Jaurlaritzak eskolako jangelekin daukan politikaz ere idatzi zuen Estitxu Izagirrek Argian pasa den abenduan.

Arraina ere bada menuaren parte, baina itsasoak ematen dizkigun elikagaiak ere zentzuz eta arduraz eraman behar dira platerera. Arrastre deituriko arrantza motan dabilen Europar batasuneko flotak, bataz beste, %70eko deskartea egiten du, hau da, bai neurrien, bai kalitate eta bai espezien arabera, portuetara iritsi baino lehen interesik ez duten arrainak itsasora botatzen dituzte, normalean hilik. Hau arrandegietan erostea ohiturik gauden (legatza, bakailaua, antxoa, rapea, txitxarroa, rodaballoa…) espezieak ez direlako gertatzen da, nahiz eta beste espezieak kalitate onekoak eta oso baliagarriak izan. Bestalde, azkenaldian, deskarte horiek piszifaktorietako arrainak elikatzeko irina egiteko erabiltzen dituzte, baina arrain bakoitza hazteko behar duten irina lortzeko, deskarteetako arrain kilo andana behar izaten da; beraz, ez du zentzu handirik. Arrantza beste modu batean egitea eskatzen ari da, esaterako, Ondarroa 12 mila ekimena, euskal kostan artisau arrantza mantentzeko 12 milako babes eremua zabaltzea eskatuz.

Garaian garaikoa jateak daukan garrantziaz mintzatu zen nutrizionista. Urtaroaren arabera gure gorputzeko organo batzuk lan gehiago izaten dute besteek baino, eta garaiko elikagaiek hobeto erantzuten diete uneko behar horiei.

Bertatik bertaraDenda, taberna eta eskolez gaindi, azken aldian indarra hartzen ari den beste esparru bat kontsumo taldeena da; Goierrin, egun, zortzi daude. Pertsona batek lurra landuz modu duin batean bizi ahal izateko aski omen dira 25 familia inguru; ez dakidana da familien datua horrela ematen denean familia nuklearra ote den erreferentzia, baina beno, 25 saskirekin lanpostu bat sor dezakegula gure herrian. Herritarren artean ehuntzen den sarea ere aintzat hartu behar da, nola aldatzen duen paisaia, lurrarekiko harremana… Baloreen sozializazio egokia eginez gero ez da hain zaila 25 etxe saskian sartzea; lehenengoak, behintzat!

Gurean landu beharreko ildoak, beraz, hiru dira: jangela kolektiboak, denda eta tabernak, eta azkenik, kontsumo taldeak. Borondate kontua besterik ez da, eta eraldaketa ekonomikoa, ekologikoa eta politikoa eraikitzen ariko gara pixkanaka gure herrietan.

Bertatik bertara

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.